Musika

Beldurraren hainbat aurpegi azaleratu ditu Franz Ferdinand taldeak

'The Human Fear' kaleratu du, bere ibilbideko seigarren diskoa. Ia 25 urteren ondoren ere, indiearen defendatzaile sutsuak dira oraindik, eta disko berriarekin hori bera baieztatu dute.

Alex Kapranos, Franz Ferdinanden kontzertu batean, 2023an, Suitzan. MARTIAL TREZZINI / EFE
Alex Kapranos, Franz Ferdinanden kontzertu batean, 2023an, Portugalen. MARTIAL TREZZINI / EFE
urko iridoy alzelai
2025eko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Zazpi urteren ondoren, Franz Ferdinand taldeak beste disko bat kaleratu du, bere ibilbideko seigarrena. The Human Fear izeneko albumarekin hasi du urtea taldeak, eta 11 abestiz osatu du diskoa. 2001ean sortu zen taldea, eta, ordutik ia 25 urte pasatu diren arren, haien estiloak bide beretik segitzen du. 2000ko hamarkadako indie musikaren erakusgarri nagusietako bat da Franz Ferdinand, eta, gaur egun, beste hainbat musika estilo gailentzen diren garaiotan, hasierako espirituari eusten dio oraindik ere taldeak. Domino Recording diskoetxearen eskutik atera dute lan berria.

Alex Kapranos taldeko abeslariak adierazi du diskoak pertsonen arteko harremanen sortze eta desintegrazio prozesuak jorratzen dituela, eta titulua horren aztarna bat bat dela. Beldurra da kanta askoren oinarria, baina abeslariak esan du nahi gabe egindako lotura bat izan dela. Audacious da diskoko lehen kanta, eta bizitzan inguruko guztia erortzen ari den sentsazioaz mintzo da taldea bertan. Kapranosen ahots mezu batekin hasten da pieza, eta melodia in crescendo doa, lehertu arte, non The Beatles eta Queen taldeen doinuen antzekoak nabaritu daitezkeen. 

Audacious, Franz Ferdinanden disko berria hasten duen abestia.

Hurrengo abestietan erritmo lasaiagoak entzuten dira, askotan pianoarekin egindako hasierekin. Hooked-ek, diskoko laugarren kantak, aitatasunak eragiten duen beldurra du oinarri. Kapranos duela gutxi izan da aita, eta, horren harira, bere bizipenak idazteko aukera izan du. Sintetizadoreak gehitu dizkiote kanta horri, eta, horrela, electroclash estiloaren izaera bereganatu du abestiak. Beldurrari lotuta, pertsona bat atzean uzteko ikara irudikatzen du The Doctor-ek; erlazio baten amaierak sortzen duen beldurra Bar Lonely-k; eta erlazio batean konpromisoak eragiten duena Night or Day-ek.

Arbasoei keinua

Kapranosek arbaso greziarrak ditu, eta hori argi ikus daiteke Black Eyelashes abestian, zeinetan abeslariak grezieraz abesten duen eta doinuek rebetikoestiloaren ukitu handiak dituzten. Horrez gain, bouzoki greziar instrumentua entzun daiteke abestian, erritmoa markatzen. The Birds da diskoko azken kanta. Bertan, norbere burua onartzeko mezua zabaltzen du taldeak, eta hitzak gitarraren riff alaiekin laguntzen dituzte. Everydaydreamer, Build it Up, Tell Me I Should Stay eta Cats dira diskoa osatzen duten beste abestiak. 

Hasi zirenetik, bi aldaketa izan ditu taldeak. Nick McCarthy gitarristak taldea atzean utzi zuen 2016. urtean, eta bere bakarkako proiektuetan murgildu zen. Bestalde, Paul Thompson bateria jotzaileak 2021. urtean esan zion agur Franz Ferdinandi. Haien ordez, Dino Bardot gitarrista eta Audrey Tait bateria jotzailea sartu ziren. Biran dabil taldea, eta, mende laurdena beteta, beste hainbeste urte egiteko gogoz agertu dira taldekideak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.