Nostalgiaren makineriak bete ditu goraino Josu Zabalak eta Iñaki Garitaonandia Gari-k egunotan Hertzainak taldearen kantekin Bilbon eskainitako hiru kontzertuak. Ez nostalgiak soilik, baina nostalgiak nagusiki. Musika harekin lotutako bizipenak gogoratzeko asmoz joan zen jende gehiena Bilboko Kafe Antzokira joan den astean, eta berdin atzo Euskalduna Jauregira ere. Baina abestiak taldea sortu zuen une historiko zehatzaz harago doazela ere erakutsi nahi izan zuten musikariek, bi ordutik gorako kontzertu zaindua eskainiz, eta euren aurreko eta euren osteko belaunaldietako musikari lagunak oholtzara gonbidatuz. «Aspaldi ez gara benetako Hertzainak», onartu zuen Zabalak kontzertuan, justu Hertzainak abestia jotzen hasi aurretik. «Bagarela esango bagenu ere, gezurra esango genuke, baina, ala! Goazen aurrera!». Eta, beraz, Hertzainak ikusi zuen jendeak.
Aretoa nolakoa, kontzertua ere halakoa. Euskalduna Jauregian asteazkenean emandako kontzertua baino beroago joan zen aurreko astean Kafe Antzokian emandakoa. Goraino beteta egon zen hura ere —bostehun pertsona ingurukoa da edukiera—, eta, abesti ia berberak eskaini arren, zuzenagoa izan zen hango saioa. Organikoagoa. Hurbilagoa. Nahi bada, rockeroagoa. Eta biluztasun horri esker jaitsi ahal izan ziren jende artera, adibidez, 564 abestia mikrofonorik gabe kantatzera.
Ezin halakorik egin Euskaldunako 2.164 eserlekuen artean, eta, antzokiko saioaren aldean, musikalagoa izan zen herenegungoa. Ñabarduretan aberatsagoa, eta itxura jantziagokoa. Konponketa zainduagoekin. Soinu zehatzagoarekin. Gainera, musikariek kontzertu osoan atzean izan zituzten Aitor Oñederra ilustratzailearen animazioak.
«Lagun zaharren festa». Hala izendatu zuen herenegungo saioa Zabalak, erdi brometan eta erdi serio. Izan ere, gonbidatu zerrenda luzea eduki zuten ondoan Hertzainak taldeko kide izandakoek: Ruper Ordorika musikaria, Platero y Tu taldeko Iñaki Anton Uoho gitarra jotzailea, Joseba Agirre txistularia, eta Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Jon Maia bertsolariak ere bai, kantuan. Hertzainak sortu aurretik ere martxan zen Oskorri taldeko Natxo de Felipe eta Bixente Martinez ere igo zituzten oholtzara, eta Hertzainak desagertu ostean agertutako belaunaldiei ere egin nahi izan zieten gonbidapena. WAS taldeko Jon Agirrezabalagak gitarrarekin lagundu zien, esaterako, eta Gorka Urbizu eta Miren Narbaiza musikariek abestu zuten Ispiluaren aurrean kanta.
Antzokian bezala, Euskaldunan ere tarteka aritu ziren Gari eta Zabala taldearekin eta bikotean, eta Et Incarnatus orkestrako kideek lagundu zituzten biolinekin eta txeloarekin abesti batzuetan. Hala eman zuten Aitormena ezaguna, esaterako.
Auditoriuma dantzan
Memoriarako tarte batzuk ere izan ziren. Hertzainak-en eta haren inguruan ibilitako lagunak izan zituen gogoan Garik, adibidez, eta txaloz jaso zituen jendeak Tito Aldama, Nacho Cicatriz eta Iñigo Muguruzaren aipamenak. Euskalduna ontziolako gatazka hartu zuen ahotan Zabalak Eutsi gogor abestiaren aurretik. Greban ziren langileentzat sortu zuten kanta, eta lantokian bertan eman zuten lehen aldiz. «Guk Euskalduna ontziolan jo aurreko egunean hainbat langile egon ziren balaz zaurituta, eta bat hil egin zen, bihotzekoak jota».
Kontzertuak aurrera egin ahala, kabitu ezinean zebilen jendea eserlekuetan, dantzarako lekua topatu nahian. Musikarien keinurik txikienarekin hasten ziren txaloak, ordea, eta berehala zabaldu zen poza, adibidez, Zabalaren soinutik Sigarrillos amariyos abestiaren lehen akordeak entzun zirenean. Energia estatiko hori zuen giroak, baina puntualki baino ez zen zutitu jendea dantzarako, harik eta, azkenean, giroa erabat lehertu zen arte, lehen bisaren aurretik eskainitako hiru abestiko segidarekin. Ruper Ordorikak lagundutako Ta zer ez da berdin abestiak zutik eta dantzan jarri zuen aretoa, eta jarraitu egin zuen festak Eh Txo! eta Pakean utzi arte kantekin. Ikus-entzuleak zutik, kantuan, dantzan. Eta txaloka eta txistuka gero, beste bat gehiago eskatuz.
Bi bis eman zituzten, eta Guantanamera eta Arraultz bat pinu batean abestiekin itxi zuten emanaldia. Gonbidatu guztiak turuta banarekin oholtzan, ikus-entzuleak dantzan, eta, taldekideek atzean jotzen jarraitzen zuten bitartean, urrats bat aurrerago jarri ziren Zabala eta Gari, jendearen txalo zaparrada jasotzen, elkarri besarkatuta biak, eta hitz bakarrarekin pantailan: Hertzainak.
Belaunaldi arteko Hertzainak
Euskalduna jauregia dantzan jarri dute Josu Zabalak eta Iñaki Garitaonandia 'Gari'-k Hertzainak taldearen abestiekin, eta hamaika musikari gonbidatu dituzte oholtzara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu