Haizea Ormaetxea. Euskal Herriko dantza askatuko txapelduna

«Beherakada handia izan du dantza askatuak Bizkaian»

SEGURAKO UDALA.
gorka erostarbe leunda
2013ko urriaren 22a
00:00
Entzun
«Umetatik» dabil euskal dantzen munduan Haizea Ormaetxea (Leioa, Bizkaia, 1987). Larunbatean, Euskal Herriko dantza txapelketa egin zen Seguran (Gipuzkoa). Txapeldun geratu zen, Lander Campos lagun hartuta. Arin-arina eta fandangoa dantzatu zituzten. «Landerrek freskotasuna jartzen du, eta neuk esperientzia». Datorren urtean txapela «defendatuko» duela dio.

Laugarren parte hartzean lortu duzue Segurako dantza askatu txapelketan garaile irtetea.

Bai, iaz, laugarren postuan geratu ginen. Aurten, ilusio handiarekin parte hartu, eta txapela lortu dugu. Ez dago gehiago eskatzerik.

Bederatzi bikoteetatik Bizkaiko bakarrak zineten, eta 36 urtean bigarrengoz nagusitu da Bizkaiko bikote bat. Dantza askatuan gutxiago egiten al da Bizkaian?

Bai, dudarik gabe. Azken urteetan beherakada handia izan du dantza askatuak Bizkaian. Egun lauzpabost bikote gabiltza dantza askatuan, eta txapelketak ere lehen baino gutxiago daude, baina gu gogotsu gabiltza.

Txapelketan edo txapelketatik kanpo oso desberdin astintzen al dira hankak?

Txapelketatik kanpo askoz ere erlaxatuago aritzen gara, eta txapelketan tentsioa nabaritzen da hanketan. Larunbatean Seguran ere nabaritu nuen tentsioa, eta hankak astunago nituen.

Txapelketara mugaturiko dantzak ba al du etorkizunik?

Txapelketetako dantzak badu etorkizuna, bikote gazteak indartsu datoz; baina txapelketetatik kanpo erromerietan-eta egiten da dantza askatuan. Dantzari asko eta asko dago, eta dantz askatuaosasuntsu dagoela esango nuke.

Txistuarekin edo trikitiarekin sentitzen zarete erosoago?

Guk trikitia nahiago dugu, biziagoa delako, alaiagoa delako, eta arin-arina jotzen delako trikitiarekin. Txistuarekin fandangoa jotzen da, baina gure indarguneak trikitia eta arin-arina dira. Hor gozatzen dugu gehien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.