Literaturazaletasunaren alde bidea egiten jarraitzeko gogoz iritsi da Alberdania bere 30. urteurrenera. Eta bide beretik baina xendra berrietatik urratsak egiteko asmoa du. Horren adibide da argitaletxeak abian jarri duen egitasmoa: hamalau audioliburu osatu eta plazaratu berri ditu. Irakurle mota desberdinak izan ditu gogoan proiektuari hasiera emateko, eta literatur lanen aukeraketa zabala osatu du horregatik. Edonola ere, eta euskarriak euskarri, testuaren zein irakurketaren balioa aldarrikatu dute Alberdaniako arduradunek lanen aurkezpenean. Testu irakurriarena, ozenki nahiz isilik egin daitekeena. Letrak belarriz irakurtzeko aukera ere bai baitago orain.
Hamalau liburuak aukeratzeko garaian, adin eta gustu guztietako irakurleak izan dituzte gogoan. Hala, guztira, bederatzi eleberri—horietako hiru gazteentzat—, lau ipuin bilduma eta hainbat generotako piezaz osatutako haurrentzako liburu bat ondu dituzte audioliburu formatuan. Horretarako, audioliburuak.eus enpresa espezializatuarekin elkarlanean aritu direla azaldu dute, eta mimoz zaindu dutela ekoizpen prozesu osoa. Oier Etxebeste argitaletxeko kideak gogora ekarri duenez, Alberdaniaren urteurrenarekin bateratsu abiatu dute «ekimen berritzailea», eta, haren ustez, horregatik ez ezik, beste arrazoi batengatik ere bada berezia: «Euskal liburugintzan ari garen guztiok badakigu hil edo biziko kontua dela teknologiak eskura jartzen dizkigun baliabideak modu egokian erabiltzea». Alberdaniak bide horretan beste urrats bat egin duela gaineratu du.
Ahots goran irakurritako liburuen grabazioek hainbat formatu eta euskarri izan ditzaketela azaldu du Aritz Galarraga editoreak, eta beste kultura batzuetan «irakurzaleen ohituretan bere bidea egiten eta indarrez sartzen» ari direla —Ingalaterran, Frantzian eta Alemanian, adibidez—. Alberdaniaren urratsa nabarmentzeko modukoa iruditzen zaio, ez bat ez bi, hamalau audioliburu atera dituelako kolpetik. «Apustu inportantea inondik ere, eta garrantzitsuena, oinarrian adin guztietarako literatura ona duen apustua». Halaber, zehaztu du «lehen mailako esatariek» jarri dietela ahotsa liburuei, hala nola Iñaki Beraetxek, Ainhoa Aierbek eta Klara Mendizabalek —baita bi egilek ere: Uxue Alberdik eta Amaia Telleriak—. Eta gaineratu, autore eta obrei dagokienez, eskaintza ugaria plazaratu dutela, eta etorkizunean segida ematea merezi duela.
Alberdaniaren hamalau lanok Interneten eskuratu ahalko dira, bai audioliburuak eta liburu elektronikoak eskaintzen dituzten plataformetan, bai eLiburutegia liburutegi digitalean.
Ahozkotasunari gorazarre
Bere idatziei ahotsa jarri die orain Amaia Telleriak, haren bi lan bere bozarekin eman baitituzte audioliburu formatuan. Idazleak inportante deritzo irakurleak, liburuak hautatzen dituen moduan, haiek nola irakurri aukeratzeko modua izateari. Behin idazle bati entzun zion bezala, haren ustez ere «garrantzitsua irakurtzea baita, ez du axola nola». Euskarri orotan euskarazko lanak egotea ere garrantzitsutzat dauka, eta gehitu du beste formatuek ez dituzten hainbat abantaila dituztela audioliburuek: esaterako, ahozkotasuna lantzeko aukera ematen dutela.
Ahozkotasunaren balioaz hitz egin du Anjel Lertxundi idazleak ere, eta gogora ekarri du verba volant, scripta manent latinezko esaldia (esana badoa, idatzia hor geratzen da). «Esaldi hori beti ulertu izan da ahozko jardunak garrantzirik ez balu bezala, eta benetako balioa idatziak izango balu bezala». Beste iturri batzuen arabera, ordea, jatorrian beste bat zen esanahia: ahozkoak hegan bere bidea egiten duela, iristen dela, eta letrak, aldiz, han geratzen direla, irakurle baten zain. «Izatez hasieran, eta jardutez bizi osoan, literatura ez da idatzia bakarrik izan; ahozkoa ere izan da».
Edizioaren munduan izandako aldaketez eta aurrera begira etor litezkeenez gogoeta egin du Jorge Gimenez Bech editoreak audioliburuen aurkezpenean. Haren ustez, 2010ean, liburu elektronikoek «den-dena jan behar omen zuten garaian», gutxi hitz egin zen euskarri berriak sorkuntzari ekarri ahal zion bultzadaz, eta asko, berriz, liburugintzaren industriari eman ahal zion kolpeaz. «Ia hamabost urte geroago, badakigu liburu elektronikoak ez duela hondatu liburugintzaren sektorea, eta, aldiz, literatura gozatzeko aukera erraztu egin diola irakurle ez gutxiri. Beste hainbeste eskatzen diogu audioliburuari».
Halaber, Gimenezen hitzetan, irakurzaletasunak etsai ditu gaur egungo bizimoduaren ezaugarri batzuk —irakurtzeko tempus egokirik eza, gogoetaren eta ezagutzaren «banalizazioa» eta beste aipatu ditu—, zer esanik ez euskal letren munduari begiratuta. Errealitate horrek, baina, ezin duela etsipenera eraman defendatu du, «Alderantziz: bide berriak urratzera bultzatu behar gaitu». Alberdaniak horren alde apustu egiten duela berretsi du, eta, proiektua aurrera ateratzeko instituzioen babesa izan dutela-eta, neurri horietan sakontzera deitu ditu.
Belarriz irakurtzeko letrak
Alberdania argitaletxeak hamalau audioliburu plazaratu ditu. Irakurle mota desberdinak gogoan, bederatzi eleberri, lau ipuin liburu eta haurrentzako obra bat grabatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu