Ben Digiacomo zinemagilearen azken lanak zabalduko du Dock of the Bay, astelehenean

Ekainaren 17tik 22ra arte eginen dute Musika Dokumentalen Donostiako XVII. Zinema Jaialdia. Hamabost film lehiatuko dira sail ofizialetan: zortzi film luze eta zazpi film labur. Gorka Urbizuri buruzko erakusketa bat ireki dute.

(ID_17183620135835) Bad Like Brooklyn Dancehall  filmeko irudia
Ben Digiacomo zuzendariaren 'Bad Like Brooklyn Dancehall'  filmeko irudi bat. DOCK OF THE BAY
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko ekainaren 14a
13:10
Entzun

Astelehenean ekinen diote Musika Dokumentalen Donostiako Zinema Jaialdiaren XVII. aldiari. Ben Digiacomo zuzendariaren Bad Like Brooklyn Dancehall dokumentalak zabalduko du egitaraua –lehiaketatik kanpo dago–. Dancehallearen bilakaerari buruzkoa da, batik bat nabarmentzen duena genero horrek «zubi kulturalak» eraiki zituela 1970eko hamarkadatik aitzinera Jamaikaren eta New Yorken artean. Eta, hala, film horren kontaerak eta erritmo dantzagarriak abiatuko du aurtengo Dock of the Bay, eta, segidan, egunez egun eta txandaka, emanen dituzte beste hemeretzi dokumental. Zinema eta musika txirikordatuko dutenak, den-denak. 

Ekainaren 22ra bitarte, askotariko jarduerak biltzen baititu festibalaren egitarauak; betiere, filmak direla protagonista. Aurten, guztira hogei dokumental emanen badira ere –Trueba zinema aretoetan, Tabakaleran eta Antzoki Zaharrean emanen dituzte–, hamabost izango dira lehian sail ofizialetan, film luzeen atalean eta film laburrenean: zortzi eta zazpi lehiatuko dira, hurrenez hurren. 

Adibidez, film luze hoberenaren saria irabazteko norgehiagokan ariko dira Rocio Martinen Fernanda y Bernarda eta Heiko Lange eta Gudrun Guten GUT –azken horrena mundu mailako estreinaldia izanen da–. Sail horretan dago Jeff Dupre zinemagilearen This is a Film About The Black Keys lana ere. Hori asteazken iluntzean emanen dute –21:00etan–, zuzendaria bertan izanen da, eta hitzaldia emanen du gero. 

Lehiatik kanpo, Digiacomoren lana ez ezik beste lau film ere emanen dituzte festibalean, Perfect Day izeneko atalean: hala nola Franco Battiatori buruzko dokumental bat eta Cyndi Lauper pop izarraren ibilbideari buruzko beste bat. 

Ohi bezala, jaialdiak musika emanaldiak eta solasaldiak ere antolatu ditu. Esaterako, bi kontzertu izanen dira Tabalakeran; ekainaren 19an bata, eta 20an bestea. Diego Vasallo eta Kokoshca arituko dira, hurrenez hurren, biak ala biak 21:00etatik aurrera. 

Urbizuren leihoa

Urbizu hasiera bat.
Gorka Urbizu 'Hasiera bat' diskoa sortzen ari zeneko irudi bat. IBAI ARRIETA

Festibalak nobedade bat dakar aurten: erakusketa bat, Gorka Urbizuri buruzkoa. Zehazki, musikariak bere bakarkako lehenbiziko diskoa –Hasiera bat (2024)– sortzeko eginiko prozesuaren zenbait alderdi bistaratzea du helburu erakusketak. Kantu bildumaren aurkezpen birako kontzertuen prestaketari eta haiek estreinakoz taularatu zituzten aldiei begirakoa da batez ere, eta Ibai Arrieta del Picoren argazkiak eta Alexander Cabeza Trigg zinemagilearen ikus-entzunezko piezak dira elementu nagusiak. Janela. Leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora begira jarri diote izenburu erakusketari, eta uztailaren 14ra arte izanen da ikusgai, Koldo Mitxelena Kulturunean. 

Aurten, Gorka Urbizu da, hain justu ere, Dock of The Bay jaialdiaren Film Luzeen Sail Ofizialeko epaimahaiko kideetako bat. Hiru dira: Josetxo Cerdan historialari eta zinema ekoizlea eta Mariona Borrull zinemagile eta zinema kritikaria ere ariko dira Urbizurekin jardun horretan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.