«Beldur ganberroa», bidea irekitzen

'Joxean's hil eben' Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko Sail Ofizialean emandako lehen euskarazko film luzea izango da

Beñat Iturrioz eta Xabier Padinen Joxean's hil eben filmeko pertsonaia batzuk. FANTASIAZKO ETA BELDURREZKO ZINEMAREN ASTEA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2014ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Sail Ofizialean euskarazko film bat eskainiko du aurten, aurreneko aldiz, Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Asteak: Beñat Iturriozen eta Xabier Padinen Joxean's hil eben, lehiaz kanpo emana. Jaialdiaren 25. ekitaldia dela ospatzeko, ohiko sailei 24 Aste Geroago izenekoa gehitu diote aurten antolatzaileek, aurreko 24 ekitaldietako film hautatuak emateko. Urriaren 25ean hasi eta azaroaren 1ean amaituko da jaialdia, eta, ohi bezala, ikusmin handia piztu du jada hirian. Ostegunetik ostiralerako gaua Antzoki Zaharreko abonamenduak erosteko ilaran eman zuen zinemazale ugarik. Gainerako sarrera eta abonamenduen salmenta urriaren 20an hasiko da, astelehenarekin. Carlos Areces, Quim Casas eta Nadia de Santiagok osatuko dute epaimahai ofiziala.

SAIL OFIZIALA. LUZEAK



Tomas Zumalakarregi jeneral karlistaren berpizkundearekin hasten da Beñat Iturrioz eta Xabier Padinen Joxean's hil eben, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko Sail Ofizialean ematen den lehen euskarazko film luzea izateko ohorea bereganatuko duen filma, «beldur ganberroa» pantailaratuz, jaialdiaren zuzendariak, Josemi Beltranek adierazi duenez. Lehiaketatik kanpo emango dute —Joxean's hil eben bezala— amaierako ekitaldirako iragarritako filma ere, Adam Wingarden The Guest. Orotara, 22 film izango dira, eta horietako 20 lehian. Esteban Roel eta Juanfer Andresen Musarañas film luzeak inauguratuko du Sail Ofiziala, eta hura aurkeztuko dutenen artean Alex de la Iglesia zuzendari bilbotarra izango da, ekoizleen taldeko kide denez. Ekialdeko herrialdeetakoak, AEBetakoak eta Europakoak dira Sail Ofizialeko film luzeak, eta haietako asko ikusle gazteentzat pentsatutakoak, hala nola Jeff Baenaren Life After Beth, David Robert Mitchellen It Follows, Alexandre Bustillo eta Julien Mauryren Aux yeux des vivants eta Jonas Govaertsen Cub, adibidez. Zaleen ikusmina piztu dute beste film askok ere, hala nola Jaume Balagueroren [REC]4, Fabrice du Welzen Alleluia, Tommy Wirkolaren DeadSnow 2: Red vs Dead, Aik Karapetianen The Man in the Orange Jacket, Eisuke Naitoren Puzzle eta V/H/S Viral lan kolektiboak, besteak beste. Espainian ekoitzitako hiru filmetako batek, Samuel Orti Mari Sam-en Pos eso-k, Basque Films Euskal Herriko enpresa du ekoizleen artean.

SAIL OFIZIALA. LABURRAK



Orotara, 14 film labur izango dira, ohiko hiru sari bereganatzeko lehian: Publikoaren saria (2.000 euro), Nazioarteko Epaimahaiaren saria (1.000 euro) eta Gazte Epaimahaiaren saria. Horrez gain, Film Laburren Zilarrezko Melies sarirako hautagai ere izango dira 14 lan horiek. Aurtengo ekitaldian, Europakoak dira Sail Ofizialerako hautatutako film labur guztiak.

SAIL OFIZIALA. ANIMAZIOAK



Orotara, animazioko hamar film laburrek hartuko dute parte sail honetan, eta publikoak erabakiko du zein filmek irabaziko duen saria (1.000 euro). Europako lanak ez ezik, Mexiko, Kanada eta AEBetakoak ere izango dira.

SAIL OFIZIALA. ESPAINIA



Estatuko Film Laburren Sail Ofiziala deitutakoan, Espainiako Estatuaren mugen barruan ekoitzitako zortzi lan emango dituzte, eta publikoak horien arteko onentzat jotzen duenak 1.000 euroko saria irabaziko du.

HAURRENTZAKOAK



Haurrentzako bi emanaldi daude iragarrita: Ricardo Ramon eta Joan Espinachen Aita, zonbia naiz (2011) eta Wang Yunfeiren Yugo & Lala (2014). Bi filmak euskaraz ikusteko aukera izango da.

24 ASTE GEROAGO



Jaialdiaren24 urteko historiako film hautatuak eskainiko ditu ziklo honek, arrasto sakona utzitakoak denak. Orotara, zortzi film luze eta hamabi labur izango dira. Film luzeen artean Michael Herz eta Lloyd Kaufmanen The Toxic Avenger, John McNaughtonen Henry: Portrait of a Serial Killer eta Sam Rainiren Evil Dead II izango dira, besteak beste; eta film laburren artean Till Novaken Centrifuge Brain Project.

ERAKUSKETAK



Sei erakusketa hartuko ditu bere baitan jaialdiaren programazioak. Horietako hiru irekita daude dagoeneko: 10 urte komikian. Dibbuks katalogoa bere egileen eskutik; 'Metropolis', berreskuratutako maisulana; eta Irudi fantastikoa. Beste hirurak hurrengo astean zabalduko dituzte: Abenturak ganbaran Jiri Bartarekin; Subterfugeren erdira bidaia; eta Euskadi Fantastikoa X. Design.

NEKROGUNEA



Jaialdia BehobiaZ zonbien lasterketarekin hasiko da, urriaren 25ean, 19:30ean, Donostiako Bulebarreko kioskoan. Aurretik, makillatzeko zerbitzua erabiltzeko aukera izango dute lasterkariek, 16:00etatik aurrera; horrez gain, haurrek zonbiak makillatzen ikasi ahal izango dute BehobiaZ Txiki Gunean. Beste hainbat ekimen ere izango dira jaialdiak dirauen artean: Animatronik, Hellbytes, zonbi jaialdia, musika emanaldiak…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.