Haurrak ageri dira Mina hartzeko ere liburuaren azalean (Susa), eta umetakoak dira barruko poemek gordetzen dituzten irudi eta esamolde asko. Juan Luis Zabala idazlearen lanean (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963), bestalde, hor daude garai batean ez bezala «literaturarako bizi» ez den idazle bat, eguneroko gauza txikien edertasuna eta, batez ere, beldurra; baita beldurraren beldurra ere. Aurretik, poesian, Zabalak Hautsia natza liburua argitaratu zuen (2000), eta Ez dut nik asmatu bilduma sareratu (2017).
Ez duzu poesia askorik argitaratu, narratibaren aldean. Zer leku du zure literaturan?
Boladaka idatzi dut poesia. Neure burua psikoanalizatuta, pentsatu dut Hautsia natza izan daitekeela Galdu arte-ren [1996] eranskin poetikoa, eta Mina hartzeko ere, berriz, Agur, Euzkadi-ren [2000] eta Txistu eta biok-en [2016] eranskin poetikoa. Nobelen bidez azaleratu dudana gero poesiaren bidez azaleratu dut. Ez naiz genero bakarreko idazlea, eta ez dut erabakitzen zer idatzi modu kontziente edo arrazional batean; bulkadak dira, lehen inspirazioa deitzen zen hori. Orain ez da poetikoki zuzena inspirazio hitza erabiltzea.
Nola sortu da liburu hau?
Ez dut neure burua behartu poesia idaztera, baina molde bereko poema batzuk egiten nituen bolada bat izan nuen. Prozesu lasaia izan da, harik eta ikusi nuen arte hor bazegoela corpus bat liburu bihur zitekeena. Lehen pausoa izan zen lehiaketetara aurkeztea. Bitara aurkeztu nuen.
Zergatik?
Zure poema liburuak balio duen jakiteko modu bat da. Ez irabazteak ez dizu esaten ez duela balio, hori ikasi dut. Irabazten duenak balio du? Hori ere ez da beti izango, baina ziurtasun bat ematen dizu. Kontua da ez zuela irabazi, eta Susa argitaletxera bidali nuen. Oso pozik nago erantzunarekin. Abantailak ere baditu lehiaketa ez irabazi izanak eta argitaletxe batekin eta editore baten laguntzarekin argitaratu izanak. Liburuari mesede egin dio. Beharbada egilearen kontu korronteari ez, baina liburuari bai.
Azken urteetan, kazetari ez, baina iritzigile ibili zara prentsan maiz. Zer moduzko lana da?
Iritziarena lotura da, baina batzuetan askatasuna ere bada. Behar bat ere bai; hau da, iritziak ateratzeko plazarik izango ez banu, bilatu egingo nuke. Agian ez aldizkakotasun finko batekin, baina plaza bat edukitzea ondo dago. Gertatzen dena da aldizkakotasun hori batzuetan zama dela.
«Ezinegonean egonezina,/ iritzi bat izan nahi eta/ iritzi bat izan ezina», idatzi duzu Iritzi ezina poeman.
Batzuetan, gai bati buruz idatzi beharra sentitzen duzu, eta ez daukazu iritzi garbirik. Ni beti izan naiz nahiko zalantzatia iritzietan, eta uste dut, gainera, gero eta zalantzatiago nagoela. Iruditzen zait badaukadala ahalmena jendeak esaten duena ulertzeko. Ulertzeko, bi zentzutan: ulertu, entenditu, eta, gainera, horrekin enpatizatu, nahiz eta iritziarekin bat ez etorri. Horren alde txarra da azkenean zuk ez daukazula iritzi garbirik, zeren dena ulertzen duzu, eta denari ematen diozu nolabaiteko zilegitasuna. Zalantza ondo dago, beharrezkoa da, baina zalantza egoskorkeria modu bat ere izan daiteke. Dena zalantzan jartzea ezer ez esatea izan daiteke.
Ez dut nik asmatu bilduman, Denbora, heriotza eta beldurra izeneko olerki bat idatzi zenuen. Mina hartzeko ere-ren hiru ardatz izan litezke horiek, ezta?
Bai, hiru gai horiek oso presente daude. Beldurra da ardatza, baina horren oinarrian denbora eta heriotza daude. Poesia bizitzaren alderdi negatiboei begiratzeko modu bat da askotan. Horiek eramangarriago egiten laguntzen du.
Denbora igarotzeak areagotzen du beldurra?
