Beltzaren beste bi aldaera

Txomin Badiolaren 'Barrez lehertzen naiz, penaz hiltzen naiz' eta Karlos Martinezen 'Black patterns' erakusketak hartu ditu Bilboko Carreras Mugica galeriak. Maiatzaren 7ra arte egongo dira ikusgai

Karlos Martinez, zailen suertatu zaion eskulturari so, Bilboko erakusketan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Beltza gailentzen da Bilboko Carreras Mugica galeriako atondoan, aretoko lehen erakusketan. Orobat da nagusi bigarren erakusketan ere, nahiz eta, kasu horretan, beste koloreen ñabardurak ere agerikoak izan. Horma zurietan nabarmen egiten dute kontrastea galerian berriki ikusgai jarri dituzten piezek. Karlos Martinezen Black patterns erakusketakoak dira aurrenekoak, halabeharrez ilunak, materialek —kautxuak, larruak eta gomak— hala baldintzatuta. Txomin Badiolaren Barrez lehertzen naiz, penaz hiltzen naiz bilduma dute alboan, eta izenburuak aditzera ematen duen kontraesan bera islatzen da piezen kolore ugarietan ere, beltzak besteei protagonismoa kendu arren, hein batean. Bi erakusketak maiatzaren 7ra bitarte bisitatu ahal izango dira.

Badiolaren kasuan, ausazkoa izan da beltzaren eta zuriaren «nagusitasuna», ez baitiote «erantzutenhasierako planteamendu bati», artistak adierazi duenez. Erakusketa beltzegi geratzen ari zitzaiola begitandurik, kolore fosforeszenteak sartzea otu zitzaion, «kontrapuntu» gisa. Hasierako plan zehatzik gabe, prozesuko ezustekoen eskuetan egotea: hala suertatu zaizkio koloreak oraingo honetan, baina, era berean, hori da lan egiteko duen irizpide orokorra. Izan ere, «ideia batetik abiatuta egiten den artearen kontra» dago Badiola. «Nire lan egiteko modua ez da ideia batetik abiatzea eta hori mamitzea. Lan prozesu batean sartzen zara, eta prozesu horrek sortzen du zeozer. Gauzak esateko ahalmena bukaeran izaten du piezak, ez hasieran. Ideiarekin bukaeran egin behar duzu topo».

Horiek horrela, artelan bat ontzeko bidea beti da «asaldatua, inoiz ez harmonikoa», artistak azpimarratu duenez: «Badakit hasi eta gutxira porrot egingo dudala, eta porrot horretan egongo dira aurrera egiteko argibideak. Azkenean, porrot pilo bat izango ditut, baina nahi dudan tokian egongo naiz. Gorabehera horiekin lan egiten ikasi behar da». Artistak aldarrikatzen duen prozesuak, ordea, kimu ugari baztertzea eragiten du, eta hala gertatu zaio Badiolari artean daramatzan 40 urteetan. Estudioan zokoratutako atal horietan oinarritu du erakusketa hau, hain zuzen, eta horietatik abiatuta ondu ditu Carreras Mugican erakusten ari den bederatzi eskulturak: «Kasu honetan, ertzean geratutako zatiei konponbidea ematea erabaki nuen, ez aurreko proiektuen atalak balira bezala, baizik eta lan berrietarako material gisa».

Besteak beste, eskaiolazko irudiak, zurezko xaflak eta olerki bat osatzen duten bost koadroko multzo artistikoa batu ditu Badiolak aretoan, inolako helbururik gabe: «Prozesuaren barruan sortuz joan denaren bilduma antzeko bat» deritzo artistak, zehazki. Zoriaren esku egon da osaketa ez ezik baita gauzatzea bera ere, erakusketa hasi baino sei hilabete lehenagora arte ez baitzuen egingo zuelako inolako bermerik. «Erakusketa hau ez du ezerk bultzatu. Irailean ez nekien erakusketarik egingo nuen. Lanean hasi nintzen, eta gauzak ateratzen hasi ziren». Sei urte lehenago osatutako eskaiolazko pieza bati heldu zion aurrena, baina, kurioski, eskultura denetan azkena izan da bukatzen. Pieza horrek eman dio buruhauste gehien. «Horizontalean zihoan hasieran, gero bertikal jarri nuen, asto batzuekin altxatu nuen gero... Ez nuen ideiarik ere obra honek hala bukatuko zuenik».

Egokitutako aretoko zentrotik ez oso urrun paratu du konposizioa Badiolak, esfortzu nabarmen txikiagoa eskatu dioten beste hiruzpalau eskultura bertikaletatik gertu. Hormetatik zintzilik edo haietan bermatuta dauden piezek biribiltzen dute bilduma. Elementu bakoitzak «intentsitate puntuak» sortzen ditu, artistak azaldu duenez: «Ez dago pieza zentralik; tamainaz hala izan zitekeena baztertuta kokatu dut. Ez dago zentro eta periferiarik: denak du garrantzi bera». Sorkuntza prozesua nola, aurreikusi gabea izan da muntaketa lana ere, Badiolak onartu duenez: «Piezak jarri ahala, zuzenduz joan naiz kokapena. Ez zegoen inolako muntaketa planik».

