Une «gozoa» bizitzen dabil Goiatz Labandibar idazlea (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985). «Pozik, baina baita harrituta ere». Udazkenean kaleratu zuen bere estreinako nobela, Bekatua (Erein), eta, aurrez argitaratutako hiru narrazio bildumen eta poema liburuaren aldean, oihartzun handiagoa izaten ari da. Durangoko Azokan ale denak agortu ziren, esaterako —«halakorik ez nuen espero»—, eta gaztelaniara heltzear da orain, Irati Iturritzaren itzulpenean. Denbora bat da Labandibarrek testua idatzi zuela, ordea —2021eko Ramiro Pinilla eleberri laburren saria irabazi zuen harekin—, eta horrek liburuari begiratzeko beste perspektiba bat eman dio orain. Bi lan berri ditu bidean.
Nolakoa da testuarekiko gaurko perspektiba hori?
Bekatua urtetako lan bat izan da niretzat. Proba modura hasi nintzen, eta ez dut jarraitutasun batez idatzi. Hasieratik irudikatu nuen hemen kontatu nahi nuena ez zela narrazio labur bat, zerbait luzeagoa baizik, baina ez nekien gai izango ote nintzen, hasteko, nire interesari eusteko. Horregatik, beste gauza batzuk idazten nituen bitartean joan naiz idazten. Baina bukatu nuen, Ramiro Pinilla lehiaketa irabazi zuen, eta kaleratzerako beste bi urte pasatu dira. Hala ere, ez dut nigandik urrun sentitzen testua. Orain ere idatziko nuke.
36 urteko neska bat da protagonista, Garazi; 19 urteko mutil baten ohean esnatu berritan, bere bizitza auzitan jartzen hasten da. Norabide ugaritan hedatzen da narrazioa, baina zein izan zen iturburua?
Lagun batek, bere insomnio gau baten ondoren, esan zidan horri buruz idatzi beharko nukeela —idazleon lagunek badute gaiak proposatzeko joera hori, ez?—. Hor geratu zen, baina gerora bai ikusten dut une hori abiapuntuan: kontatu nahi nuen halako momentuetan nola aritzen den gure burua itxuraz koherentziarik ez duten gauzen artean saltoka. Horrek askatasuna ematen zidan ia edozeri buruz idazteko, eta hori ona zen, baina arriskutsua ere bai; ideia solte batzuk izan zitezkeelako, eta hori ez da narrazio bat. Azkenean, krisi existentzial edo aje emozional txiki baten kontakizuna da egin dudana.
Bakarrizketa bat da, baina hirugarren pertsonan kontatu duzu. Nolatan hori?
Zati bat probatu nuen lehenengo pertsonan, baina azkenean hirugarrenaren alde egin nuen, lehenengoan tonua aldatzen zelako. Askoz zigortzaileagoa bihurtzen zen, dramatikoagoa. Bazirudien Garazi ohe hartan esnatzea munduaren bukaera zela, eta ez nuen ez nik ez irakurleak epaituko zuen pertsonaia bat sortu nahi. Justu kontrakoa. Enpatia bilatzen nuen. Garazi edozein izan daiteke, batez ere, adin tarte batean dagoena. Uste dut lehenengo pertsonan ez zuela funtzionatuko tarteka erabili dudan ironiak ere.
«Gauza asko ditugu herentzian jasotakoak, eta bakoitzak horren barruan ditu bere bekatuak».
Bekatua izena jarri diozu lanari, eta halako batean narratzaileak zera dio: «Garaziren garaian ere bekatuak sexuarekin du zerikusia». Orain ere halako pisua du sexuak?
Bai. Aldatu dira gauzak —bizimoduak, sexualitatea...— baina, era berean, gaurko gizarteak ere baditu bere moralak, eta horren arabera epaitzen du. Garazik badaki egin duena berez gaizki ikusita dagoela, baina horrekin jolasten du, eta badago eboluzio bat tonuan. Ulertu nahi du zergatik egin duen egin duena. Nire irudipena da benetan garen baino modernoagoak garela uste dugula, gizartean oro har, eta baita belaunaldi honetan ere, Garazirenean. Gauza asko ditugu herentzian jasotakoak, eta bakoitzak horren barruan ditu bere bekatuak.
Goiz horrek aukera ematen dio Garaziri pentsatzeko zer distantziatara dagoen bere desiretatik, zenbateraino eraman duten inertziek. Hor arakatu nahi zenuen?
