Uda batez Galeuscan

Belaontzia

Aina Fullana Llull 1997an jaio zen, Manacorren (Mallorca), eta han bizi izan da beti. Istorioak asmatzeko grinak hartaraturik, ipuinak eta komikiak argitaratu ditu txikitatik. Katalan Hizkuntza eta Literaturako gradua ikasi zuen Balearretako Unibertsitatean. 2018an, lehen saria irabazi zuen Femeninoan Idatzitako Kontakizunen Lehiaketan, gazteen kategorian. Ikasketak bukatu eta gero, urtebete ibili zen bidaiatzeari eta idazteari emana. Konfinamenduan, lehenbiziko eleberria bukatu zuen, Els dies bons (Egun onak), eta Bromerak argitaratu zion, 2001ean Alfontso Bihotz-handiaren Institutuak Valencia saria eman eta gero, narratiba sailean. Valentziako Idazleen Kritika Saria jaso berri du eleberriak. Berrogeialdia bukatu zenean, helduentzako katalan eskolak ematen aritu zen. Aurten, zuzenketari eta hizkuntza aholkularitzari buruzko graduondoko bat egin du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta bertze bat helduentzako katalan irakaskuntzakoa Viceko Unibertsitatean. Ipuinak ere idatzi ditu zenbait aldizkarirentzat.

TERE GUIX.
Aina Fullana.
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Hamaikagarren aldiz, eguzkiaren argia ahaleginean ari da nire atsedenlekuan sartzeko. Edozein modutan, ez da hori izan azken egun hauetan lorik ez egiteko arrazoi bakarra. Jaiki, eta gosaltzera joan naiz. Gure alabatxoa eta zu sukaldean zarete nire esperoan, egunero bezala. Beti izan zarete goiztiarrak, baina badira egun batzuk ohatzea ez duzuela ia ukitu ere egin. Zuek gutxienez bake ederrean hartzen duzue atseden. Orain dela urte asko ohitu nintzen itsasoaren kulunka etengabean bizitzen. Baina ohitzea gauza bat da, eta hartaz gozatzea beste bat. Halako bidaiak egin genituen lehenbiziko aldietan, anitz kostatzen zitzaidan lokartzea; aldiro erraten nizun, «nola lasaituko naiz, ba, halako tratu txarrak hartuta? Ohatzean etzatean, logela bueltaka hasten da, eta burua batetik bertzera ibilki zait, belaontziaren bizkarrean bueltaka hondartzako baloi bat bezala».

Eta bete-betean asmatu nuen konparazioarekin. Gure alabatxoak bi urte bete zituelarik, hondartzako baloi bat oparitu genion, plastikozkoa, gehien gustatzen zaizkion marrazki bizidunen irudiak dituena, eta, geroztik, irteera guzietara eramaten dugu. Iluntzero, alaba ohatzera joan baino lehen, beti erritual bera: «Non da baloia? Batek daki. Bueltaka», harik eta bietako batek baloia aurkitu eta gordetzen duen arte. Alaba eduki baino lehenago, bertzelakoa zen dena. Baina ez hura sortu aitzinetik bakarrik, hagitzez lehenago ere bai, oraindik burutik pasatu gabea zitzaizunean ni ez bertze norbait maitatzeko ideia.

Aitortu behar dut badela gustuko dudan gauza bat hemen pasatzen ditugun boladetan: euria. Olatuen gainean euria denean, euria da bertzerik gabe. Munduko leku bakarrean izaten da euria bertzerik gabe, itsasoan. Hemen ez da autorik, ez motorik, ez alternadorerik, ez oihuka ibiltzen den jenderik, ez telebista ikusten duen bizilagunik, ez aire giroturik, ez garbigailurik. Hemen, euria da, bertzerik gabe. Euria da, eta, batzuetan, ez dakizu goitik edo behetik datorkizun, ezta tximista zuregandik hurbil erori den edo ozeanoaren bertze aldean, ezta gizakia edo ura zaren, ezta arrain bihurtzea gustatuko litzaizukeen ere, Rodoredaren ipuinean bezala. Eta, orduan, isildu, eta euria eta zornea sumatzen dituzu.

