Belaunaldiaren galderaontzian

Formol Laborategiak 'Album' bere lehen antzezlana estreinatuko du gaur, Azpeitian. Mikel Ibarguren eta Intza Alkain dira antzezleak, eta Edurne Azkaratek zuzendu du obra

Mikel Ibarguren eta Intza Alkain aktoreak, Album antzezlanean. FORMOL LABORATEGIA.
itziar ugarte irizar
2021eko azaroaren 11
00:00
Entzun
«Baliabide guztiak geneuzkala eskura, unibertsitate ikasketa onenak, lan duin bat zain gero... baina zer gertatzen da pauso horiek ematen joan ahala konturatzen zarenean dena gezur hutsa zela?». Galderaren ostean, baieztapen irmoa Mikel Ibargurenek: «Saldu diguten gezurra handia izan da». Eta galdera berriro: «Batez ere, zer gertatzen da galtzen garenean?». Eta azken baieztapena: «Gurea erdi galduta dagoen belaunaldi bat da. Euskal Herrian, gainera, tokatu zaigu horrelako trantsizio aro bat ere bizitzea, eta galderak dauzkagu». Horietatik abiatuta sortu dute, bada, beren lehen antzezlana Formol Laborategiko kideek: Album. Ibargurenek, Intza Alkainek eta Edurne Azkaratek osatzen dute kolektiboa, eta lehen biak aritu dira taldearen lehen antzezlanean aktore; Azkarate, berriz, zuzendari aritu da. Gaur estreinatuko dute, Azpeitiko (Gipuzkoa) 39. Euskal Antzerki Topaketen barruan, Dinamoa sormen gunean.

Pandemiaren aurretik abiatu zuten proiektua laborategiko kideek. «Dena gelditu zenean gure prozesu osoa ere guztiz banatuta gelditu zen. Oso luze joan da, eta egindakoari bultza egiteko gogoa eta beharra sentitu dugu azken asteetan», aitorpena Ibargurenek. 2019an lortu zuten Donostiako Tabakaleran lehen ideiak mamitzeko gunea. Ordurako argi zuten millennial izendatutako beren belaunaldia hartu nahi zutela estreinako antzezlanerako gaitzat: «Ikusten genuen bazegoela guri buruzko kanpo irakurketa bat: egoistak ginela, infantilak, baliabide guztiak eskura izan arren ezer egin ez dugunak... Aukera bat sortu nahi genuen horren aurrean guk hitz egiteko geure buruari buruz». Itu bandaren Ituskizuna-ko poemek obraren hastapenetan izandako pisua ere azpimarratu du. «Bilatu izan dugu gure belaunaldikoon arteko saretze bat; izan literaturan, musikan... Behar dugu hori».

Izan ere, antzerkira itzulita, «belaunaldien arteko talka bat» sumatzen dutela ere aipatu du aktoreak; horrek ere eman diela zer pentsatua. «Konpainia ia denak dira adin jakin batetik aurrerakoak», esan du, eta Azkaratek ere egin dio tira hari horri: «Errelebo faltarena esaldi errepikakorra da, edozein alorretan, baina, errepikatuz gero, sinistu egiten dugu. Erreleboa hartu nahi duenak egin dezala, eta erreleborik ez dagoela uste duenak askatu dezala. Hor egingo dugu denok topo».

Mikel eta Intza

Zuzendariaren begiratokitik, hiru ideia nagusi izan ditu Azkaratek iparrean: lantaldeak era horizontalean funtzionatzea, «zintzotasun eszenikoa» jartzea sorkuntza prozesuaren oinarrian, eta esperimentazioa baliatzea «poetika propioa» bilatzeko orduan.

Album ez baita antzerkiaren ohiko kodeetara egokitzen den lan bat. Izenburuak berak jasotzen du egitura: ez du hasiera jakin bat, ez gatazka zentral bat, ez eta hura konpondu osteko itxiera biribilik. Argazkiak balira bezala, hainbat egoera harilkatzen dira obran, eta askotarikoa bihurtuko den arrainontzi batean agertuko dira, biluzik, Mikel eta Intza. Hala baitute izena antzezlanean ere. Ibarguren: «Beste edozein lanetan ez genukeen aukerarik izango horretarako, Mikel eta Intza bezala agertokian geure buruaz hitz egiten egoteko, baina hor sortzen den magia beste zerbait da. Edurne izan da horren atzetik egon dena; berak harrapatu du tonua. Berak esan zuen: 'Zerbait benetakoa kontatzera baldin bagoaz, hemen dago egia'. Horrekin joan gara kapak kendu eta kendu eta ahal den azalekoen bilakatzen».

Logika berarekin, inprobisazioetarako tarteak ere utzi dituzte, eta Ibargurenek aipatu du obra, oro har, «atzetik aurrera» idatzi dutela: «Hasieratik ikusi genuen zerbait inposatua bazen ez zuela funtzionatzen: Intzak paranoia bat ekartzen bazuen, nik bakarrizketa bat... nolabaiteko produktu usaina hartzen zuen; ez zen egiara igarotzen».

Ikus-entzunezkoak ere baliatu dituzte eszenografia taxutzeko, eta hamaika erreferentzia sartu beren belaunaldia erretratatzeko. «Musikak dramaturgia handia dauka, eta asko dago: Barricada agertuko da, eta Caribe Mix agertuko da. Gure belaunaldiak Eskorbuto kantatu du, baina perreatu ere egin dugu kantu espainol eta matxistekin. Ezkutatu arren, horrek ere definitzen gaitu».

Ohiko formuletatik urrunduta, Ibargurenek zail ikusten du obrak ikusleari «indiferentzia» sortzea: «Uste dut antzerkira joaten ohituta dagoenari baino gehiago gustatuko zaiola ohituta ez dagoenari. Lan arriskatu bat da; hori zen asmoa: zerbait ezberdina egitea, produktu usainik gabekoa. Bestela, bi pauso atzera egitea izango litzateke guretzat ere».

Azkaratek erantsi du arriskuak hartu badituzte horretarako aski babes sentitu dutelako izan dela: «Ez da oso lan ortodoxoa euskal eszenan, baina ez dugu ezer asmatu; beste herrialde batzuetan garatutako praktikak ekarri ditugu, eta hemen bidea ireki duten beste kolektibo batzuen babesa ere izan dugu». Metrokoadrokako Oier Guillan eta Jabi Barandian antzerkilariei eskerrak eman dizkiete bereziki.

Gaurko estreinaldiaren ondotik, eta urtea bukatu baino lehen, Zornotzara (Bizkaia), Oñatira (Gipuzkoa), Lesakara (Nafarroa), Durangora (Bizkaia), Luhusora (Lapurdi), Oionera (Araba) eta Usurbilera (Gipuzkoa) helduko da Album.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.