Belarri berriekin entzuteko

Amaren alabak taldeak 'Plazandere' diskoa plazaratu du, kantu ezezagun eta ezagunekin jostatuz

Amaren Alabak taldeko kideetako bost kide. Arantxa Camus falta da. BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Irisarri
2013ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Gomitak normalki ez dituztela nehoiz errefusatzen dio irriz Maider Bedaxagarrek. Horrela dabiltza azken urte andana honetan plazaz plaza, eta hala segitzeko asmoz daude. Gaur berean Uztaritzen ariko dira Hartzaro jaialdiaren karietara, 21:00etan Kiroletan. Plazako andereak, hots. Atera berri duten Plazandere (ZTK) diskoaren izenaren haritik. Seikote zuberotarraren bigarren grabaketa da diskoa, Mauleko zuzeneko emanaldi batena.

Bi grabaketen artean bost bat urte iragan direla, agian ezagunago egin dituen Hostoak ikusgarria ere izan dute. Euskal Herri gaindi 40 bat plaza eman dizkiena, Oreka TX eta Kukai lagun. Hori ere, errefusatu ezin zuten gomita bat. Oreka TXrekin Herri Urratseko kantua egin eta, hortik txalapartariek deitu, eta hori proposatu.

Ikusgarriaz beren iritzia galdetutakoan, eszenografia aldetik eta, beren «mugetan» zirela aitortu du seikoteko Ihitz Iriartek, eta gehitu «erresistentzia» ere egin izan dutela, beren ekarpenak eginez. Beren izaeraren atxikitzeko. Taldearen izaera aspaldian finkatua baitute, eta argi baitute zer diren. «Mezulariak», Etxekoparrek laburbildu duenez. Idazle batzuen hitzak kantatzen dituztela, hitz horiek ulertzera ematea, mamira sarraraztea, hori biziki inportanta zaie: «Ohartu gara kantaldi anitzetan kantua behatzen dela hitzei behatu gabe, justu eder baita. Hori da zepoa kantorearekin. Kantu zenbaitendako baldinba ez duzu axolarik, baina guk kantatzen ditugun kantoreetan egiazki nahi ditugu hitzak iraganarazi», deritzo taldeko Maika Etxekoparrek.

Hori saihesteko, hitzekin, kantuarekin jostatzea erabaki dute. Bi aire nahasiz, erritmoa hautsiz edo ezusteak sortuz, zenbait aldiz belarriarentzat ez bada hain goxo ere. Etxahun Barkoxeren Ofizialeenak kantuarekin, adibidez. Lehen bertseta, Oi laborari gaixua-rekin hasten den hori, ez dute ematen. Usu entzuten dena: «Guk ere haur ginelarik ematen genuen. Baina ez genuen deus konprenitzen. Ez adinarengatik baizik. Galdu dute kantu horiek zerbait. Nigarra begian kantuarekin, gauza bera. Zenbaitek ematen dute esku zartaz, kantore alai bat balitz bezala. Alta, grabe duzu… Behar genituen gauza zenbait berriz beren lekuan ezarri», taldeko Maider Bedaxagarrek esplikaturik. Eta Etxekoparrek: «Belarrien iratzarrarazteko, jendeak ohar daitezen hitzei behatu behar dela. Gure kantuen interesaren erdia, edo haboro, hitzetan dela». Eta nolako hitzak. Etxahun Barkoxe, Jean-Mixel Bedaxagar, Xalbador, Jean-Louis Davant, Pierre Paul Berzaitz, Ttittika Rekalt, Eñaut Etxamendi, Attuli Barkoxe, Armagnaceko Paul Tallez apeza, Mixel Etxekopar eta Didier Agerre dituzte beren kantuen hitzen egile.

Libre

Beti, idazle horiei begira, «errespetuz» zehaztu du Iriartek, baina «libertate osoz», lasai, sinpleki: «Euskara baitakigu. Ahal gara aritu horrekin jostetan», Bedaxagarrek. Eta hori ez da denen esku. Zuberoan berean, kantariak badira, boz ederrak ere bai, «baina ez dira buruarekin ari, ari dira bozarekin deusez sobera konprenitu gabe».

Hitzez gain, kantatzeko maneran ere badute zerbait berezi Amaren Alabak-ekoek, boza pausatzerakoan, telebistako estandarretatik urrun. Eta horrek ere, beharbada, sortzen du beste harreman bat kantuarekin: «Gure inspirazioa Zuberoako 80 urteko jende batzuk dira», dio Etxekoparrek. Musika tresnarik ez dute, dena a cappella dute ematen, mikro eta argirik gabe: «Soto batetan hartzen ahal gara elektrizitaterik gabe», Etxekoparrek. Eta hori ere, libertate bat.

Baina hara, anitzetan, zuberera ulertzen ez dutenen aitzinean ari dira. Ironiarik ez dute eskas, hain justu, egoera hori aipatzean, bereziki delako Hostoak ikusgarrian: «Anitz gustatu zaie sei neska gazte Zuberotik jinik freskuraz beterik», irriz beti Iriartek. «Ekartzen genuen guk Euskal Herriko indianoen parte hori, ananas parte hori», segitzen irriz, Etxekoparrek. Halere, merezi du. Segitu, hobetzeko asmoz, Euskal Herria bat bera dela jabeturik, nahiz eta ez duten kurtso ematen ibili beti: «Orain, jendea ez bada kapaz ulertzeko zer garen, haien irudiarekin egoten badira, paso», Bedaxagarrek. Halere, gauzak hobetuz doazela pozten da Bedaxagarrek: «Oroitzen naiz ttipi nintzelarik, ETB horra zelarik aitaren [Jean-Mixel Bedaxagar] filmatzera grabeagoa zen. Hor, egiazki heldu ziren kanpainako jendeen ikustera. Azken 20 urteetan kanbiatu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.