Beltzak eta zaharrak

New Orleansko doinuak dira nagusi Broken Brothers Brass Band taldearen 'The Life We Deserve' diskoan

John Celestino tronpeta jotzailea —erdian—, Broken Brothers Brass Band taldearekin. BROKEN BROTHERS BRASS BAND.
Inigo Astiz
Iruñea
2013ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
«Zeharkakotasuna». Politikariei lapurtu die hitza Jon Celestino tronpeta jotzaileak, musika nola ulertzen duen azaltzeko. Luzea da talderik talde egin duen ibilbidea, eta etengabea estilo batetik besterako jauzia: jazz, reggae, rock steady... Baina pentsatzen jarri, eta ez zaio askorik kostatu bere zaletasun musikalak batzen dituen estraktua aurkitzea: «Beltzak eta zaharrak. Halakoak dira egin ditudan gauza gehienak. Hori da gustatzen zaidana». Eta oinarri hori izan du orain ere langai. Nafarroaraino ekarri du New Orleans, Broken Brother Brass Band taldearekin. Errabal Jazz zigiluarekin kaleratu dute The Life We Deserve izeneko diskoa. Taldearen lehen estudioko lana da.

Bada kalearen aldarrikapen bat beren lanean. Hor sentitzen dira eroso, eta brass band taldeen hitzak bere eginez ezkontza, hileta eta bestelako edozein ekitalditan jotzeko prest direla diote. Izan ere, karrikan bertan sortu zen taldea. 2006ko uztailaren 9an eman zuen lehen emanaldia taldeak, Iruñeko kaleetan; San Fermin festen bihotz-bihotzean. Lagunei parrandarako gonbita egin zien Celestinok, musika tresnak ere hartzeko eskatu, eta hala sortu zuten banda: prestakuntza handirik gabe, eta jo nahiaren jo nahiaz. Ez da kasualitatea, asko baitu ospakizunetik haien musikak. Ezberdin ateratzen dira kantak, jotzen dituzten bakoitzean. Izan ere, jazz musikariak dira partaide guztiak, eta beti ematen diote inprobisazioari leku bat. Bere soloa izaten du musikari bakoitzak, eta, beraz, ezberdin ateratzen da saio bakoitza. «Oso azkar aldatzen da jotzen duguna egun batetik bestera», dio Celestinok.

Grabazioko bat-batekotasuna

Berdin jokatu zuten grabazioan ere. Egun bakarra nahikoa izan zuten Hernanin (Gipuzkoa) dagoen Pottoko estudioan bederatzi abestiak grabatzeko. Grabazio aretora sartu, proba batzuk egin, eta, lau ordu ingurutan, prest zituzten kantak. Ez zuten diskoa kaleratzeko asmoz egin grabazioa, beren burua ezagutzera emateko baizik. Errabalekoek proposamena egin zieten, ordea, eta argitaratzea erabaki dute, azkenean. «Egun hartan estudio hartan gertatua erakusten du diskoak: une hori».

Bederatzi abesti ditu diskoak, sarrerako eta amaierako piezak barne. Haizeak dira nagusi guztietan, baina, halere, zabala da haien eragin esparrua. Beltzak eta zaharrak, bai, baina ez horiek soilik: jazza, brass band garaikideak eta gospel kantak. Haienak dira bildumako hiru pieza, eta bertsioak, beste lau. Charles Mingus kontrabaxu jotzailearen Moanin' abestia moldatu dute, adibidez, Glory, glory amerikar kantu espirituala, eta Rebirth Brass Band taldearen Watchawanna. New Orleansko talde horrena da Broken heldu da kantuaren musika ere, baina euskaraz abesten dute Broken Brothers Brass Bandeko kideek. Celestinok sortu du Broken on a Wedding, Juanga Lakunza tronboiak Broken Brothers Blues, eta Alberto Arteta saxo tenorrak Mr. Mistaker. Iñaki Rodriguez saxo baritonoa, Txarli Otxoa tronboia, Jon Uribeetxeberria dunbala eta Gorka Gaztanbide kaxa dira taldeko beste kideak.

Zeharkakotasuna aipatu du Celestinok berriz ere taldearen bereizgarri gisa. «Jazz musikariek gehienetan jazz musika jotzen dute, eta hori hartzen dute beren esparrutzat; kaleko musikariek antzera egiten dute kaleko musikarekin. Itsu-itsuan Mod-a den batek brass band zaharrak maite ditu, baina ez berriak. Gu jazz musikariak gara gehienok kaleko musika egiten, eta gure soloetan igartzen da kutsu hori». Bi munduren artean aritzen direla, alegia. Eta tarteko espazio horretan aritzen dira erosoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.