Beldurraren mekanismoa

Maskarada konpainiak euskaraz eta gazteleraz estreinatuko du 'Arkimedesen printzipioa' antzezlana, Bilboko Arriaga antzokian.Aktore talde propioa du bertsio bakoitzak

Eneko Sagardoi eta Tessa Andonegi aktoreak, Arkimedesen printzipioa antzezlanaren entseguetariko batean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2014ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Zer pasa da Ikerrekin gaur goizean?». Eta galdera entzutearekin batera igar daiteke beldurraren mekanismoa martxan hasten. Udal igerileku batean kokatua da Arkimedesen printzipioa antzezlana, eta, Josep Maria Miro i Coromina antzerkigileak zehaztu duenez, argi dago gai nagusia zein den: beldurra. «Anekdota txikia da: muxu bat». Uretara jauzi egiteko beldurrez zen umeari musu eman dio udal igerilekuko entrenatzaileak goizean, eta kexa jarri dute gurasoek. Irakiten hasi dira sare sozialak, eta zalantza sartu zaio igerilekuko zuzendariari ere. Aldageletan harrapatu du entrenatzailea. Eta hor bota dio galdera: «Zer pasa da Ikerrekin gaur goizean?». Born antzerki saria irabazi zuen 2011n piezak, eta, jatorrizko lana katalanez idatzi zuen arren, euskararaz eta gazteleraz estreinatuko du orain Maskarada konpainiak, Bilboko Arriaga antzokian. Euskaraz gaur eta bihar; gazteleraz asteburuan.

«Gizartearen alarmismoa». Testuaren kalitatea nabarmendu du Carlos Panera zuzendariak, eta idazleak aipatutako gai bera aipatu du hark ere antzezlanaren erdigunean. «Gero eta presenteago dugu beldurra gure eguneroko jardunetan, eta baita geure burua eraikitzerakoan ere». Hark zuzendu ditu Arriagan estreinatuko dituzten antzezlanaren bi bertsioak, eta, azaldu duenez, lan doblea da hori. Izan ere, ez da aktoreek darabilten hizkuntza bakarrik aldatzen bertsio batetik bestera, aktore talde osoa baizik.Lau aktore zuzendu ditu Panerak euskarazko piezan, eta beste lau gaztelerazkoan. «Oso esperientzia berezia izan da, eta oso interesgarria ere bai. Maskaradak orain arte gehienetan aktore talde bera jarri du bi bertsioetan, baina, zuzendariaren mugimendu proposamena eta proposamen estetikoa bera den arren, aktore talde bakoitzaren taularatzea ez da erabat bera. Igarri egiten da aktore bakoitzaren ibilbide eta eskola».

Ez erabat batzuekin eta ez erabat besteekin, zalantzan dabil Tessa Andonegi aktoreak jokatzen duen pertsonaia. Aneren rola jokatzen du euskarazko bertsioan, igerilekuko zuzendariarena,eta, dioenez, gurasoen susmoekin bat egitera heltzen den arren, ezin du erabat kondenatu begiralea. «Sortzen den alarmismoaren aurrean, zalantza argitu nahi du, baina zalantza gehiago sortzen zaio». Eneko Sagardoi aktoreak jokatzen du igerilekuko begiralearen rola, eta pozik dago suertatu zaion lanarekin. «Oso pertsonaia erakargarria iruditzen zait, oso librea delako, eta nahi duena egiten du, bere barruak entzunda». Xabier Ortuzar eta Aitor Fernandino dira antzezle taldea osatzen duten beste bi aktoreak. Iñaki Ziarrustak itzuli du antzezlana euskarara.

Pozik aktoreak antzeztokiarekin ere. Sagardoi: «Plazer bat da euskarazko testu bat Arriaga antzokian egiteko aukera izatea, guretzat ohore bat delako, eta kostatzen delako askotan hona etortzea euskarazko testu batekin». Aktorearen hitzetan, gainera, positiboa da euskarara itzulitako antzezlanak ere eskaini ahal izatea, propio euskaraz sortutako lanez gainera.

Ikuslearen dilema

Xaloa da eszenografia: igerilekuko aldagela bat oholtzaren erdian. Bertan gertatzen dira elkarrizketa nagusiak, baina istorioa ez da beti lineala. Egileak apurtu egiten du kontakizunaren denbora. Ikusleak ordenatu beharko ditu aurrean ikusten dituenak, baina, idazlearen hitzetan, galduta ez sentitzeko beste pista izango ditu une oro.

Ikuslearen papera nabarmendu du Miro i Corominak. «Ikusleak du eszenan ikusten den gatazka konpontzeko potentzialtasuna. Bere mekanismo moralen arabera egingo du hori. Nik pieza deskribatzaile bat sortu dut, eta ikusleak eskaintzen dio soluzioa, bere beldurren eta bere moralaren arabera». Eta galdera batean laburbildu du antzerkigileak ikusleari taula gainean agertuko zaion dilema: «Erabateko segurtasunik eskaini ezin digun arren, segurtasun mekanismo guztiak martxan jarriko dituen gizarte bat nahi dugu, ala nahiago dugu ume bati keinu samur bat posible egiten duen gizarte bat?».

Kloro usaina du antzezlanak kasik, eta, idazleak azaldu duenez, horregatik izendatu zuen antzezlana Arkimedesen printzipioa. Kristo aurreko II. mendeko matematikari eta geometriariaren printzipioari egiten dio, berez, erreferentzia: «Fluido batean sartutako gorputz orok bulkada bertikal bat jasotzen du goraka, kanporatutako fluidoaren pisu berekoa». Baina matematikatik soziologiara ekarri du formula antzerkigileak. «Aurreiritzi edo susmo bati presio eginez, gure beldur eta fantasmak ateratzen dira azalera».

Bertsio bakoitzerako aktore talde bat edukitzeak garestitu egin du antzezlanaren ekoizpena, baina formula hori hautatu dute Maskarada taldekoek. Gaztelerazko bertsioaren aktore hautaketari buruz aritu da, adibidez, Gorka Minguez ekoizle, aktore eta eszenografoa. Izan ere, itzala eta sona dute Espainian bi antzezle nagusiek. Stockholm filmean egindako lanagatik, antzezle berri onenaren saria jaso du Javier Pereira aktoreak, eta Llola Baldrich aktorea ere telebistako hainbat telesailetan aritua da. Alvar Gordejuelak eta Minguezek berak osatzen dute gaztelerazko aktore laukotea. «Bagenuen ibilbide luzeko euskal aktore talde bat hautatzea ere, baina jendea erakarri ahal izateko kakotx artean mediatikoagoa den talde bat hautatu dugu, azkenean. Bada hori nahi duen ikuslerik ere. Merkatua hala dago, eta espazio gehiago zabaltzeko aukera eskainiko digulakoan egin dugu hautu hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.