Beldurrari gustu hartuz

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astea egingo dute gaurtik aurrera Donostian. 23 film luze eta 38 labur aurkeztuko dira. Filmez gain, hainbat jarduera antolatu dituzte

Sebastien Vanicek zuzendari frantziarraren Vermines pelikularen fotograma bat. FANTASIAZKO ETA BELDURREZKO ZINEMAREN ASTEA.
Urko Iridoy Alzelai
Donostia
2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Beldurra nagusi berriro Donostiako kaleetan. Gaurtik aurreraFantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astea egingo dute Gipuzkoako hiriburuan. Antzoki Zaharrean proiektatuko dute Sebastien Vanicek zuzendari frantziarraren Vermines filma, eta har hasiko du jaialdia. Amaiera azaroaren 3an izango da, Donostiako Parte Zaharreko antzoki horretantxe, eta Junta Yamaguchi zuzendari japoniarraren River pelikula proiektatuko dute. Guztira,23 film luze eta 38 film labur emango dituzte aste osoan.

Aurreko urtean, Eusko Jaurlaritzak Japoniarekin harreman ekonomikoak sustatzeko hainbat ekitaldiren aurkezpena egin zuen. Hain zuzen ere, harreman horren harira, aurten zinemaldian Japoniako pelikulek itzal handia izango dute. Gaur gauean Japan Gaua izango da Antzoki Zaharrean, bi japoniarren filmen emanaldiarekin: Visitors, Kenichi Uganak zuzendua, eta Sana, Takashi Shimizu zuzendariarena.Bi film luzeez gain, Border film laburra ere proiektatuko dute Japan Gauean, Mai Nakanishik zuzendutakoa. Gaurko emanaldia 23:30ean hasiko da, eta, osorik, ia hiru ordukoa izango da.

Japoniako zinemaz gain, besteak beste, Frantziako, AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Espainiako pelikulez gozatzeko aukera izango da jaialdian. Aurreko urtean Irati filmak edukitako arrakasta ikusita, aurten ere euskal koprodukzio bat egongo da jaialdian. La Ermita filma Carlota Pereda zuzendari espainiarrak zuzendutako lana da, baina euskal aktore sorta handi baten laguntzarekin: Maia Zaitegi, Elena Irureta, Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu... Filma osotasunean Euskal Herrian grabatu da, Filmax zinema konpainia katalanaren eta Bixagu euskal ekoiztetxearen arteko elkarlanean. Peredaren filmak arrakasta lortuko duela aurreikusi du jaialdiaren antolakuntzak, eta bi emanaldi egingo dira.

Nazioarteko hainbat film ikusteko aukera izango da aste osoan. Haien artean, Devils (Kim Jae-hoon, Hego korea), polizia kasu batean oinarritutako pelikula, etaLa mesita del comedor, Caye Casas katalanaren filma, hainbat sari irabazi dituena. Antzoki Zaharreko pantailan ikusteko aukera izango da F. Javier Gutierrez zuzendariak egindako hirugarren film luzea ere: La espera.

Antzoki Zaharra jaialdiaren bizkarrezur bilakatu da, baina Tabakalerak eta Viktoria Eugenia antzokiak ere beren emanaldiak edukiko dituzte. Azken horretan gazteentzako saioak proiektatuko dituzte, hala nola Keiichi Kararen Lonely Castle in the Mirror animaziozko film japoniarra eta Karusell, Simon Sanquist zuzendari suediarrarena. Tabakaleran, berriz, bi film luze ikusi ahalko dira: She is Connan, Bertrand Mandicoren zuzendaritzapean (Luxenburgo), eta Jessica Hausenerren Club Zero (Austria).

Film luzeez gain

Film laburren saioak ere ugariak izango dira aste barruan. Hamahiru nazioarteko film labur izango dira lehiaketan, eta animaziozko bederatzi film labur. Euskal film laburrak lehiaketatik kanpo aurkeztuko dira, baina hala ere bederatzi tituluz gozatzeko aukera izango da. Horien artean Ekaitz Bertizen Hitza eman nion eta Mikel Alvarezen Mundu berri bat filma egongo dira.

Bestalde, aurten sorginek hartuko dituzte Donostiako kaleak. Sorginen gaiak inguratutako astea izango da datorrena. Adibide nagusia da jaialdiaren antolakuntzak aurkeztutako afixa, non Itziar Ituño aktoreak bi sorginen irudikapena egin duen. Horrez gain, bihar Sorgin-Con azoka egingo dute Bulebarrean eta Parte Zaharrean, 17:00etatik 20:30era. Bertan, akelarreak egingo dira, hainbat konpainiaren eskutik. Horrez gain, Elisa McCausland eta Diego Salgado kazetariek Beso negro: Brujería, cine y cultura pop saiakera aurkeztuko dute Sorgin-Conean.

Azokaz gain, hainbat bisita gidatu antolatu dira Donostian zehar. Igandean, eguerdian, Sorginaren Trena abiatuko da Viktoria Eugenia antzokiaren aurretik. Hiritik zehar Txu-Txu trenak ibilaldi bat egingo du, sorginei buruzko istorioak kontatuz. Igandean ere, gauerdi aldera, «sorginen ordua erortzean», Donostiako zenbait lekutan hiriko istorio ezkutu eta ilunak ezagutzera eramango dituzte.

Azkenik, Donostian eta Irunen hainbat erakusketa egingo dituzte. Alde batetik, sorginei buruzkoak, eta, beste alde batetik,fantasiazko zinemaren ingurukoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.