Beldurrak uxatzeko eleberria

Bernhard J. Mathiuet idazlearen 'Lehenbiziko harria' nobela euskaratu du Arantzazu Martinezek

Fito Rodriguez, Arantzazu Martinez eta Bernard J. Mathiuet Lehenbiziko harria eleberriaren aurkezpenean, Donostian. GORKA RUBIO/ FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Klima aldaketaren ondorioz, Azoka herriko biztanleek ziztu bizian alde egin behar izan dute handik. Hangoa da Nischii, larrialdi egoera horren aurrean herri osoari etorkizun oparoa ekarriko dion ideia bikaina izan duen mutiko gaztea. Fanatismo itsuak eta zikoizkeriak eragindako liskarrek, baina, bizirik irauteko borroka gogor bilakatuko dute herritarren zoriontasunerako ahalegina. Lortuko al du Nichiik egoera hori amaiaraztea? Bada, istorio hori kontatzen du Bernhard J. Mathiuet (Suitza, 1954) idazlearen Lehenbiziko harria eleberriak, Arantzazu Martinezek alemanetik euskarara ekarritakoak. Berriki eman dute argitara liburua, hain zuzen, Dakit argitaldariarekin.

Fito Rodriguezena da eleberriaren hitzaurrea, eta hain zuzen, hark azaldu du nondik sortu zen lana euskaratzeko ideia. Kontatu duenez, lehenagotik zuen adiskide egilea, eta harengandik jaso zuen eleberria opari. Ezin zuen, baina, hartan zer kontatzen zen ulertu, ez baitzekien alemanez. Hargatik hasi zen hizkuntza ikasten Rodriguez. «Arantzazuren [Martinez] laguntzarekin ikasi nuen alemana, eta, gutxinaka, ulertzen hasi nintzen liburuak zer kontatzen zuen. Horrela sortu zen liburu hau euskaratzeko nahia».

Martinezek azaldu duenez, itzulpena ez da jatorrizko hizkuntzan idatzitako testuaren «kalko» bat. «Itzulpen bat sormen lan bat da; zenbait interferentziak baldintzatutako sormen lan bat», adierazi du. «Hizkuntza batetik besterako egokitzapen bat da itzulpen bat». Adibide ugari eman ditu ondotik: «Egileak voilà erabili badu esaldi batean, zergatik itzuliko dit nik hara hor jarrita?». Modu horretan, testuak egilearen eta jatorrizko hizkuntzaren esentzia galduko lukeela iritzi du. Horregatik, Mathiuetek erabilitako zenbait adierari bere hartan eutsi die, eta beste batzuetan, berriz, euskarazkora moldatu ditu. Kontatu du, halaber, itzultze prozesu osoan alboan izan duela eleberriaren egilea. Eta beraz, harengana jotzen zuela edozein zalantza argitu ahal izateko. «Pribilegio hutsa izan da idazlea hain hurbil izatea».

Egileak azaldu du harriek pizten dioten miresmenak bultzatuta idatzi zuela eleberria; eta hargatik jarri zion, hain justu ere, izenburu hori. «Bizitza propioa balute bezala mintzo da harriez», gaineratu du Rodriguezek. Liburuan garrantzi handia hartzen duten elementuak dira, beraz, harriak. Nolanahi ere, ez da harriei buruzko liburu bat. «Hezteko eleberri bat da», jakinarazi du Mathiuetek.Izan ere, nerabeentzako liburua dela azaldu du. «Gertaera zirraragarriek, sentimendu sendoek eta protagonistek planteatzen dituzten bizitzari buruzko galdera sakonek maitasunari, zoriontasunari eta bizirik irauteko borrokari buruzko eleberri dramatiko honetan murgilduko dute irakurlea». Bere mundua irakurtzeko era islatu du liburuan, eta hala igorri nahi izan dio irakurleari. «Bizitzari buruzko alderdi garrantzitsuen berri izango du».

Izua haizatzeko aholkuak

Idazleak ni-an bilatu du eleberriaren zentzua. Hala azaldu du Martinezek:«Bizitzen ari garen une kaotiko eta bortitzaren aurrean, ni-a bilatu du idazleak. Irakurleari iradokitzen dio, beraz, ez dadila saiatu zentzua kanpoan bilatzen, gure baitan baitago».

Gainera, azaldu du teknikak proposatzen dituela «kaos» horren harira sentitzen diren beldurrak uxatzeko. «Azaltzen du tunelaren amaieran badagoela argia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.