Belaunaldi baten aztarna gisa

Pier Paul Berzaitz musikariak bakarkako zazpigarren diskoa aurkeztu du, Baionan

Ezkerretik eskuinera, Pantxoa Etxegoin, Bruno Karrere, Joel Merah eta Pier Paul Berzaitz, atzo, diskoaren aurkezpenean. BOB EDME.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Pier Paul Berzaitz & l'Orchestre Symphonique du Pays Basque izenburupean aurkeztu dute Berzaitzen disko berria atzo goizean, Baionako Elkar dendan. Ipar Euskal Herriko Orkestra Sinfonikoarekin muntatutako proiektua da, eta orkestra horretako hamasei musikarik lagundu dute kantaria, 50 urteko kantagintzan kanturik «adierazkorrenak» hautatuz eta orkestratuz, «altxorren» bilduma baten egiteko gisan. Horretarako, moldaketak eta zuzendaritza artistikoa Joel Merahk hartu ditu beregain.

Diskoan parte hartu dutenei 2016ko udan piztu zitzaien horrelako proiektu baten muntatzeko xedea, Baionako Maurice Ravel kontserbatorioan partaidetzak xerkatzen zituztelako lekuko artistekin. EKE Euskal Kultur Erakundera jo zuten, eta Pantxoa Etxegoinen laguntzarekin burutu ahal izan zuten hastapeneko xedea, «naturalki» jin baitzitzaien Berzaitzekin lan egiteko gogoa. Hortaz, orkestra sinfonikoarekin hasi ziren lanean, badira orain hiru urte.

Partaideen zerrendan, Akitania Hegoaldeko Eszena ere hor da, Dominique Burukoa buru, eta baita Elkar elkarteak ere. Denen artean, Berzaitzen kantagintzatik kantu batzuk hautatu eta bi kontzertu prestatu zituzten joan den udarako. Lapurdin, Hendaian eta Bokalen, emanik, kontzertuak arrakasta «handia» bildu zuela ikusi eta horri segida baten emateko bidea ireki zuten. Lan horrek denboran iraun zezan,joan den otsailean grabatu dute diskoa Elkarren estudioetan, Donostian.

Kontzertuak berriz emanen dituzte, gainera: azaroaren 8an, Donapaleuko (Nafarroa Beherea) San Luis zinema gelan, 20:30ean; eta azaroaren 10ean, igandez, Baionako Henri Grenet Auditoriumean, arte eskolan, 17:00etan.

Baratzea eta fruitua

«Baratze eder bat badugu hemen», erran du Etxegoinek disko aurkezpenean —Berzaitzen Baratze bat kantu famatuari erreferentzia eginez—, kantariaren ibilbidea ohoratuz. Guk musika taldearen kide izanik, hainbat pastoralen idazle izanik eta horrelako ibilbide «aberatsa» izanik, Berzaitzen obrak horrelako disko bat «merezi» zuela uste du EKEko zuzendariak. «Uste dut fruitu eder bat izanen dela gure euskal kulturaren ondare bizian», adierazi du. Gaineratu duenez, Merah musikari, konpositore eta moldatzaile «handiarekin» lan egiteak «gainbalio» bat ekarri dio diskoari, eta, orohar, partaide desberdinak elkartzean «altxorrak» sortzen dira. Euskal Hirigunearen «lehen diskoa» dela azpimarratu du Etxegoinek, eta eskerrak eman dizkio erakunde horretan kultur ondarearen ardura duen Bruno Karrereri.

Berzaitzek, berriz, horrelako orkestra handi batekin lan egitea «ohore» bat izan dela erran du. Merahk egindako lana oroituz, lanari garrantzi «handia» ematen diola erran du. «Badakigu diskoak ez direla anitz saltzen, baina pentsatzen dut beharrezkoak direla; luzaz egoten ahal den gauza bat da». 50 urteko kantagintza landua eta orkestratua prestatzea ez da lan txikia, erantsi duenez: «Ez da erraz euskal musikaren aldetik ukaitea produktu bat horren ontsa harmonizatua orkestra handi batentzat eta kantari batentzat». Emaitza «ederra» eta «bikaina» dela uste du, diskoa «aztarna bezala» hor izanen baita ondoko belaunaldientzako.

Hamahiru airek osatzen dute diskoa, eta, Merahren ustez , kantu «arkaikoak» hartu eta manera «modernoan» jotzen dituzte, «ezohiko» ideietan oinarriturik, kantua «desberdinki» ikusi ahal izateko. Hamahiru kantu horietan, Arnaud Oihenart, Xabier Lete eta beste hainbat idazleren hitzak ezarri dituzte musikan, «tradizioa eta sorkuntza uztartuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.