Beldurra sor dezake antzerkiak?

Atx Teatroak 'Bihotz salataria' antzeztuko du gaur Gernikan. Psikopata baten gogoetak biltzen ditu

Iñaki Ziarrusta zuzendari eta aktorea, Bihotz Salataria antzezlanaren emanaldi batean. IÑAKI MENDIZABAL.
Ihintza Elustondo
2016ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
«Publikoa beldurtzea». Horixe da Atx Teatroaren Bihotz Salataria antzezlanaren asmoa, Iñaki Ziarrusta aktore eta zuzendariaren arabera. «Baina antzerkian beldurra eragitea nahiko konplexua da. Barrea eragitea ere konplexua da, baina, trebezia apur batekin, lortzen duzu, eta negarra eragitea ere bai. Publikoaren eta pertsonaiaren arteko lotura sentimental hori askotan gauzatzen da. Baina nik ez dut ikusi antzerkirik beldurra pasatu dudanik. Telebistak eta zinemak erraztasun handiarekin lortzen dute hori, eta guk horra hurbildu gura genuen. Ez dugu zinema egin gura, noski. Ez zaigu gustatzen; nahiago dugu antzerkia egin. Baina jolastu nahi genuen beldurrarekin, ikusi ea zenbateraino sortu ahal dugun». Horretarako, Edgar Allan Poe estatubatuarraren testu bat aukeratu du Ziarrustak, eta euskarara ekarri du. Bakarrizketa bat sortu du, eta hemendik bi edo hiru urtera prestatuko duten beldurraren inguruko ikuskizun handiago baterako hazitegi moduan funtzionatuko du. Ikerketa gisa balioko duela, alegia. Apirilaren amaieran estreinatu zuten, eta gaur emanaldi bat egingo dute Gernika-Lumon (Bizkaia).

Hilketa bat da obraren abiapuntua. «Gizakiaren alde iluna interesatzen zaigu. Ezkutatzen ditugun aldeak, gure pertsonarekiko gustatzen ez zaizkigun gauzak eta portaerak. Horiek denak, existitu, existitzen dira, baina ez dira politikoki zuzenak, eta, orduan, ezkutatu egiten ditugu». Erraiek ezkutatzen duten hori azaleratu dute antzezlanean. Morroi batek agure bat akabatuko du, aitzakia «inozo» bat dela medio. Agureak korneako arazo bat dauka, eta, ondorioz, begi bat grisa du, ia kolorerik gabea. Morroiak ezin du hori jasan, beldur handia ematen diolako. Obsesio bilakatuko zaio agurearen begia, eta hil egingo du.

Pertsonaia ez da damutuko, ordea. «Oso erotuta dago. Hiltzaile perfekzionista bat da, eta oso harro dago egindakoaz». Susmagarria denez, polizia haren atzetik hasiko da, eta hiltzaileak etxera gonbidatuko du, badakielako ez duela ezer topatuko. Zerbait hartu ere egingo dute elkarrekin. Baina, bat-batean, buru barruan agurearen bihotz taupadak entzuten hasiko da morroia. Ezin jakin errealak edo balizkoak diren. Taupada horiek hain ozen entzungo ditu, non azkenean aitortuko baitu berak hil duela. Bihotzak salatuko du.

Psikopata baten gogoetak jasotzen ditu obrak, Atx konpainiak berezkoa duen estiloan. «Gurea ez da obra bat non testua esaten den eta gorputza mugitzen den gerritik gora bakarrik. Guk ulertzen dugu edozein mugimendu egiten badugu, buruko mugimendu bat baldin bada ere, oinetan jaiotzen dela; gorputz osoa inplikatzen da». Adierazkortasun «bortxatua» da interesatzen zaiena: «Behar dugu mugitzeko modu bat egunerokotik kanpo dagoena; ez dit balio gure etxeko sukaldean gauden moduan ibiltzeak. Nik behar dut, edozein momentutan, edozein esalditan, edozein keinutan, ohikoa den baino askoz ere harago joaten den mugimendu bat. Eta, normalean, horrek mina ematen du; esan gura dut, esfortzu bat eskatzen du. Eta esfortzu estra horrek ematen digu adierazkortasun berezi bat».

Hitzez harago, ikuslearen begietatik sartzen den horretan jartzen dute arreta. «Badakigu testutik sartzen ez dena, begietatik sartzen dena adimena ez den beste leku batera joaten dela zuzenean. Eta hori da guri interesatzen zaiguna». Ekintza basatien alde egin dute azken antzezlan honetan. «Bai, bai, nahiko basatia da, baina maitasun handiarekin eginda dago. Guk hemen bortizkeria erabiltzen dugu, eta pertsona bat hiltzen dugu inolako aitzakiarik gabe. Baina jende guztiak ulertzen du hori antzerkia dela; batez ere, umeek. Helduek aurreiritzi gehiago dituzte. Antzerkia antzerkia da, eta errealitatea beti dago antzerkiaren gainetik. Edozein astakeria egiten badugu ere, errealitatean askoz ere astakeria gehiago egiten dira. Gauza batzuk egiten ditugu harrigarriak direnak, inoiz imajinatu ezingo genituzkeenak».

Dena, pertsona bakarrak

Ziarrusta bakarrik egongo da oholtzan. Hura arduratuko da antzezpenaz, argiez, musikaz eta denaz. Ohe bat baino ez du izango lagun, funtzio askotako objektu bilakatuko dena: hasieran ohe bat den arren, gero ate baten itxura hartuko du. Soinua, berriz, zineman bezala, aretoaren leku guztietatik iritsiko zaio ikusleari. «Efektu horrek beldurra eragiten laguntzen du, eta baita oholtzan ez dauden pertsonaiak irudikatzen ere». Izan ere, obran pertsonaia bat baino gehiago dauden arren, Ziarrustak bakarrizketa moduan kontatuko ditu haien ibilerak. Gainera, giza belarriak entzun ezin dituen frekuentzia batzuk ere erabiliko ditu. «Ez dakigu horrek zer sortzen duen; ez dugu froga zientifikorik, baina erabiltzen ditugu».

Euskalkiaren aldeko hautua egin du konpainiak: bizkaieraz egingo dituzte emanaldi guztiak, «bizkaiera garbi batean, bizkaiera jasoan». «Hemen zein Maulen zein Zumarragan [Gipuzkoa], bizkaieraz egingo dugu, gustuko dugulako zuberotar bat gurera etortzen denean hark zubereraz egitea ere. Bide egokia da beste euskalkiak hobeto ulertzeko eta batua aberasteko».

'BIHOTZ SALATARIA'

Gaur. Gernika-Lumoko Trinketen (Bizkaia).

Maiatzaren 20an. Plentziako Danontzat gaztetxean (Bizkaia).

Maiatzaren 27an. Leioako Udondoko Gaztetxean (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.