Belaunaldi baten izaeraren lekuko

Jose Luis Zumetak Artozkiko erakusketarako eman zuen koadroa agertu diren obren artean dago. Usoa Zumetak, artistaren alabak, pozik jaso du berria. «Obra honek historia dauka».

Jose Luis Zumetaren koadroa, joan den astean, Iruñean ikusgai. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Usurbil
2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Kolore gorria nagusi duen margolan bat eman zuen Artozkiko erakusketarako Jose Luis Zumetak (Usurbil, Gipuzkoa, 1939-Donostia, 2020), elkartasunez. Hogei urtez galdutzat jo ondoren, berriki agertu da, beste hamahiru obrarekin batera. Koadro hura ez zuen ikusia artistaren alaba Usoa Zumetak, eta «poza» hartu du agertu izanarekin. Sortzailearen obra oparoa katalogatzeko lanetan dabil azken urteotan, eta lokalizatu gabe zituenetako bat da berriki agertu dena. «Sorpresa handia izan da, ez bainuen obra ezagutzen, baina poza ematen du [irriz]. Artxiboarekin buru-belarri nabil orain, eta begira, beste pieza bat! Gainera, obra honek historia dauka».

Duela hogei urte antolatutako erakusketaren berri bazuen Usoa Zumetak, baita ahaztua ere, aitortu duenez. «Entzunda nuen istorioa, baina sekula ez nuen aitarekin honi buruz hitz egin. Gainera, garai hartan bera Nafarroan zegoen [Arriben izan zuen estudioa artistak urteetan], eta ez zen azken hamar urteotan bezala, hemen [Usurbilgo estudioan] parez pare geundela». Halere, ez du harritu artistak egitasmorako obra eman izanak. «Esango nuke espiritu hori berezkoa zutela, eta gero ez ziotela garrantzi berezirik emango». Pluralean ari da, aitaz ez ezik, haren garaiko sortzaileez ere mintzo baita; haren ustez, ohikoa edo nahiko arrunta zen garai hartan artistek halako ekimenei elkartasuna agertzea. «Gero jende gazte asko ere bazegoen, baina uste dut belaunaldi horrek bereziki izan duela kontzientzia hori, sozialki eta herriarekin».

Joan den astean jakinarazi zuten Itoitzekiko Solidarioak taldeak eta Itoizko urtegiak mehatxatutako herritarren batzarrak artelanetako hamalau haien eskuetara iritsi zirela. Hainbat artistak lagunduta egin zuten agerraldia, eta eskatu zuten obra horiekin eta agertzeko falta direnekin museo bat sortzeko, «urtegiak suntsitutako ibar eta herrien memoria gordetzeko». Proposamenarekin ados agertu da Usoa Zumeta. «Iruditzen zait badela gogoratzeko zerbait; nola izan zen dena, artisten laguntza...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.