Garazirentzat inpasse une bat da. Pentsatzeko aukera bat nola bizi den, zergatik, nolakoak diren egiaz bere harremanak... Baina bera ez da oso irmoa hainbat gauzatan. Zalantzari aukera asko uzten dizkio, eta kontraesanak onartzen ditu, bereak eta besteenak. Sortu izan banu pertsonaia bat oso berezia edo oso librea dena, beste bizimodu bat izan duena, edo bikote harreman libre bat duena, adibidez, irakurleak beste distantzia batetik hartuko luke. Eta nik neska arrunt bat [komatxoak egin ditu eskuekin] sortu nahi nuen.
Irakurle «arrunta» izan duzu buruan, beraz?
Bai. Uste dut bizitzan denok uste duguna baino erabaki gutxiago hartzen ditugula modu kontziente batean. Denak uzten garela, neurri oso handi batean, eramaten. Ez dakit uzten garen ala sistemak eramaten zaituen. Baina uste dut Garazik kontatzen duen zurrunbilo hori gehiengoaren errealitatea izango dela.
Garazik eta Asierrek «harreman parekide bat eraiki dutela uste dute». Sakonago begiratuz gero, baina, ustezko oreka hori Garaziren kontrara erortzen da; oroitzean zeinek berritzen duen etxeko garbiketen taula, zeinek daraman eraztun baginala...
Publikoki hitz egiten ez diren gauzak dira. Igual asko esatea da, baina uste dut alde hori badela belaunaldi baten isla ere. Lehengoan irakurtzen nuen: gizonezko batek pixka bat eginda, nola orain artekoa baino gehiago izango den, badirudi izugarri dela. Baina balantza ez da orekatzen pixka bat eginda. Garazi horretaz ere ohartzen da; eta bere bizitzari begiratzea bada, aldi berean, gizarte honi begiratzeko modu bat. Uste dut badela harremanak, ez soilik bikotekideen artekoak, zalantzan jartzeari buruzko nobela bat ere.
«Idealizaziotik deslilurara doan belaunaldi bat da, ziurrenik, liburuan erakusten dena»
Garaziren belaunaldia ez da konformista samar erretratatzen? Haren helburu bakarra «funtzionario izatea» dela aipatzen du narratzaileak, adibidez.
Idealizaziotik deslilurara doan belaunaldi bat da, ziurrenik, erakusten dena. Eta uste dut Garazirena badela hortik asko daukan belaunaldi bat. Aurrekoei eta ondorengoei ere begiratzen zaie nobelan, eta Garazi belaunaldien continuum horretan erdian kokatzen da. Inor ez gaude hemen derrepentean, denok jasotzen ditugu aurrekoen zein ondorengoen eraginak.
Amatasunak ere badu lekua kontakizunean, eta ardatzean jarri zenuen gaia Amez aurreko narrazio liburuan ere (2022). Zer eman dizu azkenaldian hartaz pentsatzeak?
Une batean bi liburuen idazketek bat egin zuten. Baina uste dut batez ere hemen agertu behar zen gai bat zela, pertsonaia sinesgarri egiten duelako. 36 urteko emakume bat, urtetako bikote harreman heterosexual bat duena, ez bada ama, gaur, Euskal Herrian, behin baino gehiagotan galdetuko diote zergatik, edo, zuzenean, noizko.
2013an kaleratu zenuen lehen liburua. Nola joan da ordutik honako bidea?
Hamar urte hauetan gauza asko ikasi ditut; uste dut hobeto idazten dudala, eta horretarako aurreko lan guztiak beharrezkoak izan direla. Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak-eko esperientzia [idazlearen lehen lana] gogorra izan zen, baina ondorengoak ezberdin bizi izan ditut. Oso txiki sentitzen naiz plaza horretan oraindik, baina gustuko dudan plaza bat da.
Interes literarioak aldatu zaizkizu?
Idazle bezala ala irakurle bezala?
Idazle bezala, adibidez.
Ez nuke esango. Idaztera gauza txikiek eramaten naute askotan. Hemen eta gaur horretatik abiatuta idazten dut, ez naiz oso bestelako munduetara joaten. Eta irakurtzen ditudan beste lanek ere eramaten naute burua martxan jartzera eta nire proiektu propioak bideratzera. Irakurle bezala, beti izan naiz oso irekia, eta hala naiz oraindik ere.