Belcebluesek Euskal Herria ordezkatuko du Munduko Blues Txapelketan

Road to Memphis lehiaketa irabazi, eta AEBetan ariko da hilaren amaieran beste talde askorekin

Asier Elortza, Ibon Larrañaga eta Oihan Vega. BELCEBLUES.
mikel lizarralde
2013ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Memphis, AEBetako Tennessee estatuko hiria, bluesaren hiriburua da. Han daude blues zigilu garrantzitsuenetakoak, eta han du B. B. Kingek bere lokala, zeina mundu osoko zaleen helmuga izaten den. Eta han izango da Belceblues Bergarako taldea (Gipuzkoa) hilaren amaieran. Memphisen egingo baita The International Blues Challenge, Nazioarteko Blues Txapelketa, eta Euskal Herriko kanporaketa irabazita, horretarako aukera eskuratu duelako.Hondarribiko Blues Elkargoak antolatu du Euskal Herriko kanporaketa.

Memphisko txapelketan bi kanporaketa izango dira, hilaren 30 eta 31n, eta horietan izango da Belceblues, mundu osoko ehundik gora blues talderekin batera. Bi kanporaketa horiek gaindituz gero, otsailaren 1ean egin-jokatuko den azken kontzertu-finalean parte hartuko du.

Bluesari lotuak

Belceblues taldea 2005ean sortu zuten Asier Elortzak (baxua eta ahotsa), Ibon Larrañagak (gitarra) eta Oihan Vegak (bateria), Bergaran, eta orain arte bi disko kaleratu dituzte, biak ala biak blues elektrikoari oso lotutako lanak: Infer (2008) eta Diabulus in Musika (2012). Vegaren betebehar profesionalak direla eta—besteak beste, musika jartzaile aritzen da eta EITBko hainbat saiotan aritu da—, azkeneko hilabeteotan Guille Sanz bateria jotzaile madrildarrak ordezkatu du taldean. Orain arte batik bat Euskal Herrianaritu da zuzenean Belceblues —101 kontzertu eman ditu bere ibilbidean—, eta pare bat aldiz baino ez da atera kanpora, Bartzelonara eta Zaragozara. Hori dela eta, Memphisen jotzeko aukeraren garrantzia nabarmendu dute taldekideek: «Merezi du lan eta sakrifizio guztiak; izan ere, horrelako aukerak bizitzan gutxitan gertatzen dira, eta aprobetxatu beharrekoak dira.

Taldea bere hirugarren lana izango dena ari da prestatzen gaur egun, kantuak egiten hain zuzen ere, eta adierazi dutenez, diskoa DVD batek lagundua argitaratu nahi dute. Lan horretan Memphisera eraman dituen bidaiaren nondik norakoak kontatu nahi ditu Belcebluesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.