Azken 30 urteetako funtsezko zinema zuzendarietako bat da». Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sariaren epaimahaiak Montxo Armendariz (Oleta, Nafarroa, 1949) zinemagilearen ibilbidea aitortu nahi izan du aurten, eta Armendarizek Euskal Herriarekin izan duen harremana nabarmendu nahi izan du: «Bere lanak oso modu berezian irudikatzen du belaunaldi oso bat, tokiko esparrutik harantzago joan diren eta publiko zabalari iristea lortu duten egunerokotasuneko istorioetan oinarrituta. Bere lan askotan, EuskalHerriaren alderdi bisualak, kulturalak eta etnografikoak islatzen dira».
1984an, eta Elias Kerejetaren babespean, Tasio bere lehenengo fikzioko film luzea egin zuen Armendarizek, Anastasio Otxoa ikazkinari buruzko lana, baina aurretik eginak zituen beste lan batzuk ere: Ikusmena, Ikuska sailaren barruko lan bat, eta Nafarroako ikazkinak / Carboneros de Navarra, besteak beste.
Prestigioa eskuratu duten zinemagileetako bat izanagatik, Armendarizek ez du filmografia luzea: 1984tik gaur egunera arte bederatzi film luze besterik ez du ondu. Horietako bigarrena, 27 horas, droga mendekotasunean eroritako bi gazteri buruzko filma da, eta Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, 1986an, eta Zilarrezko Maskorra lortu zuen. Las cartas de Alou (1990) bere hurrengo lanarekin, berriz, Donostiako jaialdiko sari nagusia irabazi zuen: Urrezko Maskorra.
Armendarizek beti izan du lotura estua bere lurrarekin, eta atxikimendu hori agerikoa da bere zenbait filmetan. Secretos del corazón (1997) filma, adibidez, besteak beste, Otsagabian (Nafarroa) eta Iruñean filmatu zuen; eta Obaba-n (2005), berriz, Bernardo Atxagaren literatur mundua eraman zuen irudietara. Armendarizek 2011n estreinatu zuen bere azkeneko filma: No tengas miedo.
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria 20.000 eurokoa da, eta udazkenean jasoko du Armendarizek, Donostiako Miramar jauregian egingo den ekitaldi batean. 1995ean eman zuten aurrenekoz saria, eta ordudanik jaso dutenen artean daude Julio Caro Baroja, Nestor Basterretxea, Bernardo Atxaga, Mariasun Landa, Javier Elzo eta Maria Bayo.
Montxo Armendariz
Belaunaldi baten isla
Montxo Armendariz zinemagileak irabazi du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien 2017ko Saria. Euskal Herriarekin izan duen harremana nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu