Arantzazuko santutegiko beirateek egin zuten batez ere ezagun Xavier Alvarez de Eulate (Donostia, 1919-Bermeo, Bizkaia, 2012) artista eta fraide frantziskotarra. Zeharkako nabeko goiko aldean kokatu zituen, modu simetrikoan. Kolore urdina gailentzen da haietan, eta, tartekatuz, zati berde, zuri eta gorriak ageri dira. «Otoitz egiteko eta espiritualtasunean gora egiteko giroa erraztuko duten forma eta koloreak aurkitu nahi izan ditut konbinazio estetikoarekin», azaldu zuen artistak berak bere lanari buruz. Abstrakziora jotzen dute beirateek, baina agerraldiko elorria gogorarazten duten formak, Arantzazuko paisaia menditsua eta gurutze desitxuratu bat ere igartzen dira. Hain zuzen, figuraziotik abstrakziora egin zuen bide hori da Alvarez de Eulateren ezaugarri aipagarrienetako bat.
Apirilaren 26an bete dira ehun urte jaio zenetik, eta, Edorta Kortadi arte historialariaren esanetan, orain ari da «dagokion tokia» hartzen. Beirate egile oso ona izatearen fama zuen, baina landu zituen esparru gehiago ere, tartean margoak, marrazkiak, eskulturak eta muralak, eta arlo horietan ez da hain ezaguna izan. Uzta oparoa utzi zuen: 600 lan baino gehiago daude katalogatuta, nahiz eta luzeagoa den zerrenda, bildumagile pribatuen esku daudelako batzuk, eta egindako lanak oparitzeko joera ere bazuelako. «Artista oso esanguratsua izan zen bere testuinguruan», dio Kortadik.
Arantzazuko Adiskideak elkartearen eta Arantzazu Gaur fundazioaren ekimenez, ukitu zituen beste arlo horiek gehiago ezagutarazteko ahalegina egin da azken urteetan; esate baterako, Larraitz Arretxeak eta Mikel Lertxundik haren lanak katalogatu zituzten, eta Donostiako Elizbarrutiaren Museoak ere artistari eskainitako erakusketa bat baino gehiago antolatu ditu azken urteotan, Kortadi bera komisario zela. «Nahiko monografikoak izan dira: Jesusen aurpegiekin egin zen bat, paisaiekin beste bat, Sasia sutan izenekoa, eta abar».
Erriberriko (Nafarroa) komentuan bizi izan zen ia bizitza osoan, eta, horregatik, haren obra ezagunagoa da Nafarroan. Sortzez, ordea, donostiarra zen Alvarez de Eulate. Orain Koldo Mitxelena kulturunea dagoen eraikin berean jaio zen. Arte eskola bat zegoen han, eta mantentze lanetan aritzen zen aita. Umetatik zuen apaiz izateko bokazioa, eta 1930eko hamarkadan hasi zituen horretarako ikasketak. Orduan egin zituen lehen marrazkiak ere. Hain zuzen, Frantziskoren heriotzari buruzkoa izan zen haren lehen erakusketa. 1942an egin zen apaiz, eta garaitsu hartan ezagutu zituen Valentin de Zubiaurre, Ignacio Zuloaga eta Giorgio de Chirico artista italiarra. Madrilgo San Fernando arte ederretako eskolan onartu zuten gero, baina urtebete bakarrik egin zuen han. «Gauzak modu nahiko klasikoan edo akademikoan egiten hasi zen, baina Jorge Oteizarekin topo egin zuen, eta bide hori uzteko esan zion, beste bide bat hartu behar zuela».
1950eko hamarkada zen, eta biak zeuden Arantzazuko basilika berria dekoratzeko ardura zuten artisten taldean. Hil arte eutsi zioten adiskidetasunari. «Horma pinturetan Vazquez Diazen ikaslea izan nintzen, bainanire irakasle kuttuna Oteiza handia izan da», aitortzen zuen. Matt Rothko eta Jackson Pollock artista estatubatuarren lanak ere ezagutu zituen, eta haiek ere eragin ziotela azaldu du Kortadik. «Modu oso modernoan hasi zen lanean, teknika irekiekin, abstrakzio edo figurazio berri baten inguruan. Hain zuzen, lehenetarikoa izan zen Euskal Herrian abstrakziorako bidea hartzen».
Esperimentaziorako grina
Esperimentaziorako zuen joera nabarmendu du Kortadik. «Behin baino gehiagotan egon nintzen Oteizarekin eta berarekin bazkaltzen, eta mundu osoan egiten ziren esperimentu berri guztietaz hitz egiten zuten». Alemaniako Bauhaus eskolak, 1920ko eta 1930eko hamarkadetan, esperimentaziorako gogoa ekarri zien belaunaldi horretako artistei. «Eta alde horretatik gizon irekia zen Alvarez de Eulate ere».
Oteizak bezalaxe, jenio txarreko pertsona izatearen fama zuen,baina Kortadi ez dator guztiz bat: «Gizon oso espirituala zen, oso indartsua, langilea eta bakezalea; batzuek zakartzat duten arren, nik uste dut ez zela hala». Ez zituen lan asko saldu, ez zen izan gauzak merkaturako egiten zituen artista. «Beste merkatu bat badago askoz pribatuagoa elizaren inguruan edo lagunen arteko gauzak egiten dituena. Halakoetan askoz gehiago zabaldu zen».
Anekdota bat ere ekarri du gogora Kortadik, Lasarteko (Gipuzkoa) San Pedro elizan gertatutakoa. Mural handi bat pintatzen ari zen Alvarez de Eulate, eta, aldamiotik jaitsi zenean, gizon zahar bat hurbildu zitzaion. «Horma hura pintatzen noiz hasi behar zuen galdetu zion, eta ordurako ia amaituta zeukan. Agerkunde baterako espazioa zen, eta ia-ia hutsunearekin jolasten zuen. Hori entzundakoan zera erantzun zuen: 'Inoiz egin den kritikarik onena da'». Hil baino hamar bat urte utzi zion pintatzeari.
Beirateez gaindiko artista
Ehun urte bete dira Xavier Alvarez de Eulate artista eta fraide frantziskotarra jaio zenetik. Azken urteotan hainbat ahalegin egin dira haren lana ezagutarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu