Eusko Ikaskuntzak eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Herriko Etxeak 2025eko musika sariak banatuko dituzte bihar goizean. Aurten, ohorezko saria Benito Lertxundiri emanen diote, eta gazte saria, berriz, Txomin Dhers musikari urruñarrari. Sari banaketa bihar eginen dute, 11:30ean, Donibane Lohizuneko Peyuco Duhart kultur zentroan.
2021ean hasi zen Eusko Ikaskuntza Lapurdi hegoaldeko hiriarekin batera musika sarien banatzen. Aitzineko urteetan, musikari eta kantari ezagunak saritu dituzte: Mixel Ducau, Eñaut Etxamendi, Maider Martineau, Marina Beheretxe, Mixel Etxekopar eta Thomas Ospital. Sariak erabakitzen dituen epamahaian, besteak beste musika aditu eta aritu hauek aurki daitezke: Thierry Bizkari, Christian Larralde, Marie Hirigoien, Denis Laborde, baita Maurice Ravel akademiako kide bat ere.
Gazte sariari erranahi hau eman diote sariaren antolatzaileek: «Helburua da pertsona edo talde gazte baten ibilbidea baloratzea, musikaren inguruan lanean jarrai dezan». Ohorezko sariak, berriz, ibilbide oso bat saritzen du: «Pertsona ezagun baten ibilbide eredugarria edo bere ibilbidean musikaren ezagutza hedatu eta musikaren defentsan parte hartu duen pertsona talde bat sariztatzen du».
Txalapartaria eta mitoa
Bertako musikari batek hartuko du gazte saria: Txomin Dhersek. Aspalditik lantzen eta ikertzen du txalaparta Dhersek, eta ezaguna da txalapartari gisa, baina baita beste perkusio eta tekla jotzaile gisa ere. Gaur egun, Xiberoots, Mairu, Kimu edo, azkenetarik, Txaptrax taldeetan ari da. Txalapartari bezala, luzaz irakasle izan zuen Jean-Claude Enriquerekin aritu da, Ttikia eta Handia bikotea osatuz.
Harreman berezia dauka txalapartarekin Dhersek, harreman organikoa. Hala aipatu izan du Dhersek berak: «Bizitzeko molde bat da txalaparta. Munduan tresna bakarra da binaka bakarrik jotzen dena. Bestearekin hatsa hartzen ikasi behar da, besteari behatzen, besteari lekua uzten, eta beharrean hartzen. Txalapartan ari zarelarik, bizian bezala, elkarrekin bizitzen ikasi behar duzu». Txaptrax azken egitasmoan, musika elektronikoari txertatu dio txalaparta. Eusko Ikaskuntzak aurreratu du Dhers saritzeko arrazoia: «Urteetan haren izena agertzen zen proposamenetan, eta azken urteetan talde eta musika egitasmo frankotan parte hartu du txalaparta argira ekartzeko».

Benito Lertxundi ez da aurkezterik, eta, Orioko (Gipuzkoa) musikari-kantariak oholtza gaineko ibilbidea uzten zuela jakinarazi duelarik, Eusko Ikaskuntzakoek ez dute dudatu: «Ebidentzia gisara agertu da egin duen lana sariztatzea». Donibane Lohitzuneko sari hori, gainera, Ipar Euskal Herriarekin izan duen harremana azpimarratzeko ere bada. «Iparraldean asko ibili da —bereziki, Zuberoan—, eta beti kontzientziak eta hunkidurak zirikatzen ibili da». Lehen aldia da musika saria Hego Euskal Herriko musikari bati eman diotela. «Parada polita zen Euskal Herri osoa kontuan hartzeko», erran du Eusko Ikaskuntzak.