Zazpi bekatu kapitalen ideian oinarrituta, gizakiaren gaiztakeriari buruz egindako «satira ausart, fresko eta dibertigarri» bat saritu du Donostia antzerki sariaren aurtengo epaimahaiak: 7ak bat. Gaiztoetan gaiztoenak antzezlana. Iaz konpainia profesional batek euskaraz eta helduentzat taularatutako obrarik onena horixe izan zela ebatzi dute epaimahaikideek, eta, horrenbestez, ATX konpainiari egin diote aitortza sariketaren XX. aldian. 12.000 euro eta Amable Ariasen artelan bat jasoko ditu taldeak. Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo dute saria emateko ekitaldia, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 19:30ean; gero, bertan emango dute obra.
Epaimahaiaren ustez, antzezlana sorreratik bertatik da «berezia», antzezleek elkarlanean sortu dutelako; hori obran nabaritu egiten dela eta «sinesgarritasuna eta indarra» eman dizkiola iritzi dio. «Antzerki lengoaia bikaina» baliatu izana ere nabarmendu du epaimahaiak: «Izan ere, lanak lortzen du ikuslearengana iristea, taula gainean oso baliabide gutxi izan arren. Eremu eszenikoa biluzik ageri da, eta, tramankulu bakar bat erabilita, erabateko transmisioa lortzen du. Horretan, noski, hiru aktoreen lana goraipatzekoa da». Obrarekin hartutako «arriskua» ere txalotu dio konpainiari, ekoizpen «ezohikoa eta desberdina» taularatu duelakoan.
Iñigo Aranburuk (Euskal Aktoreen Batasuna), Maider Galarzak (Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea), Frank Suarezek (EKE Euskal Kultur Erakundea), Arantxa Moñuxek (AISGE), Arantzazu Fernandezek (antzerki kritikaria) eta Harri Belokik eta Edurne Soraluzek (publikoaren ordezkariak) osatu dute aurten epaimahaia. Eta atzo jakinarazi zuten haren ebazpena Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotziak eta Norka Chiapusso Donostiako Kulturako antzerki eta dantza programazioaren zuzendariak. ATX konpainiako Iñaki Ziarrusta eta Naia Muñoz, eta Estibaliz Villa, Aiora Sedano eta Mirian K. Martxante antzezlaneko aktoreak ere izan ziren agerraldian.
Ziarrustak «punki komedia feminista» gisa definitu zuen lana, eta azaldu zuen hiru ideia izan zituztela buruan abiapuntuan: zazpi bekatu kapitalak; Mary Shelleyren Frankenstein; eta emakumeen aldeko aldarriak. Zazpiak bat leloarekin jolasa eginez, zazpi bekatuak biltzea eta «munstro superbekatari bat» sortzea otu zitzaien; mundu osoa aurreiritzietatik askatuko zuen munstro bat. Muñozek nabarmendu zuen umoretik jo zutela ohikoa ez duten arren, eta ikusleen artean harrera ona izan duela lanak: «Uste dut lortu dugula antzerkia egiteko gure moduari umorea sartzea, eta oso ongi funtzionatu du. Diskurtsoa hor dago, baina publikoa erlaxatuago egoten da ikusi bitartean, eta asko disfrutatzen du; barre asko egiten du jendeak».
Harrerarekin ez ezik, antzezlana sortzeko prozesuarekin ere pozik dago taldea. Izan ere, lehen aldiz konpainiako kideek eta aktoreek eurek ondu baitute lan guztia, kanpoko beste inoren laguntzarik gabe. «Bereziki oso lan propioa izan da, etxean egositakoa», Ziarrustaren hitzetan. Oso prozesu interesgarria izan dela nabarmendu zuen Sedanok ere. Gidoirik gabe abiatu ziren. «Inprobisazioekin hasi ginen lanean. Zazpi bekatuak, gaiztakeria... horri buruz testuak idazten hasi ginen, eta geure iruditeria ere ekarri behar izan genuen. Prozesu luzea izan zen, baina asko disfrutatzeko aukera eman zigun». Gogoeta horri tiraka, Muñozek azaldu zuen lan berri bati ekitean konpainiak beti erronka berri bat jarri ohi diola bere buruari. «Kasu honetan, testu barik hasi eta lan kolektibotik abiatzea izan zen». 7ak bat taularatzen jarraitzen dute, baina beste ikuskizun batekin ere badabiltza orain ATXeko kideak: Kaskarot. Horretan ere heldu diote erronka berri bati, hamar urtean haurrentzat sortu duten lehena izan baita.
Donostian martxorako iragarria dutenaz gain, 7ak bat antzezlanaren beste zenbait emanaldi lotuak dituzte. Baina laster bukatuko du bidea obrak, Ziarrustaren ustez; udazken aldera, ziurrenik. Azaldu zuenez, euskaraz soilik aritzen da taldea, «Balmasedatik Muskildiraino doan merkatu txikia» da haiena, eta ikuskizunak «berehala iraungitzen» zaizkie. «Guk ate guztiak jotzen ditugu, baina errealitatea da antzoki guztiek ez dutela euskaraz programatzen; eta, gero, euskaraz programatzen dutenen artean, logikoa den bezala, batzuek aukeratzen zaituzte eta beste batzuek ez». Hala, urte eta erdi edo bi urte igarota obrak taularatzeko aukerak amaitu egiten zaizkiela azaldu zuen, eta, horregatik, ia urtero zerbait berria aurkezteko «beharrizan handia» izaten dutela esan zuen.
Horiek horrela, euskarazko antzerkiak «leku guztietan izan behar duen espazioa» aldarrikatu zuen zuzendariak, zenbait lekutan «horren inguruko politikak nahiko tristeak» direla iritzita. Eta, horrexegatik, haren hitzetan, «oso gauza ederra» da ATXen gisako konpainia «txiki» batentzat Donostia antzerki saria jasotzea. «Testuko euskara sorkuntza saritzen duen Euskal Herriko sari bakarra» dela nabarmendu zuen.
Orain arteko datu onenak
Euskarazko antzerkigintza sustatzeko asmoz, 2000. urtean hasi ziren sariketa antolatzen Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Donostia Kultura. Ibilbidearen balorazio «positiboa» egin zuen Insaustik, eta iazko datuak orain arteko onenak izan direla zehaztu zuen. Izan ere, euskarazko hamalau antzezlan taularatu ziren iaz Donostian helduentzat, eta 48 emanaldi egin ziren, zeintzuetan 9.522 ikusle bildu ziren. Hogei urte atzera eginda, berriz, hamahiru izan ziren emanaldiak 2000. urtean, eta 2.456, berriz, ikusleak.
Azken urteotan saria jaso duten antzezlanen artean daude Sherezade eta tipularen azala (Vaiven Produkzioak, 2019), Mami Lebrun (Xake Produkzioak, 2018), eta Francoren bilobari gutuna (Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu Panpin Laborategia, 2017), besteak beste.
Bekatariei aitortza
ATX konpainiaren '7ak bat. Gaiztoetan gaiztoenak' lanak irabazi du Donostia antzerki saria. «Satira ausart eta dibertigarri» gisa goraipatu du epaimahaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu