Literatura. (H)ilbeltza

Beltzaren ertzetan, morea

Literaturak eta zinemak emakumeei buruz zabaldutako klixeak hizpide izan dituzte Iratxe Fresnedak eta Irati Jimenezek '(H)ilbeltza' euskal nobela beltzaren astean.

Arantxa Iturbe, Irati Jimenez eta Iratxe Fresneda, atzo Elizondoko Arizkunenea kultur etxean emandako hitzaldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Elizondo
2018ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Raymond Chandlerrek zehatz-mehatz azaldu zituen nobela beltz baten heroiak izan beharreko ezaugarri eta bertuteak: «Kale anker hauetan behera dator gizon bat; berez ankerra, ustela edota koldarra ez den gizona. Bera da heroia; bera da dena. Gizon osoa izan behar du, gizon arrunta eta, aldi berean, ezohikoa. Esaldi higatu bat erabiltzearren, ohorezko gizona izan behar du».

Patroi horren arabera josita daude literatura eta zinema beltz klasikoko heroi gehienak. Detektibearen arketipoa da. Azala orbain fisiko eta psikologikoz gogortua duen gizon zintzo eta ausarta. Heroiaren definizio horretan, baina, zein da emakumeei erreserbatutako rola? Estereotipoak aukera ematen al du emakumezko pertsonaia interesgarriak eta erreferente berriak sortzeko? Gisa horretako galderak planteatu zituzten atzo Irati Jimenez idazleak eta Iratxe Fresneda EHUko irakasleak, Beltzaren estereotipoak literaturatik ikus-entzunezkoetara izenburuko mahai inguruan.

Elizondon (Baztan, Nafarroa) egiten ari diren (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren asteko azken-aurreko hitzordua izan zen atzokoa —gaur dute azken eguna—, eta leporaino bete zen Arizkunenea kultur etxea, Fresnedaren eta Jimenezen arteko solasaldia entzuteko. Arantxa Iturbe kazetaria aritu zen moderatzaile lanetan.

XX. mendeko zinema beltza hartu zuen ardatz gisa Irati Jimenezek; batez ere, Holywoodeko estudio handiek 1930eko, 1940ko eta 1950eko hamarkadetan ekoitzitako filmak. Generoari dagokionez, «oso mugatua» zen emakumeei erreserbatutako espazioa, eta gehienetan, bi arketipotan hezurmamitzen zen: femme fatale-a eta biktima errukarria. «Andre otzana ala puta, birjina ala emagaldua. Heroiak salbatu beharreko emakumea, ala galbidera eramanen duena».

Emakumeen eta generoaren ikuspegi atzerakoi eta hertsia izanagatik, baina, garai hartako pelikula beltzei bizkarra ez emateko deia egin zuen Jimenezek: «Badira elementu asko film beltz klasikoetan, erreskatatu eta aldarrikatu daitezkeenak». Besteak beste, femme fatale-aren arketipoa «oso interesgarritzat» jo zuen idazleak. «Zinemagintza klasikoak femme fatale katalogo aberatsa eskaini zuen. Egia da pelikula horiek kondenatu egiten zituztela emakume independenteak, sexua erabiltzen zutelako eta arriskutsuak zirelako. Kontuz emakumeekin! Hori zen pelikuletako tesi nagusia. Baina, era berean, pertsonaia liluragarri gisa aurkezten zituzten».

Jimenezen arabera, femme fatale-a emakume «indartsua, azkarra eta heldua» da: «Badu modua gizon bat hiltzeko edota galbidera eramateko». Horregatik, film beltz klasikoei boikota egin ordez, «begi kritikoekin» so egitea proposatu zuen. «Betaurreko moreak jantziak ditugula ikus ditzakegu. Emakumeak ez gara haurrak, eta gai gara film batekin gozatzeko, mezuarekin ados egon ez arren. Patriarkatuak zeharkatzen ditu pelikula hauek, egia da, baina badituzte elementu interesgarri asko. Gure begirada zenbat eta feministagoa izan, orduan eta feministago bihurtuko da pelikula bera ere».

Eskandinaviako eredua

Iratxe Fresnedak, berriz, telebistarako propio ekoitzitako telesailak izan zituen mintzagai atzoko mahai inguruan. Zehazki, Forbrydelsen (Krimena) eta Brön/Broen (Zubia) Danimarkako telesailak hartu zituen abiapuntu gisa. Genero beltzaren ohiko elementuak erabiltzen ditu Eskandinaviako fikzioak: hilketa bat, iragan gatazkatsua duen detektibea, eta Raymond Chandlerren tradizioko hiri paisaia ilun eta arriskutsuak.

Elementu horietako batzuk irauli egiten ditu, ordea. Generoa, esate baterako. «Emakume detektibeak muturreraino dira independenteak, ez dute bizitza pertsonalik, eta beren helburu bakarra hiltzailea harrapatzea da; gainera, biek dute gizonezko laguntzaile bat, sentibera eta ahula. Ohiko ereduen errepikapena da, baina ikuspuntuak aldatuta».

Iraultza hori azalekoa dela uste du Fresnedak. «Gizonezkoei egokitutako ezaugarriak emakumeei ematea transgresorea da berez? Moldeak apurtzen ditu? Nik ezetz uste dut. Betiko istorio klasikoak dira». Hala ere, «ereduen errepikapen hutsa» izanagatik, nordic noir berria «oso gozagarria» da, EHUko irakaslearen ustez. Eta aukera emanen du genero beltzaren arketipoez eztabaidatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.