Beheko kaleko goi mailako kultura

Hogei urte bete ditu Errenteriako Mikelazulo kultur elkarteak. Musika, dantza, poesia, solasaldiak... makina bat ekintza antolatu dituzte ibilbide luze horretan. Mikrofonoa irekita ospatuko dute urteurrena.

Diziplina askotako bilgunea izan da elkartea, «pentsamendu kritikoa» ardatz. Irudian, iazko Eztenako obra bat. BERRIA.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Errenteria (Gipuzkoa). 1995eko ekainaren 6a. Beheko kalean kokatutako Mikelazulo kultur elkartearen irekiera zen: Mikel Markez abeslaria kantuan, Joxemari Karrere ipuin kontalaria istorioak plazaratzen eta Iban Zabala bertsotan. Kultur erreferente garrantzitsua izango zenaren lehen urratsak izan ziren. Geroztik, hogei urte igaro dira, eta, tartean, sormena ardatz izan duten hamaika saio antolatu dituzte: pintura, literatura, ikus-entzunezko sorkuntza, antzerkigintza... «Pertsonen arteko harreman askeak» sortzeko gunea izan da, Joseba Barriola elkarteko partaidearen iritziz. Gaur, hogeigarren urtemugaren bueltan, ekitaldi berezia zehaztu dute. «Jan, edan eta satisfazioa konpartitzea». Horixe plana. Inprobisazioa bideratzeko mikrofono ireki bati ere tarte emango diote.

Burua gaurko planean, atzera begira jarri da Barriola: «Lokal hau atondu, eta, hazi bat balitz bezala, hazi egin zen harreman askeak sortzeko desio hori. Eta funtzionatu du: hasi zen jendea hurbiltzen, hasi ziren gauzak asmatzen, eta hazi zen egiteko desioa... eta desioz desio joan da zuhaitz bihurtzen, eta fruitu ederrak eman ditu».

Poesia uneak, Eztena antzerki egunak, Lupa dokumentalen erakustaldia, herrien asteak... horiek dira egin dituzten ekintzetako batzuk. Batzuek indarrean segitzen dute; besteak, aldiz, bukatu diren proiektuak dira. Izan ere, hori ere bada egitasmoaren filosofiaren parte: «Ezin dugu esan noiz arte antolatuko ditugun gauzak; gogoa daukagun bitartean. Lupa, Eztena, Herrien Astea eta beste egiten jarraituko dugu, baina tartean etortzen baldin bada proiektu bat, eta asko betetzen bagaitu, aurrera! Ez dugu ardurarik egiten duguna errepikatzeko, baina animoa dagoen bitartean jarraitzen dugu».

Kaleak, kulturarentzat

Lokaletik pasatutako lagunen zerrenda luzea da, amaiezina ia. Horregatik, Mikelazulon parte hartu duten ia 500 pertsonen izen-abizenak ekarri dituzte gogora, idazki baten bidez: Jon Maia, Cristina Dong, Alfonso Sastre, Koldo Izagirre... Nolanahi ere, ez dute soilik entzute handiko sortzaileen lana oroitarazi nahi, edozein herritarrek egindako ekarpena ere izan dute gogoan.

«Kaleak harremanak egiteko nahi ditugu, eta ez bakarrik komertziorako», aldarri egin du Barriolak, eta, hala, elkarteak herriari eskainitako kultur eskaintza ekarri du gogora. «Nahi genuke herrian kulturari buruzko gogoeta sakon bat egitea: zein kultura mota sortu nahi dugun pentsatzea, eta animoa ematea, leku aske bat ematea». Bide horretan, zehaztuta dauzkate hainbat data egitarauan: besteak beste, Eztena antzerki egunak dauzkate hilaren 18tik 21era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.