Hemendik aurrera idazle gisa izendatuko dute Beñat Arruti (Zarautz, Gipuzkoa, 1999): «Idazle bat liburu bat argitaratzen duenean bihurtzen da idazle», aipatu du Aritz Gorrotxategik, Balea Zuria argitaletxeko editoreak. Izan ere, lehen poesia liburua argitaratzeko aukera izan du, Donostia Kulturak eta Balea Zuriak antolatzen duten Donostia Kultura poesia saria irabazi ostean. Zazpigarren aldiko garailea izan zen, eta Arkeologia haragitan liburua aurkezteko aukera izan du.
Hamabost lan aurkeztu ziren sariketara. Eli Tolaretxipik, Itxaro Bordak eta Aritz Gorrotxategik osatutako epaimahaiak, besteak beste, «aipuz eta irakurketaz ondo hornituta» egoteagatik, eta gogoeta eta hizkuntzaren distira «trebeki» uztartzeagatik saritu zuten Arrutiren lana. Datorren irailean irekiko dute Donostia Kultura poesia sariko zortzigarren aldiko izen ematea.
Zarauztarrak psikologia ikasketak egin zituen, eta, egun, adimen urritasuna duten pertsonekin egiten du lan eguneko zentro batean. Haren ikasketek isla zuzena dute idatzi dituen poemetan. Idazleak esan du mina dela liburua lotzen duen elementua: «Psikologiak gerturatu dizkit mina eta dolua, eta poesiarekin dudan harremana ere bertatik garatu da». Hala ere, min hori ez da tristuratik garatzen, Gorrotxategik gehitu duenez: «Mina beste modu batera zeharkatzea lortu du».
«Zulotik irtetea»
Liburuaren hasieran poemak sakonagoak direla azaldu du egileak, eta aurrera egin ahala begirada zabalduz doala. Hiru zatitan banatuta dago Arkeologia haragitan. Lehen atalak Hotzikarak du izena. Psikologiara gehien gerturatzen diren testuak daude atal horretan, eta, Arrutiren esanetan, «sakonenak». Afektuari egin nahi izan dio erreferentzia Kilimak kapituluan; pertsonei, lekuei zein garaien dien afektuari hain zuzen. «Apur bat nostalgiatik jo dut», esan du.
Ordura arte idatzitako poemak apur bat «nartzisistak» geratu zitzaizkiolakoan —gehienbat idazlea bera delako fokua—, azken atalean ikuspuntu arrazionalagotik lantzea erabaki zuen Arrutik. Bartzelonan bizi izan zen denbora batez, master bat ikasten zuen bitartean, eta han ikusi eta bizi izandakoak kontatu ditu Azkura kapituluan. «Kanpora begira jarri nahi nuen, eta hirian ikusi nituen kontrasteak eta miseria azaleratu nituen», gehitu du. Liburuaren izenburuak berak ere kanpora atera izan horri egin nahi izan dio erreferentzia; «zulotik irteteari», idazleak esan duen moduan.
«Psikologiak gerturatu dizkit mina eta dolua, eta poesiarekin dudan harremana ere bertatik garatu da».
BEÑAT ARRUTI Idazlea
Duela urte eta erdi inguru hasi zen Arruti liburua egituratzen. Poemak idatzita zeuzkan, baina oraindik ez zekien liburuaren egitura zein izango zen. Horregatik, testuak behin eta berriz berridazten ibili dela kontatu du, lanaren muina zein izango zen erabaki arte. Prozesu horretan poemak «asko» aldatu direla azaldu du.
Poemetako batzuek beste idazle batzuen aipuak dituzte hasieran. Ez dira nolanahi aukeratutakoak, idazketa prozesuan egilearentzat «erreferenteak» izan diren horiek baitira: Hedoi Etxarte, Leire Vargas, Elvira Sastre, Alejandra Pizarnik... «Poemaren eta aipuaren artean dialektika egotea nahi nuen; testuaren osagarri izatea». Hitzaurrea idazleak berak idatzi du, eta Arkeologia haragitan idaztearen prozesua azaldu nahi izan du. «Making of moduko bat da», esan du Balea Zuriako editoreak.
Poesiaren inguruko interesa
2018an antolatu zen lehen aldiz Donostia Kultura poesia saria. Gorrotxategik aipatu duenez, 2008ko krisiaz geroztik gazteek poesiaren inguruko zaletasuna bazutela sumatu zuten argitaletxean, eta lehiaketei balioa emateko apustua egin zuten. Esan du sariketa horren gauzarik ederrenetako bat dela gazteei —35 urtetik beherakoentzako da— liburu bat argitaratzeko ematen zaien aukera.
«Nahiz eta oso garai likidoan gauden, oraindik liburuek balioa dute», esan du editoreak. Haren ustez, «analogikoaren mendeku txiki bat» da fenomeno hori. Gorrotxategi pozik dago, liburuek kontzeptu gisa pisua dutelako.