Poema osatzen duten bost koadroetatik hartu du izena erakusketak, «prozesuaren ezaugarri orokorra zein izan den kontuan izanda hori baitzen ondoen zetorkion titulua». Horrez gain, egungo egoerari ere egiten dio erreferentzia izenburuak, baita erakusketak ere, bere osoan: «Bizi dugun egoeran denak egiten du grazia, eta, aldi berean, pena ematen du. Denbora osoan ikuspuntu emotibotik ari gara erreakzionatzen, ezin delako modu arrazional edo objektiboan erreakzionatu». 2017an antolatu zuen azken erakusketa Badiolak, eta, tartean beste proiektu batzuk egin ondoren, «betiko errutinara» horrela itzultzea erabaki du.

Lehengai berrien menpe

Barrez lehertzen naiz, penaz hiltzen naiz betikora bueltatzea izan da Badiolarentzat; Black patterns-ek, berriz, nolabaiteko haustura eragin du Karlos Martinezek ordura arte egindako lanetan. Lehen aldia da kautxuarekin, gomarekin eta larruarekin lan egiten duena. «Urrundu egiten dira kontrolatzen ditudan materialetatik: burdinatik eta zuretik». Patroiekin egiten du lan Martinezek: diseinua osatzen du aldez aurretik, eta, ondoren, bi dimentsiotan ondutako horri bolumena eman, eta eskultura bilakatzen du. Hori bera egin du oraingoan ere, izenburuak iradokitzen duenez, baina materialok desberdin erantzun dute, artistak azaldu duenez. «Malgutasun kontua izan da: are patroi altxatua egin eta gero, pisuak eta erortzeko moduak baldintzatu egiten zuten pieza».

Horiek horrela, prozesuan topatutako gorabeherek patroi hitzaren bigarren esanahi bat erantsi diote erakusketaren hasierako ideiari: aginte figurarena, hain zuzen. «Lan egitean, irudipena dut lana kontrolatu egingo dudala, zehazki nik nahi dudan puntura eramango dudala materiala. Kasu honetan, lanean askoz ere otzanago aritu naiz, ulertu baitut ezin dudala nik nahi bezala mendean hartu kautxuaren eta larruen malgutasuna».

Martinezek hiru zatitan banatu du erakusketa, eta, osoki, galeriako korridorea eta pareko areto txiki bat hartzen dute piezek. Azken zona horretan dago denbora eta esfortzu gehien eskatu dizkion eskultura, larruz egindako lau pieza zintzilikarik osatzen dutena. «Larrua arrazoi askorengatik interesatzen zait, baina oraingo honetan nire kode artistikoetara eraman nahi nuen, minimalismoarekin eta geometriarekin zerikusia dutenak». Hala, Madrilgo etxeko zutabeak oinarri hartuta, burdinazko molde batzuk egin, eta larruekin forratu zituen; ondoren, estalkiei kremailerak gehitu zizkien, familiatik datozkion elementuak baitira. Alabaina, emaitzak «ez zuen funtzionatzen», Martinezen ustez. «Larruak ez zuen nik nahi nuen erortzeko modua». Burdinazko egiturak kenduta konpondu zuen arazoa.

Patroi beretik sortuak diren arren, kremailerek ematen diete artelaneko zatiei bereizgarritasuna. «Antzeko kodea duten talde bat dira, baina bakoitzak bere identitatea du. Klub baten aurrean gelditu diren motorzale kuadrilla bat bezala», azaldu du artistak. Larruzko bosgarren pieza bat ere ondu zuen, zutabeak estaltzekoa zena hura ere, baina azal gogorrago batez egina: «Paretara eramatea erabaki nuen: desegitea eta planora itzultzea».

Korridoreko obrei dagokienez, teilatuan sortutako estalki baten hiru argazki kokatu ditu Martinezek hormetan, baita larruz egindako pieza simetriko batzuk ere, New York Yankees beisbol taldearen logo ezagunean oinarrituta. Zulo andana egin dizkie, eta batzuk lokarriekin zeharkatu ditu, baina ez guztiak. «Asko interesatzen zaidan entitate bat da zuloa», dio Martinezek, eta interes hori erakusketako atal horretan egikaritu du. «Oso konplexua da, baina egunerokoan presente dugu. Noiz dago gaizki egina zulo bat? Zer da zulo baten erdia? Non bukatzen da zulo bat? Kasu honetan, zuloek piezen bi aldeak batzeko balio dute, haietan murgiltzeko nola edo hala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.