Behi euskaldun baten binetak

Bernardo Atxagaren ‘Behi euskaldun baten memoriak’ liburua komiki formatura moldatu dute Pello Varela gidoigileak eta Juan Suarez marrazkilariak. Pamiela argitaletxeak eman du argitara, 'Mo' izenburupean.

Bernardo Atxaga, Juan Suarez eta Pello Varela, 'Mo. Behi euskaldun baten memoriak' komikiaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bernardo Atxaga, Juan Suarez eta Pello Varela, 'Mo. Behi euskaldun baten memoriak' komikiaren aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2024ko ekainaren 4a
18:00
Entzun

Behiak goizero larrera atera eta gauero ukuilura biltzeko enkarguarekin utzi zion baserria Asensio Ormazabal lagunak Bernardo Atxaga idazleari, eta han egindako egonaldian sortu zitzaion Behi euskaldun baten memoriak eleberriaren lehen printza. Eroritako hegazkin batenak iruditu zitzaizkion metal batzuk ikusi zituen basoan egindako ibilaldi batean, lehenik, eta erditu berri zen behi baten karena topatu zuen beste batean —«distira egiten zuen»—. Makiei buruz zerabiltzan ideiak nahasi zitzaizkion gero irudi haiekin, eta, 1990eko hamarkadaren hasiera hartan, hala idatzi ahal izan zuen bere hitzetan bere ibilbideko libururik «zoriontsuena» izan dena. «Eta izan da zoriontsuena, ze idatzi nuen 28 egunean, eta idatzi nuen eskuz, eta izan zen lehen aldia ipuin bat idazten nuena, hasi eta bukatu, dena eskuz. 28 egunean, ze zoriona, ezta?». Hamaika hizkuntzara itzuli dute geroztik, milaka eta milaka irakurle izan ditu Euskal Herrian eta atzerrian, irrati nobela gisa ere egokitu zuten Alemanian, esaterako, eta Atxagak beste motibo bat txertatu ahalko dio orain liburuak ekarritako zorionen zerrendari: haren eleberria oinarri hartuta, ia berrehun orriko komikia kaleratu baitute Pello Varela gidoigile gasteiztarrak eta Juan Suarez irudigile kolonbiarrak. Mo. Behi euskaldun baten memoriak deitu dute, eta Pamiela argitaletxeak eman du argitara.

Bilboko Liburu Azokan aurkeztu dute lana hiru sortzaileek. Eta Varelak aurkezpenean onartu duenez, ez zuen berehalakoan asmatu formatuarekin. Hasieran, film bat egiteko asmoa izan zuen buruan, baina «luzeegia» suertatzen zitzaion film labur baterako, eta, «laburregia», aldiz, film luze bat egiteko. Animazio film bat ere egin zitekeela bururatu zitzaion, baina, azkenean komiki bat izan zitekeela pentsatu, eta Suarezen eskutik pasatuta heldu da kalera orain.

'MO. Behi euskaldun baten memoriak' liburuko biñeta bat
'MO. Behi euskaldun baten memoriak' liburuko bineta bat.

Gidoigilearen hitzetan, lan «zaila» izan da eleberria komikietako lengoaiara moldatzea, eta, horretarako, hiru atal klasikoetara moldatu du Atxagaren eleberrian joan-etorri handiagokoa zen kontakizuna. Aurkezpena lehenik, korapiloa ondoren, eta amaiera azkenik. Eleberriko pertsonaia nagusi guztiak baliatu ditu, halere —Mo protagonistaren barne ahotsa tartean—, eta tramaren parterik handiena ere errespetatu du. «Atxagaren liburua oso poetikoa da, eta onartu behar dut liburuaren poesia baztertu behar izan nuela, eta tramari eta tramaren erresoluzioari lehentasuna eman».

«Atxagaren liburua oso poetikoa da, eta onartu behar dut liburuaren poesia baztertu behar izan nuela, eta tramari eta tramaren erresoluzioari lehentasuna eman».

PELLO VARELAGidoigilea

Anguleman (Frantzia) zela izan zuen Juan Suarezek Atxagaren lanaren berri, eta hango Maison des Auteurs ezagunean ostatu hartuta egin ahal izan zuen lanaren parte bat. Sorkuntzarako laguntza bat ere jaso du horretarako, baina koronabirusak eragindako osasun krisiak zaildu egin zion dena. 2019an hasi zen lanean, eta Euskal Herria pixka bat ezagutzeko aukera izan zuen arren, Kolonbiara joan behar izan zuen krisia piztu zenean, eta, ondorioz, argazki eta dokumentazio bidez osatu behar izan ditu paisaietako batzuk.

Behiak elkarrengandik bereizi eta adierazkor bilakatzeko egindako lana aipatu du Suarezek, esaterako. Eta koloreak nola erabili dituen ere azaldu du; kasu horretan ere, errealista jokatu beharrean adierazkortasunaren alde egin baitu. «Fabula baten modukoa da kontakizuna, eta kutsu hori eman nahi nion nik ere. Koloreek sentimenduen berri eman zezatela nahi nuen».

«Fabula baten modukoa da kontakizuna, eta kutsu hori eman nahi nion nik ere. Koloreek sentimenduen berri eman zezatela nahi nuen».

JUAN SUAREZKomikigilea

Euskaraz argitaratu zuen lana Atxagak lehenik, eta hala irakurri zuen Pello Varelak ere. Komikiaren gidoia idazteko, gaztelerazko bertsioa baliatu du, ordea, eta horrekin egin du lan Suarezek ere liburua osatzeko. La Cupula argitaletxeak emango du argitara gaztelerazko bertsio hori orain, eta Suarezek eta Varelak gazteleraz prestatutako hori berriz euskaratu dute orain Asun Garikanok eta Atxagak berak Pamielak kaleratutako bertsiorako. «Beti bizi gara hizkuntzen artean, ur bizien artean bezala, baina hau hala etorri da».

Bertsio orkestratua

Summertime kanta hartu du ahotan Atxagak komikia azaltzeko. «Ez da kontaera berbera, da bertsio bat. Eta bertsioa esaten dut, musikaren zentzuan. Zuk entzun dezakezu Summertime modu orkestralean, edo entzun dezakezu gitarra soil batekin, eta kanta bera da, baina bertsio bakoitzak ematen dio beste inguru bat. Eta, kasu honetan, nik esango nuke liburu hau orkestralagoa dela». Atxagaren hitzetan, komikian koloreak ere badaudelako, esaterako, eta testu hutsezko bertsioan, berriz, irakurleak bere irudimenarekin «osatu» behar duelako jasotzen duen informazioa.

Atxagak 1991n eman zuen argitara jatorrizko eleberria, eta geroztik egindako ibilbidea izan du gogoan Pamielako arduradunak. Hamaika hizkuntzatara itzuli dutela aipatu du, esaterako, eta euskal literaturako haur eta gazteentzako lanik ezagunenetako bat izan dela gogoratzeaz gainera, eleberriak belaunaldiz belaunaldi izan duen garrantzi literarioa ere nabarmendu du. «Euskaldun askorentzat bere hezkuntza literarioko pauso garrantzitsuenetako bat izan da».

«Ez da kontaera berbera, da bertsio bat. Eta 'bertsioa' esaten dut, musikaren zentzuan. Zuk entzun dezakezu 'Summertime' modu orkestralean, edo entzun dezakezu gitarra soil batekin, eta kanta bera da, baina bertsio bakoitzak ematen dio beste inguru bat. Eta, kasu honetan, nik esango nuke liburu hau orkestralagoa dela».

BERNARDO ATXAGAIdazlea

Pamielak bazuen lehenago ere komiki lan solteren bat argitaratua, eta ildo hori berriz hartzeko asmoa azaldu dute orain Mo komikiarekin. Edonola ere, Lander Majuelo editoreak zehaztu duenez, ideia ez da urtero liburu sorta bat kaleratzea, baizik eta «tentuz» jokatzea. Lanen «kalitatea» zaindu, eta «proiektu bakoitzaren ahalmenaren arabera» jokatu nahi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.