Idazten dena lotuta dago norberaren adinarekin eta bizitza esperientziekin. Esaten da adina buruan dagoela, adin biologikoak ez duela markatzen norberaren adina... Bueno, bai, hori ondo dago terapia bezala, baina ez da egia. Heriotza bizitzaren parte bat baldin bada, norberarena azken partea da, dakigunez behintzat. Zu saiatu zaitezke adinaren ajeei aurre egiten, baina adina hor dago: oso lotuta gaude gure gorputzari, eta gure gorputza oso lotuta dago bere adinari. Inoiz idatzi nuen bezala, osasun pixka bat besterik ez gara. Liburuan adin batetik aurrerako kezkak eta zalantzak daude, eta, horiei aurrez aurre begiratuz, aurrera egiteko adorea biltzeko nahi bat ere bai.
Jaioterrira itzuli zara poema askotan. Nostalgia izan da?
Nostalgia hitza ere ez da poetikoki zuzena, baina hor dago. Oroitzapenek gero eta presentzia handiagoa dute nire pentsamenduetan eta sentimenduetan.
Hizkuntzaren prismatik begiratu duzu atzera, esamolde batzuk bereziki erabiliz: «mina hartzeko ere», «pagatu behar dena pagatu», «bat buena egin»...
Konturatu nintzen joera neukala itzultzen zailak diren formak erabiltzeko, nahi gabe ere. Gustua hartu nion. Batetik, nostalgia da, zeren oso euskararenak diren forma horiek galtzen ari dira, baina iruditzen zait, neurri batean, salbatzeko moduan daudela, edo behintzat indar poetikoa dutela. Berez etorri zaizkidanak erabili ditut, behartu gabe.
Lehengo kontuez gain, liburuan badago gaurko mundua ezin harrapatu edo ezin ulertu bat ere.
Kamioilariei buruz hitz egingo dizut [barrez]. Garai bateko kamioilarien bizimodua bukatu da, Ignacio Aldekoaren En el kilómetro 400 ipuinak ondo jasotzen duen hura. Lehen, bazituen alderdi gogor batzuk, baina baita alderdi gratifikanteago batzuk ere. Gaur egun, kamioilariei entzunda, ez dago orekarik: gero eta zailagoa, prekarioagoa eta krudelagoa da. Kamioilari izateko molde bat galdu egin da. Gauza bera gertatzen da jaioterrira itzultzean: gero eta aldaketa gehiago ikusten dituzu, aldaketak gero eta azkarragoak dira, eta, gure belaunaldiari, egokitzeko gaitasun gutxiago daukagun adinean gertatu zaio hori. Horrek ezinegona sortzen du, eta aldaketa guztiek nostalgia aktibatzen dute. Baina bueno, bizitza horrelakoa da, eta, gainera, gero eta horrelakoagoa.
Beldurrari buruzko olerki grafikoak dira Balitz eta banu eta Esan egiten dugu, adibidez.
Esaten dute beldurra autodefentsa baliabide bat dela. Arazoa sortzen da beldurrak gure bizitzan dagokion lekua baino handiagoa hartzen duenean. Uste dut liburuaren gaietako bat hori dela. Gaur egungo gizarteak era askotako beldurrak sartzen dizkigu, eta beldurren ugaritze eta multiplikatze horrek eragina du osasun mentalean. Beldurrari beldurra dion gizarte batean bizi gara.
Bigarren pertsonan idatzi dituzu poema batzuk; goxoenak, segur aski. Nolatan?
Berez ez naiz bigarren pertsonaren oso zalea; iruditzen zait irakurtzeko zailena dela. Baina ez dut erabili zalantzak izan ondoren, baizik eta horrela etorri delako. Uste dut gertuko pertsonei ari natzaiela. Gainera, beti egin nahi izan dudan zerbait egiten saiatu naiz: noka erabiltzen poesia egiteko. Modu poetiko batean esanda, iruditzen zait beldurra ematerainoko intimitate bat transmititzen duela. Niri, gizonezkoekin nahiko natural egiten zaidan bezala, asko kostatzen zait emakumeekin hika hitz egitea, azkoitiarrak ez badira.
«Onenak emanda» dagoen «aproposko poeta» omen zara...
Idazteko beharra neukana idatzita daukadala sentitzen dut. Muina Galdu arte, Agur, Euzkadi eta Txistu eta biok liburuetan dago, eta horien eranskin poetikoetan. Orain, zientzia fikziozko ipuin batzuk idazten ari naiz, baina gehiago dute jolasetik beharretik baino.
Bi hitz aipatzen dira askotan: letrazauritua, erdarazko letraherido-tik, eta Iñaki Segurola zenak asmatu zuen lepoletzailea. Uste dut ez naizela ez bata eta ez bestea. Liburuek presentzia handia dute nire bizitzan, baina ez naiz irakurri edo idatzi gabe egun bat pasatzerik ez duen pertsona bat. Horrek pentsarazten dit ez naizela idazle-idazlea, eta aproposko idazlea naizela. Ez zait asko inporta, baina konplexu hori badaukat.