Zuri, ordea, izugarri gustatu izan zaizu beti itsasoaren kulunkarekin lokartzea. Nola erraten zenuen? «Begiak itxi, eta uraren marmarra aditzen baduzu, eta poliki-poliki mugitzen den zur hezearen kirrinka, ematen du kutxa txiki baten barrenean bizi garela, eta hartan gordea dugula itsaso guzia. Itsasoa nirea dela sentiarazten dit horrek, eta ez dudala zertan izutu». Ordurako histeriko jartzen ninduzun, zure istoriotxoekin. Segur aski, bertzeak bertze horregatik asperrarazi ninduzun poliki-poliki, eta horregatik erabaki nuen, duela zenbait egun, irteera honen ondotik ez nuela gehiago bidaiatuko zuekin biekin.

«Lastima da hau izatea hirurek elkarrekin eginen dugun azken bidaia», erran dizut kafeari eztia nahasi bitartean. Baina zuk erantzun ez. Badira zenbait egun gogoa bertze nonbait duzula, bertze mundu batean bazina bezala. Egia da nire erabakiak dena aldatu zuela. Baina errua ezin didazu niri bakarrik egotzi. Badakizu maite zaitudala. Eta ez dut ukatuko pixka bat pasatu nintzela. Oroitzen zara? Eguzkiarekin batera jaiki ginen, gaur bezalaxe, beti bezalaxe. Kaioak aditzen ziren karrankaka, eta itsasoa bare zegoen. Kafea prestatu zenuen, baina beroegi zegoen, eta erre egin nintzen. Orduan, zure istoriotxo horietako bat kontatzen hasi zinen, inoiz probatu zenuen kaferik hoberenari buruz, «aroma zitrikoa zuen, eta samina eta hagitz gozoa zen aldi berean. Kakao organiko pizar bat ere bazuen. Imajinatzen duzu nolakoa izanen den munduko kaferik gozoena? Ba, halakoxea zen».

Brasilen edan zenuen, ni ezagutu baino lehenago egin zenuen bidaia batean, olatuek surf ohol baten gainean hara eramandako frantses baten jatetxean; frantses hark «kafe eta txokolatezko eskuak zituen, leunduak, egunero behatzetan edukitzen zuen lur hezeari eta landareen ferekei esker». Harexek erran zizun kafe ale gordinak izugarri onak zirela osasunarentzat, eta zuk sinetsi. Ez zenidan erran, baina ikusita nolako grinaz deskribatu zenizkidan esku haiek, segur naiz larrua jo zenutela, lurrez zikin-zikin eta heze eguzki tropikalaren pean, orain irrika pizten zizun eta urrundik miran oroitzen zintuen herri txiki-txiki hartan. Gainera, pentsatu nuen inori ez zaiola bururatzen kafe on bat irudikatu eta hari kakaoa edo aroma zitrikoak ematea. Eta pentsatu nuen garai batean niri ere begiratzen zenidala pasioz, orain aspaldiko maitale baten berri ematean erakutsi duzun pasio berberaz, beti agerian zeure-zeurea den ezinegon hori, ni beneratzeko modutzat hartu nuena, eta zugana itsatsi ninduena lapa baten pare. Orduan ere hortxe entusiasmozko espantu handiegi haiek, orain neure onetik aterata naukatenak. «Anitzetan pentsatu dut hara itzultzea».

Ohartu orduko, zure lepoan nituen bi eskuak, gogor estutzen. Ez zinen kexatu, ez oihurik egin, ezta kontra hasi ere. Baina zure begirada... Gogoan ditut zure begiak, nireetan iltzatuak, barren-barrenean, errukia eskatzen, nahiz eta jakin ez zutela halakorik izanen. Zabal-zabal, nahasiak, baina harrituak ez. Begi batzuk itsasoz eta maitasunez beteak, eta gaur, egun gutxi batzuen buruan, zabal-zabal daude oraindik ere, baina orain ez dute inolako gizatasunik isurtzen. Uste dut inpresio desatsegin horregatik ez niola begiratu gure alabari hil nuenean.

Kafea hoztua da, eta ni leher egina nago, logaleak; ziraldoka ari naiz alde batetik bertzera, hondartzako baloia bezalaxe, sukaldeko lurrean dauden bi hilotz geldien artean bueltaka. Bertze kafe bat prestatuko dut, eta, gero, hainbertze gustatzen zitzaizun itsaso horretara botako ditut zuen gorpu zurbilak.

Itzultzailea: BERRIAko euskara taldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.