Metallica, Pearl Jam, Red Hot Chili Peppers, Guns N’ Roses, Depeche Mode, The Cure, Radiohead, Coldplay... Denak dira Bilboko BBK Liveko kartelburu izandako rock talde erraldoiak, eta, hein handi batean, jaialdiak gaur egun duen estatusaren erantzule nagusiak. Edizio horietan etxean bezala sentitzen ziren zaleek nostalgia handiz begiratzen diote orain mendiari, ulertu ezinik noiz galdu zuen nagusitasuna gitarra eta doinu gogorretan oinarritzen den musikak. Jarraitzaile horietako hainbatek jo zuten Kobetamendira Pavement ikusteko, lege zaharreko BBK Live bateko kartelburua. Nahiz eta inguruan musika urbanoa eta elektronika zuten, eta Duki ikusi nahi zuten gaztetxo ugari.
Aldatu dira garaiak. Pavementek jendea bildu bazuen ere, ez zen, inondik ere, kartelburu batek bete beharko lukeen jendetza. Agertoki nagusiaren erdia-edo izango zen. Errazegia izan zen lekua aurrera samar aurkitzea. Belaunaldi gazteenak jaialdiko gune osoan zehar zabaldu ziren kontzertuak iraun zuen bitartean.
1990eko hamarkada hastear zenean sortu zen Pavement. Urte horietan, perretxikoak mendi hezean bezala hedatu ziren rock alternatibo taldeak AEBetan. Ospea hartu zuen Pavementek, baina bigarren maila batean bezala aritu ziren beti, undergroundetik gertuago estadioak betetzen zituztenetik baino. Gehiegi erabiltzen den kultuzko banda etiketa horren zakuan. Hamarkada bukatzearekin amaitu zuten haien ibilbidea, baina orain dela bizpahiru urte itzuli ziren —2010ean itzuli ziren lehendabizikoz—. Kontzertu txukuna eskaini zuten: gitarrak, noise apur bat, baina gehiegi pasatu gabe, melodien garrantzia... Alde basatirik gabeko Pixies batzuen antza hartu zuten. Inoiz galduko ez den ondarea du Pavementek, saihestezina da galdetzea ea merezi duen hogei urteren bueltan itzultzea.
Oso bestelako proposamena taularatu zuen Dukik, Argentinako —eta Iberoamerikako— trap izar nagusienak, eta Pavementek baino zale gehiago bildu zituen ziurrenik. Handinahikeria edonon, Versace alkandora batekin, aurpegia tatuajez beteta, ahobizarrik gabeko hitzak erritmo bizian, sua oholtzan... Belaunaldi berrien rock izarra. Azken finean, gaur egungo trap ikurrek kalkatu egiten dute orain 30, 40 edo 50 urteko izarren jarrera: punkaren nihilismotik, gazteriaren inkonformismora. Kobetamendin ziren gazteenentzat haien bizitzako kontzertua izan zen, eta 35 urte baino gehiago dituztenek ez zuten ia ezer ulertu. Eta, akaso, horregatik gustatu zitzaien hainbeste zuzenekoa gaztetxoenei.
Belaunaldi talkaz harago, trap abeslariak oholtza gainean zuen babesak eman zuen atentzioa. Abestiak pistetan jaurtiki beharrean, musika talde baten laguntza izan zuen. Metaletik oso gertu aritu ziren rap kantari argentinarra babestu zuten musikariak, doinu bortitzak eta ilunak eskainita. Izan ere, iluntasun hori ere bada Argentinan ekoizten ari den traparen bereizgarrietako bat.
Hor ere ikus daiteke belaunaldi berriek aurrekoek egin dutenaz desberdintzeko duten grina, eta, aldi berean, jarrerak errepikatzeko duten joera. Rock talde eta bakarlari handiak egon izan dira Argentinan —Soda Stereo, Andres Calamaro, Ariel Rot—, eta haien idazteko erak asko zuen Julio Cortazar bezalako idazleen malenkonia erromantikotik. Ez da kasualitatea, bada, gaur egun iluntasunaren lorratzean egotea Argentinako musika —Duki, Khea, Trueno— zein literatura —Mariana Enriquez, Samanta Schweblin, Dolores Reyes—, elkar elikatzen, beste behin ere.
Phoenix, itzaltzen ez den sua
Nork bere buruarengan konfiantza handia izan behar du zuzeneko emanaldi bat bere abesti ezagunenarekin hasteko. Edo, akaso, mezu argi bat igortzeko asmoz hartutako erabakia izan daiteke: ahaztu guztia eta etorri gurekin ondo pasatzera. Hain zuzen ere, Lisztomania izan zen Phoenix taldeak jo zuen lehen abestia. Oraindik lekua hartzen ari zen bat baino gehiago saltoka jarri zuten Thomas Marsek eta taldekideek.
Gertatu ohi dena zera da, bestalde: hain goian hasita, zaila dela kontzertu osoa olatu aparrean mantentzea. Ez zuten guztiz lortu; Alpha zulu azken diskoko abestiak jo zituztenean jendeak apur bat deskonektatu egin zuen. Oro har, baina, oso ondo aritu ziren, halako jaialdi handietan beti funtzionatu izan duen formula erabilita: asmo handiegirik gabeko indie-rock dantzagarria jotzea. Funtzionatzen duen beste amarrua klasikoetara itzultzea izan ohi da, eta 2009an argitaratutako Wolfgang Amadeus Phoenix-era jo zuten bakoitzean hankaz gora jarri zuten Kobetamendi.
Bestelakorik ere izan zuen BBK Live jaialdiak ostiralean. Kontzertu performatiboa eskaini zuen Roisin Murphyk, hamaika arropa aldaketarekin eta bere gainetik nabarmendu zen musika talde baten laguntzarekin; klasikoa da, dagoeneko, Morgan musika jaialdietako karteletan ikustea, eta ez du hutsik egiten; Dukiren mailako belaunaldi talka eragin zuen La Elitek ordu txikitan; elektronikaren zaleek asko disfrutatu zuten The Blazerekin, Jamie XX-rekin eta Basoa eta Lasai eremuetan; ukitu exotikoa Tinariwenek eman zuen, Sahara basamortuko doinu tuaregak gaurkotuta... BBK Live txiki asko daude BBK Live jaialdiaren barruan, belaunaldi guztiek goza dezaten.