«Eraikitzen ari garen sistema kulturala kapitalismoaren parametroetan eraikitzen ari da, asimilatzen gaituen erdal sistema maioritarioaren parametro beretan». Tonu mikatz horretan idatzitako gogoetaz beteta dago Beñat Goitia Gerenabarrena Bennizze musikariak idatzitako Euskal Musikagintza SL artikulua. Harena da kulturgintzak 2024an emandakoa aztertzeko Jakin aldizkariak kaleratu duen zenbakiko bi artikulu nagusietako bat, eta, hasi eta buka, ezin kritikoago mintzo da Euskal Herrian nagusitzen ari den kultur ereduarekin. Haren hitzetan, «suntsitzailea» izan baitaiteke euskal kulturarenaren neurriko esparru batean. «Komunitate minorizatu batek biziraun nahi badu, ezin ditu kapitalismoaren parametroak bere horretan erreproduzitu. Bereizkeria eta berdintasun eza ekarriko ditu horrek, mainstream ez den guztia desagertzeraino». Euskal literaturaren egoerari buruzko ikuspegi kritikoa azaldu du Irati Jimenez idazleak ere aldizkariko beste testu nagusian, eta, horrez gainera, kultur arloko beste zortzi egileren iritzi laburragoak ere bildu dituzte 265. zenbakirako. Pieza bana idatzi dute Irati Elorrietak, Galder Unzaluk, Amets Arangurenek, Andoni Imazek, Irati Majuelok, Mikel Ayllonek, Iraitz Mateok eta Garazi Ansak, eta, bestetik, euskal liburugintzaren 2023ko datuak ere aztertu ditu Xabier Eizagirrek.
«Durangoko Azokan komunitate baten irudia ematen saiatzen ari gara. Baina Topean dauden bost izarrek diskoak sal ditzaten, gainerako guztiak figurante lanetan ari gara». Musikagintzan hasi zenetik hona lehen eskutik bizitakoak bildu ditu Goitiak bere artikuluan, baina egoera orokorragoaz gogoeta egiteko baliatu ditu bizipen horiek. «Ultrakapitalismoaren legea ezarri da gurean ere», azaldu du. «Globalizazio basatia iritsi da. Minoritarioa dena are minorizatuago dago. Hurkoa garaitzea da helburu bakarra. Llados. Eta euskaldunok azken hamarkadetan izerdi eta sufrimendu handiz eraikitako sistema guztia korrontea babesten eta elikatzen ari da. Gu ere mainstream-aren bilaketa itsuan sartu gara. Euskalmainstream-a da gurea, bai, baina mainstream-a. Eta baztertua den komunitate txiki batek ez du mainstream-ean jokatzeko gaitasunik».
«Gu ere 'mainstream'-aren bilaketa itsuan sartu gara. 'Euskal mainstream'-a da gurea, bai, baina 'mainstream'-a. Eta baztertua den komunitate txiki batek ez du 'mainstream'-ean jokatzeko gaitasunik»BEÑAT GOITIAMusikaria
Goitiaren ustez, «komunitate indartsu eta normalizatu batek» ere beharrezko ditu musikari, idazle zein politikari nabarmenduak. «Baina nabarmendutako horiek soilik babesten dituen sisteman, komunitaterik ez». Eta, hain zuen ere, hori gertatzen dela salatzen du egileak.
Parte hartze aktiboa
Last Tour enpresa aipatzen du adibide modura Goitiak. «Haiek dira handien eta nabarmenen. Baina haien orbitan eta molde beretan ari dira gainerako anai-arreba txikiak. Euskaldunago edo erdaldunago, handiago edo txikiago, koherenteago edo gutxiago, baina egun euskal kulturgintzaren osotasuna izen-abizen batzuen esku dago». Eta jarraitzen du. «Alu eta zakil janean oinarritzen den eszena bat garatu dugu. Horren lagun ez bazara, akabo, kontzerturik ez, berak mugitzen baitu Bizkaia guztia». Eta antzera Gipuzkoan. Eta antzera Euskal Herri osoan.
Gaztea irratiak egiten duen lana ere ez da egokia, musikariaren hitzetan, eta kritiko mintzo da eszenan nagusitzen ari den hizkuntza hautuei buruz ere. Horregatik txarresten du, esaterako, 2023an MIN sarietan euskarazko disko onenaren saria Izarori eman izana, Cerodenero lanagatik. «Izarok Espainiako, Euskal Herriko, munduko... pop diskorik onenaren saria merezi du. Eztabaidaezina den lana eta merezimendu osokoa egiten ari da, hemendik nire miresmenik handiena. Baina, Cerodenero izena duen disko bati, erdia gaztelaniaz duen disko bati, Euskarazko Disko Onenaren saria ematea umiliazioa da gainerakoentzat».
