Beltzaren azpiko tonuak

Habi musika taldeak 'Koloreak' bigarren diskoa plazaratu du. Aurreko lanaren ia segidatzat du bikoteak, eta zuzenean aurkeztuko dute orain

JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2020ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Bi urte baino ez dira Yeray Gascon eta Jon Ander Artola musikariek Habi sortu zutela. Iazko ekainean, Loratu azal koloretsuko estreinako diskoan, zortzi kantu bildu zituen taldeak. Eta orain, azal beltzean bilduta, beste zortzi abesti berri plazaratu dituzte, Koloreak bigarren diskoan. Album ilunaren barruan gorde dituzte askotariko kolore eta tonuak oraingoan. Azken hilabeteotan gitarraz, bateriaz eta ahotsez landutako piezak Elkar estudioan findu eta grabatu zituzten, Victor Sanchezen laguntzarekin, eta zuzenean aurkezteko gogotsu daude orain.

Rock doinuak daude taldearen musikaren oinarrian, baina askotariko moldez landuak, lurralde zabala baita rockarena. «Funtsean, rocka dago, baina kantu batzuek pop-rocketik edo post-rocketik ere asko dute. Kantu bakoitzak bere abizenak dituela esango nuke», azaldu du Gasconek. Askotarikotasun hori nabarmendu du Andres Kamio Elkar etxeko ordezkariak. «Entzule gisa, esango nuke denetarik aurkituko duela jendeak diskoan: melodia nahiko popero baina oso delikatuetatik, soinu lodietaraino; bi esparru oso desberdin, oso ondo nahastuta». Artolak gehitu du «intentsitatearekin jolastea» maite dutela.

Intentsitatearekin, eta erritmoarekin. Hitzek diotena gorabehera, batera edo bestera jotzen baitute kantuek beren eskuen artean. «Gu lokalera sartzen gara, eta segun eta zer aldarterekin goazen, bat-batean letra batek har dezake erritmo bizia, edo izan daiteke oso geldoa. Oso zintzoak izan gara geure buruarekin eta bizi dugun momentuarekin», azaldu du Gasconek.

Hitzei dagokienez, diskoan ez da gai bakar bat nagusitzen. Gascon: «Badira gai gogorrak, igual minetik ateratzen direnak, desamodioa, haserretzen zaituen zerbait, zeure buruarekin daukazun elkarrizketaren bat... Nahiko ilunak dira hitzak eta gaiak». Baina iluntasun horren azpian kolorerik ere bada, izenburuak iragartzen duenez —diskoko kantuetako baten izena ere bada—. Eta bi kideak musikariak ez ezik diseinatzaileak ere badirenez, disko fisikora eraman dute ideia horren bueltan egin duten jolasa. Beltzez jantzi dute Koloreak lanaren azala, eta kolorez barrukoa; zortzi kolore baliatu dituzte diseinuan, kantu bakoitzari bat emateko.

Bi urteko bidea badu ere, dagoeneko «unibertso propio bat» ari da sortzen Habi, Kamioren ustez. «Kantuak hitz bakar batean laburbiltzen dituzte, eta, gero, hitza garatzean, film baten eszena oso bat sortzen dute; hitz horiek asko dute ezkutuan. Bai estetikoki, bai hitzekin, bai soinuarekin... gauza horiekin guztiekin unibertso propio bat sortzen ari da taldea, eta soinu propio bat definitzen».

Banan-banan forma emanez

Aurrez beste talde batean aritu zirela azaldu du Gasconek, eta, gerora, Artola eta bera hasi zirela lokalean bakarka elkartzen. «Lehen, musika mota oso desberdin bat egiten genuen, eta, bat-batean, ia nahi gabe sortu genuen Hitzak, lehen diskoko lehen kantua dena. Ikusi genuen zerbait berezia sortu genuela, geuk ere ez genekien nondik atera genuen soinu hori. Gure motxila bezala bilakatu zen, eta horrekin joan gara bidaia honetan». Kantak sortzen jarraitu zuten, eta urte amaieran ezagutu zuten Victor Sanchez. «Berak ere ez zekien zer asmo genuen, eta guk ere ez genekien zer egin nahi genuen musika horrekin». Baina egiten ari zirena erakutsi ahala, zerbait berezia ikusi zuen Sanchezek ere. «Beti egon da gurekin, hasieratik, lehen diskotik bigarren honetaraino».

Bigarrena «oso segidan» iritsi zen, Gasconen hitzetan. «Ez genuke banaketa handi bat markatuko; sortzen aritu gara beti». Lehen diskoa aurkezteko, aurreneko kontzertuan bertan jo zuten bigarreneko kantuetako bat. «Ia luzapen bat bezala ikusten dugu. Badu bigarren lan baten izaera: askoz ere gehiago landu dugu; denbora gehiago eskaini diogu, eta bagenuen aurrekoaren pisu hori, soinu propioa, egiteko era... horrek ere eragin du».

Joan den otsailerako, ia sortuak zituzten disko berriko kantuak. «Ez hartu duten azken forman, aldatuz joan baitira». Erabakia zuten pieza berriak grabatu nahi zituztela. Eta aurretik kontzertu gehiago egitea zen asmoa, baina pandemia lehertu zen. «Eta, azkenean, pandemia egoera honek bultzatu gaitu diskoa ateratzera», azaldu du Artolak. Izan ere, zuzenean jotzeko eta entseatzeko aukerarik gabe, sortuta zeukatenarekin zerbait egin nahian jo zuten Elkarrera, eta kantuak lantzea eta grabatzea proposatu zieten han.

Sanchez izan zuten alboan berriro, eta haren lana eskertu dute, «sekulako pisua» izan zuela iritzita. Banan-banan eman zieten forma piezei, eta, lehen diskoaren aldean, ezberdina izan zen prozesua. Artola: «Disko honetan, kantu bakoitza hartu, eta bere soinua bilatu dugu. Uste dut mimo handiagoz eginiko diskoa dela». Gascon: «Guretzat, Victor taldeko hirugarrena izan liteke. Diskoa bere proiektutzat hartu du, eta gurekin landu du. Lehenengoan ere berak lagundu zigun soinua definitzen, eta argi ikusi genuen bi izanda ere soinu asko egin daitekeela».

Emaitzarekin oso pozik geratu dira, eta zuzenean aurkezteko lau data lotu dituzte oraingoz: hilaren 5ean, Ahotsenean ariko dira, Durangoko Azokan; hilaren 6an, Donostiako Dabadaban, Denarekin; urtarrilaren 23an, Gernika-Lumoko (Bizkaia) Astran, Etxekalterekin; eta otsailaren 13an, Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustinen, Zea Maysekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.