Belaunaldi baten uzta

Bost urteotan Donostiako Tabakaleran egonaldia egin duten zenbait artistaren obrak ikusgai jarri dituzte zentroan, aurreneko aldiz, 'Estudiotik at' erakusketan

Askotariko lanak bildu dituzte erakusketan. Irudian, Marianna Christofides artistaren It Exhausts my Elbow proiektuko (2018) zenbait diapositiba. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Bisitarientzat ezezaguna den espazio zabal bat dago Donostiako Tabakalerako hirugarren solairuan. Sortzaile askok, baina, ongi ezagutzen dute toki hori: aldi baterako lantoki, sorgune eta topaleku izan dute azken bost urteotan. Baita etxe ere. Gune horretan sortutako obren aukeraketa bat publikoaren aurrean ikusgai jarri du orain, lehen aldiz, Tabakalerak, zentroko erakusketa areto nagusian. Estudiotik at. Bost urtetako sorkuntza izenburupean, «gaur eta hemen sortzen ari den artearen panoramika bat» ematen du bildumak, zentroko kultur zuzendari Clara Monteroren esanetan. Eta artista belaunaldi baten erakusketa dela gehitu du, hain zuzen ere, «Tabakalera belaunaldia» deitu duenarena.

Lanerako guneak ez ezik, askotariko baliabideak ere sortzaileen eskura jartzen ditu hirugarren solairuko Artisten Guneak. Bost urteotan, ehun sortzaile inguru igaro dira bertatik, Tabakalerak aldiro egiten dituen egonaldi programetakoren batean parte hartzeko hautatuak izan ostean. Horietako batzuen obrak eraman dituzte aretora, 35 lan denera. Monteroren hitzetan, egungo artistek baliatzen dituzten askotariko formatu eta tekniken erakusgarri da bilduma; hala, argazkiak, margolanak, marrazkiak, instalazioak, eskulturak, soinu lanak eta ikus-entzunezkoak bildu dituzte. Halaber, artista belaunaldi hori kezkatzen duten gaiak zein diren ere antzeman daiteke bilduman, hala nola identitatearen eraikuntza, gorputza, genero indarkeria eta ingurunearekiko harremanak.

Manu Muniategiandikoetxea artista eta Laura Maioz arkitektoa arduratu dira erakusketa diseinatzeaz. Egonaldia egin zuten haiek ere, elkarlanean, eta halako egitasmoak sortzaileen arteko sareak sortzeko garrantzitsuak direla nabarmendu du Muniategiandikoetxeak. Ildo horretan, uste du erakusketako obrak, prozesu pertsonalen emaitza ez ezik, elkarreragin horien fruitu ere badirela. «Badute etxe honen ukitu bat».

Egonaldiek sortzaileei eskaintzen dieten bultzada nabarmendu dute, halaber, lanak ikusgai jarri dituzten hainbat artistak. Izaro Ieregirentzat, adibidez, «oso aberasgarria» izan zen 2018an Tabakaleran egin zuen egonaldia. Orduan landu zuen erakusketan jarri duen instalazioa: performance baten bideo proiekzioak eta egitura tubular batzuek osatzen dutena. Handik gertu dago Javier Rodriguez Perez-Curielek iazko egonaldian Stasis egitasmoaren barruan sortu zituen piezetako bat.

Bakarka egin zuten lan hainbat artistak, eta beste batekin elkarlanean aritu ziren egonaldian beste hainbat. Bikote artistiko horien emaitzen adibideak ikus daitezke aretoan aurrera egin ahala. Egile bakoitzaren obrak bereiz daitezke zenbait kasutan: 2018an elkarrekin landutako argitalpen bat jarri dute ikusgai Natalia Suarezek eta Gomez Selvak, baina baita lehenaren marrazkiak eta bigarrenaren argazkiak ere. Beste kasu batzuetan, berriz, «egiletzak urtu» egiten dira, Ainara LeGardonen hitzetan; hala gertatzen da, haren ustez, Ignacio Cordobarekin sortu zuen soinu piezan, bi bafletatik entzungai dagoena.

Erakusketan bildutako askotariko tekniken eta formatuen erakusgarri da, halaber, Angela Millanoren eta Julian Pacomioren obra. 2018an, film batetik abiatuta, performance bat landu zuten, eta haren «arrastoak» diren objektuak eraman dituzte orain aretora. Areto beraren bukaeran, Sahatsa Jauregiren eta Julia Panadesen arteko elkarlanaren emaitza ikus daiteke: Mecheros de gasolina instalazioa (2019). Eta bi obra horien artean, beste hainbat daude: Gabriel Garcilazoren eta Mirari Etxabarriren marrazkiak, Claudia Lorenzoren oliozko margolanak eta zelozko eskulturak, Susana Camara Lereten grabazioak, eta Nadia Barkate eta Ignacio Garciaren zianotipiak eta obra grafikoak, besteak beste.

Ildo berri baten hasiera

Estudiotik at bildumarekin, erakusketa ildo berri bat abian jarri du Tabakalerak, Artisten Gunean gauzatzen diren sormen prozesuak jendaurrera eramatea helburu duena, eta datozen urteetan jarraipena izango duena.

Asmo berari erantzuten diote Lantegi Irekiak izeneko jardunaldiek ere, urtean bitan antolatzen dituztenak. Jardunaldiotan, artisten espazioen ateak publikoarentzat zabaltzen dituzte, bien arteko harremanak sustatu, eta sortzaileen obrak eta lan prozesuak ezagutarazteko. Halaxe egingo dute orain ere, erakusketari lotutako jarduera paraleloei hasiera emateko. Gaur arratsaldean eta bihar goizean estudioetara bisita egiteko aukera izango da, orain bertan lanean ari diren artisten proiektuak ezagutzeko. Halaber, eta erakusketak iraun artean —maiatzaren 9ra bitarte—, hitzaldiak, tailerrak, performanceak, proiekzioak eta bestelako jarduerak izango dira Tabakaleran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.