Parte hartze aktiboa da irtenbidea, Goitiaren hitzean. «Parte hartze aktiboak eragiten du pertenentzia sentimendua, zerbaiten parte izatearen sentimendua». Eta urrunago darama ideia gero. «Beharrezkoak dira Eusko Jaurlaritzaren plan estrategikoak, kulturgintzan diru publikoaren finantzabideak ezinbestekoak diren bezala. Baina ezin dira izan herriaren etorkizunaren gidari, gidaritza sozialaren gabeziak kapitalismoaren ibilbide naturala baitakar berez. Lema herri ekimenak gidatu behar du. Denak ala inor ez».
Dinamika sektarioak
Pasarte mikatzak ditu Irati Jimenezen artikuluak ere. Honako hau, esaterako: «Irakurlearekin akordatzen ez diren idazle gehiegi daudela eta idazle gehiegirekin akordatu ere egiten ez den sistema literario bat daukagula». Haren artikuluak zabaltzen du aldizkaria. Begiak zabalduko zaizkizue (2021) bere saiakera du abiapuntu testuak, zeinak Euskadi saria irabazi baitzuen, eta hura argitaratu ostekoen bidez egiten du euskal literaturaren egungo egoerari buruzko analisia. Dioenez, liburuan esan bezala, oraindik ere «hotz» egiten du euskal literaturan. «Nire liburuak argitaratzen hasi nintzenean joera handiegia zegoen hasiberriei egurra emateko, emakumeoi bereziki. Baina orain ohitura dago kasurik ez egiteko. Ez hasiberriei ez beteranoei».
«Nire liburuak argitaratzen hasi nintzenean joera handiegia zegoen hasiberriei egurra emateko, emakumeoi bereziki. Baina orain ohitura dago kasurik ez egiteko. Ez hasiberriei ez beteranoei»
IRATI JIMENEZIdazlea
Irakurle taldeek ere kezkatzen dutela azaltzen du Jimenezek artikuluan. «Azken urteotan, ugaldu egin dira irakurle taldeen ardura hartu duten idazleak, eta ez dut uste ondorioak onak izan direnik. Geure dinamika sektarioen, geure lagun kuadrillen eta geure manien parte egin ditugu irakurleak. Gatekeeper bihurtu gara, irakurleen basa-herrian atezainak gara, eta inbaditu egin dugu literaturak duen soberaniazko territorio librerik inportanteena».
Eta horrez gainera, idazlea kritiko azaldu da Euskadi sariekin, bai eta nobelagintzak azkenaldian hartu duen nondik norakoarekin ere. «Gaur egun esperimentu askotxo egiten dira nobelaren alorrean, baina irudipena daukat abangoardista izan nahi dugula gauzarik oinarrizkoenak egiten dakigula frogatu baino lehen». Eta, horregatik, bereziki larria iruditzen zaio egileari Jon Alonsok sekula Euskadi saririk ez jaso izana. Jimenez hitzetan, «nobelista bikaina» delako, hain zuzen ere.
Zazpi irudigileren lanak ere bildu ditu aldizkariak zenbaki berrian. Ondorengoenak, zehazki: Mariñe Arbeo, Eider Eibar, Adur, Axpi, Joseba Larratxe, Exprai, Dani Fano eta Maite Caballero. Orri beteko irudi bat sortu du haietako bakoitzak.
Liburu gehiago, literatura gutxiago
Irati Elorrietak Adania Xibli idazle palestinarraz idatzi du, Frankfurteko Azokan eman behar zioten eta gero ukatu zioten sariaren aitzakian. Galder Unzaluk Bilboko hiri eredua aztertu du. Arte esparruak eman duena aztertu du Garazi Ansak bere artikuluan, aurten ospatutako Nestor Basterretxearen eta Eduardo Txillidaren mendeurrenen harira, eta musikagintza, zinemagintza, literatura, arte eszenikoak eta bertsolaritza landu dituzte, hurrenez hurren, Amets Arangurenek, Andoni Imazek, Irati Majuelok, Mikel Ayllonek eta Iraitz Mateok.
Horrez gainera, Xabier Eizagirrek 2023ko euskal liburugintzari buruzko datuak bildu ditu, Joan Mari Torrealdaik 1976an abiatutako ikerketa bideari segida emanez. Artikuluan zehazten denez, esaterako, inoiz baino liburu gehiago argitaratu ziren 2023an: 2.791 guztira, nahiz eta helduen literaturak beherakada handia izan zuen: 2022an baino %26 txikiagoa izan zen helduentzako literatur lanen multzoa 2023an.
Itziar Ugarte Irizar BERRIAko kazetari eta idazleak Oskar Alegria zinemagileari egindako elkarrizketa ere badakar aldizkariak, Jakin filosofatzen atalean.