Belar txarren arteko poemak

Lizar Begoña idazleak 'Gepardo japoniarrak' poesia liburua kaleratu du Susa argitaletxearekin

Lizar Begoña idazlea, Gepardo japoniarrak liburua eskuetan duela, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Ez omen dago gepardorik Japonian. Ez zoologikoetatik kanpo, behintzat. «Zehazki non dago japonia hori?/ lavilledieuko ateetan, eta frantzian daude/ ishikawa, toyama eta niigata», esaten du Lizar Begoñaren Japoniak poemak. «Baina Japonia edonon egon daiteke gaur egun, beraz, agian egongo da gepardo japoniar bat Namibian ere», erantsi du Leire Lopez Susa argitaletxeko editoreak. «Mundu konektatu» hori da Begoñaren (Sopela, Bizkaia, 1996) Gepardo japoniarrak liburu berriko gaietako bat. Atzo aurkeztu zuten, Donostiako Tobacco Days liburu dendan.

Hain zuzen, idazleak zoo baten moduan irudikatu du bere poesia Zoologikoa olerkian: «[...] hitz segidak datozkit/ munduz egituratuak/ eta jakin nahi duzu logika// baina/ galdetuko bazenit// haiek direla datozenak/ eta nik, zera:/ zoo libre bat egin diedala// esango nizuke». Eta lanaren askatasun hori nabarmendu du Lopezek: «Logika egituratuak desafiatuz eta formaren aukera zukutuz, mundu garaikidearen testurak biltzen ditu, organikoenetatik ukiezinenetara».

Begoñaren bigarren poema liburua da. 2020an, Aro beilegia argitaratu zuen, Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitaletxeak antolatutako Donostia Kultura poesia saria irabazi eta gero.

Lana bost ataletan banatuta dago. Poema bana duten Amaiera eta Hasiera atalek irekitzen eta ixten dute, izenek adierazten duten kontrako ordenan: «Dena biltzeko parentesiak izan litezke, edo guztiz kontrakoa. Uste dut manifestu bezala funtzionatzen dutela, zeren bietan aldarrikatzen baitut poesia idatzia, poesiak paperean daukan gorputza edo materia», azaldu du idazleak.

Amaiera-ren ondoren dator Intentziorik gabeko kimuak atala, liburuko poema gehienak biltzen dituena, 47tik 37, eta hiru azpiatal ditu: poema laburrak daude lehenengo bietan, eta luzeagoak hirugarrenean. «Intentziorik gabe idatzitako poemak sartu ditut: kaosa, belar txarrak... Horrelako kontzeptuak ekartzen dituztenak; ez eduki aldetik, baizik eta trataeragatik». Formari dagokionez, poesia bisualaren garrantzia nabarmendu du Begoñak.

Cyperus rotundus atala, hirugarrena, sei zatitan banatutako poema luze bakar batez dago osatuta. Landare baten izen zientifikoa darama, munduko inbaditzaileenetako bat omen dena: «Interesatu zitzaidan poema sorta horri izen hori jartzea, nahikoa kaotikoa delako poema bera». Jorge Oteizaren Itziar elegía y otros poemas lanaren eragina nabarmena da, eta keinu zuzenak egiten dizkie hango pasarte batzuei: «Irakurri nuenean, harrituta utzi ninduen; forma eskultorikoetatik hartutako figurak, nola idazten duen, nola ordenatzen dituen espazialki hitzak eta esaldiak, nola jartzen duen gramatika hankaz gora...».

Azkenik, Hasiera-ren aurretik, Hirugarren paisaia-k lau testu narratibo jasotzen ditu, eta laurek zuzenean edo zeharka hitz egiten dute lau espezieren inguruan: anemona, palmondoa, bonsaia eta kaktusa.

Egiturak berak garbi erakusten du Begoñak forman ipini duen arreta. «Poema nahikotxotan jotzen da forma bihurritzera, edo behintzat hor atzean erabakiak hartzen dabilen norbait agertzera», esan du Lopezek.

Hitzezko paisaiak

Edukian, ageri dira lorategiak eta landareak, arte garaikidea, sormen prozesuak, mundu birtuala eta izen asko: Chris Marker, Marguerite Duras, Ursula K. Le Guin, Agnes Grey, Bronte, Bergman, Kavafis, Levi... Begoñak agerian utzi ditu berak idatzitakoa elikatu duten irakurgaiak.

Gilles Clement paisajista, lorezain eta idazlearen aipu batekin abiatzen da liburua, haren teoriak eragin handia izan duelako idazkeran. «Sartzen ditu belar txarrak, landaredia kaotikoa, basatia, hirietako bazterretan agertzen diren landareak... Lursail batean sartzen du dena, eta ez du erregulatzen; kontrakoa, uzten du ahalik eta aniztasun handiena izaten. Polita iruditu zitzaidan, paralelismo bat egin genezakeelako poesiarekin edo piezekin».

Guillermo de Foucault artista lagunak egin du liburuaren azaleko irudia: adreiluen inguruan hazitako landareak ageri dira. «Elkartzen ditu aipatutako kontzeptu batzuk: landarea, hiria, belar txarrak, nahi ez ditugun landare horiek...», idazlearen ustez. Irudia mugetako espazioekin lotu du Lopez editoreak: «Liburua ere mugako espazio horietan eroso egongo litzatekeela esango nuke, belar txarren artean. Iradokitzeko ahala du, irakurleari espazioa uzten dio. Poemek misteriozko pilulak dirudite batzuetan, irakurlea ezagun ez zaizkion lurretara eramaten dutenak, mugetan ageri diren eremu horietara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.