Literatura

Beldurra eta gorputza

Beldurrak eta mamuak astintzen ditu Mariana Enriquez idazle argentinarrak bere ipuinetan. 'Un lugar soleado para gente sombría' du azken bilduma.

Mariana Enriquez idazlea. QUIQUE GARCIA / EFE
Mariana Enriquez idazlea. QUIQUE GARCIA / EFE
2024ko maiatzaren 26a
05:20
Entzun

Anne Carson poetaren aipu batek ematen dio hasiera Mariana Enriquezen (Buenos Aires, 1973) Un lugar soleado para gente sombría azken ipuin bildumari (2024). Zera dio aipuak: «Zauri batek berea den argia sortzen du». Pandemia garaian idatzitako narrazioak biltzen ditu liburuak, eta espazio liminaletan kokatzen dira; osasun larrialdi hartan denok mamu bihurtu ginen, eta mamuz josita daude kontakizunak. Efektismoaren bolumena jaitsiz, sortu duen fikziozko unibertsoan, zirimiri baten modukoa da beldurra.

Pandemiak panfobiari ireki zion atea, hots, antsietate orokortuari, azken finean, bizitzari beldurra izateari. Antsietate garaiotan, literatura fantastikoak beste modu batera hitz egin diezaioke irakurleari oraindik tabu den buru osasunari buruz. Tzvetan Todorov kritikariak zioen moduan, literatura fantastikoaren bidez, tabuei buruz idatz dezake idazleak. Literatura fantastikoak, autozentsurarik gabe, erabateko libertatea ematen dio idazleari ertz guztietatik astintzeko beldurra. Garaiz iritsi da Enriquezen liburua: ez al zen sistema goitik behera aldatu behar pandemiaren ondorioz? Ez al da turbo-kapitalismo berri hau are eta perbertsoagoa? Hau al da normalitatea? Zirrikitu kontraesankor horietan barrena irakurri behar dira Enriquezen ipuinak. Buru osasunaren harira, Julie ipuinean, gorputz ez normatibo gaztearen bitartez, AEBetako eta Hego Amerikako gaizki-ulertu guztiak aztertzen dira familia baten narratiban; azken finean, familiaren eskala txikian mundu osoa irudika daiteke.

Michel Foucault filosofoak eta Stephen King idazleak lau eskutara idatzi izan balute, emaitza Mariana Enriquezen irudimena zatekeen. Epigrafeen bidez, Enriquezek idazlearen sukaldera gonbidatzen du irakurlea. Bere obsesio literarioak oso eklektikoak badira ere, idazketan zehazki josita, estetika koherente bakana eraikitzen dute. Eta beti bikoiztasuna arakatuz. Esate baterako, Jack Kerouacen aipuak enkoadratzen du Un lugar sombreado con gente sombría errelatoa —«LA da Ameriketako hiririk bakartiena eta basatiena»—, non Los Angeleseko noir onenaren estiloan, hiri argitsuak estalitako azpi-munduak fikzionatzen diren. Enriquezen irudimena kafkarra bezain lynchtarra da.

Aurreneko kontakizunean (Mis muertos tristes), bakarrik bizi den emakumeak mamuak ditu bizilagun. Benetako gertakizun batean oinarritzen da haietako baten istorioa; periferian gertatutako bahiketa express batean, zehazki. Fikzioa errealitatearen ispilu bada ere, Enriquezek beti dio bere begirada ez dela soziologikoa. Literaturak beti itzal handiagoa du bere narratiban.

Mamu herrialdea

Mamuz gainezka izateaz gain, Argentina bera, nazio gisa, mamu bilakatu da; hots, izan zen nazio aberatsaren mamua. Espektro horren kontra irudikatzen da nazioa orainean. Beste Argentina hori, izan zena edota izan daitekeena, etengabe aipatzen da eremu publikoan. Gorputz politikoarekin loturik, Argentinak medium baten bitartez hildako zakurrarekin hitz egiten duen lehendakaria du gaur egun, Milei jauna. Lehendakariaren zakur-mamua benetakoa bihurtu da irudimen kolektiboan. Sarri errealitateak fikzioa gainditzen du.

Dena den, Enriquezek dio alor fantastikoa ez dela egungo kontua soilik. Hastapenetatik, Domingo Sarmientoren Facundo liburu kanonikoa (1845) lotzen du terrorearekin. Bere ustez, Rodolfo Walshen Esa mujer ipuina ere (1965) beldurrezko generoaren bidez uler daiteke. Ez al da Evitaren gorpuaren bahiketa eta horren inguruko nekrofilia terrore istorio bat? Gorputz politikoaren irakurketa horrekin jarraituz, diktadura militarraren errepresioa beldurrezko generoarekin eta liminalarekin lotzen du berak: inoiz agerian ez zegoen indarkeria, ezkutuan torturatu eta hiltzen zituzten disidenteak. Gorpurik gabeko heriotzek sorturiko terrorea oraindik beldurgarriagoa da. Bilduma honetan ere genero fantastikoaren bidez kontatzen du desagertuen gertaera historikoa, esate baterako Los himnos de las hienas ipuinean. Oso molde antzekoan gauzatu zuen Julio Cortazarrek Apocalipsis de Solentiname ipuina (Alguien que anda por ahí, 1977), terrore politikoa fantastikoaren bitartez kontatuz. Enriquezek eredu hori findu eta gainditu du, eta azpigeneroen nahiz erritmo narratiboaren hariak maisuki harilkatzen ditu.

Literatura fantastikoaren gainean ere idatzi ditu hainbat ipuin azken liburuan. Esate baterako, Kafkaren Metamorfosia ipuinaren izenburu bera duen kontakizunean eraldaketa kafkarra ez da zomorroren bat bilakatzea, pertsonaren gorputzaren eraldaketa erradikala baizik. Pertsonaiaren hautuz norbanakoaren gorputza bestea bilakatzen denean, metamorfosi garaikidea dugu esku artean. Egungo body art edota gorputz artea muturrera darama Enriquezek. Zahartzaroak zeharkatzen du metamorfosi hori. Zahartzaroari beldurra eta zaharren gorputzei buruzko tabua giltzarri dira Enriquezen bilduma berrian.

Amaieran, Enriquezek liburuari soinu banda gehitzen dio. Musikari buruz idatzi duen kazetaria izanik, musikazale amorratua da. Zerrendan dago Nick Caveren Ghosteen diskoa, oso aproposa mamuen bidelagun izateko. Aurrenengoa zerrendan Sinead O'Connorren Troy kanta da, eta badu Enriquezen ipuingintzaren eraikuntza materialen nolakotasuna: lehenengo pertsonatik idatzia, aipu bat du abiapuntu —Yeatsen «Ez da beste Troiarik izango»—, eta ahots narratiboak minetik eta minaz kantatzen du. Ipuinetan bezala, zalantzaren lurraldetik entzuten da aurrenengo pertsona; ez dakigu nor den kontalaria eta, hitzak ehunduz, ahotsaren identitateak ematen digu istorioaren giltza, zalantza erabat ezabatu gabe. Hala dago Troy kanta eraikia, eta hala daude bilduma honetako ipuinak eraikiak. Are gehiago, Sinead O'Connor musikari gazte arrakastatsu izatetik gorputz eri zahar baztertua bihurtu zen. Hil ondorengo musika industriaren zurikeria gertatu arte, O'Connor mamu bat besterik ez zen. Gorputzak eta beldurrak topo egiten duten lurralde nekez horretatik ari da idazten Mariana Enriquez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.