Beñat Arruti Irigoienek irabazi du idazle gazteentzako Donostia Kultura poesia lehiaketa, Arkeologia haragitan lanarekin. Horrenbestez, 1.000 euroko saria eta Imanol Larrinagaren margolan bat jasoko ditu, eta Balea Zuria argitaletxeak poema liburua kaleratuko du ekainean.
Eli Tolaretxipik, Itxaro Bordak eta Aritz Gorrotxategik osatutako epaimahaiak adierazi duenez, «aipuz eta irakurketaz ondo hornitua dator» poema bilduma, eta «trebeki uztartzen ditu gogoeta eta hizkuntzaren distira». Eta gaineratu du: «Berezko erritmoa eta musika darie poemei, aisa irristatzen dira irakurlearen belarrietan, eta lan handia dago doitze horren atzetik. Lan orekatua eta koherentea da oro har, estilo eta tonu aldetik batasun handikoa».
Epaimahaikideek zehaztu dutenez, ezleku kontzeptua lantzen du hainbat poematan Arruti Irigoienek, gainbehera eta maitasuna, poesiari eta hizkuntzari buruzko kezkak. «Askotariko paisaia eta giroak uztartuz doa, barnekoak zein kanpokoak, naturaren ingurukoak zein urbanoak. Hizkera hanpaturik gabe egiten du aurrera, leun baina zorrotz, argitasunez, eta, aldi berean, alde ilunen arrakalak bilatuz».
Halaber, aurtengo lehiaketan maila «oso altua» egon dela azaldu du epaimahaiak: «Lan irabazle bat aukeratu da, baina oso gertu egon dira beste bi lan hauek: Ahizpa beltza eta Hiria, diglosia, bakardadea».
Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen Psikologia ikasketak Arruti Irigoienek, eta Ikerketa eta Esku Hartze Psikosozialeko Masterra egitera joan zen Bartzelonara gero. Egun, adimen urritasuna dutenekin ari da lanean, Zarauzko eguneko zentro batean (Gipuzkoa). Hauxe izango da argitaratzen duen lehen literatura lana.