Euskal zinemaren belaunaldi berri baten parte dira Maider Fernandez (Donostia, 1988) eta Jorge Moneo (Gasteiz, 1988). Dokumentalak sortuz hasi dute beren ibilbide artistikoa, baina ohiko forma eta kodeetatik urrun. Egunotan, Berlinale jaialdian izan dira, sortzaile gazteen filmak bultzatzea helburu duen Berlinale Talents programan.
Lehenik eta behin, zer proiektutan ari zarete orain lanean?
MAIDER FERNANDEZ: El médico cura Lourdesen giroturiko film bat da. Urtean behin, mediku talde europar bat bertan elkartu eta ahalegintzen da justifikazio zientifikoak topatzen, Lourdesen sendatu direnen kasuak ulertu eta miraririk izan ote den argitzeko. Hamar urteko jarraipena egiten diete gaixoei, eta, azalpen zientifikorik topatu ezean, Elizak hartzen du hori ebazteko ardura. Gogoeta egin nahi nuen, zenbateraino izan ote daitekeen zientzia ideologikoa, zerbait gure alde azaltzea komeni zaigunean. Ez da ohiko dokumentala izango; performance moduan jorratu nahi dut, formalki bestelako era batean. Erronka handia da.
JORGE MONEO: Almanaka hiriaren inguruko gogoeta bat da, hiria espazio gisara. Hiri bat oso kartoizkoa, zientzia fikzioaren egiturak eta klixeak erabiliko ditut. Gasteizko irudiekin egingo dut lan, baina ez du zertan Gasteiz izan, Europako edozein hiri baizik, arkitektura prozesuei erreparatuta. Azken urteetan, artxiboko irudi eta soinuetan murgildu naiz, eta film honek lan ildo berberari jarraitzea dakar, baina modu apurtzailean. Argazkigintzak pisu handia izango du; argazkia beti egon da egiaren kontzeptuari oso lotuta. Joera dugu pentsatzeko argazkietan ikusten duguna dela benetan gertaturikoa. Ideia hori apurtzeko erabili dut fikziozko egitura, ikusleari iruzur egiten dion narratzaile baten eskutik.
Nolakoa da Berlinale Talentsen egunerokoa?
M.F.: Gosaria da lehen hitzordua. Antolatzaileek eguneko plangintza azaltzen digute, alboan gonbidaturen bat dutelarik, izan zinema jaialdi bateko ordezkari bat, ekoizle bat, zuzendari bat, banketxe bat... Jarduerek egun osoa irauten dute, baina nik ez ditut oso hurbileko sentitzen; industriari loturikoak dira gehienak.
J.M.: Hitzaldi formatua nagusitzen da. Esertzea, eta azalpenak entzutea, ez horrenbeste gure proiektuari bueltak ematea.
Ba al dago zuen filmak garatzeko lantegirik?
M.F.: Bai, baina horretarako zure lana hautatu behar dute aurrez. Lehenik eskabide bat bidali behar duzu, zuzendari gisa. Hori egin eta onartu gintuzten; ostera ematen dizute aukera hiru mentoretzatan izena emateko: film laburra, dokumentala eta gidoia. Horretarako, beste eskabide bat bidali behar duzu zure proiektua zehaztuz, baina ez genuen pauso hori eman.
Sortzaileez gain, Berlinalen topatu dituzue ekoizleak, banatzaileak, saltzaileak... Baliagarria da merkatua gertuagotik ezagutzeko?
M.F.: Lehen urtea dugu, eta erritmo lasaiarekin etorri gara, zer gertatzen den ikustera. Agian, tankera honetako festibal erraldoietara helburu argiekin etortzea komeni da, baina nik ez nuen horrela sentitu.
J.M.: Aukera eman digu izenez ezagutzen genituen pertsonak aurrez aurre ezagutzeko. Pentsa, Euskal Herriko eta Gasteizko jendea Berlinen ezagutu dut; paradoxa moduko bat da. Beste abantailetako bat zera da, Talents programako ikasle izanda hurrengo urteetan ere etor gaitezkeela gure proiektuak aurkeztera.
85 herrialdetako sortzaileak elkartu zarete Talentsen. Zertarako balio izan du hartu-eman horrek?
J.M.: Gasteiz hiri txikia da; beraz, hona etorri eta dena da berritzailea. Esaterako, duela zortzi urtetik Berlinen bizi den zinemagile kolonbiar bat ezagutu dut. Bere etxea utzi, eta beste herrialde batera joatea erabaki zuen, bizi berri bati ekitea. Halakoen zergatiak ezagutzea oso interesgarria da.
M.F.: Askotan hitz egiten dugu ekoizpenari buruz ere. Diru laguntzak nondik lortu, herrialde bakoitzeko ekoizpen sistemaren dinamikak... Aberasgarria da beste tokietan nola funtzionatzen duten ezagutzea. Orain arte gertuko jendearekin aritu naiz, baina etorkizunean, batek daki. Egunotan, adibidez, emakume poloniar batekin partekatu dut logela, eta jada badugu kontaktua.
Lehen mailako artistak entzuteko aukera ere izan duzue, tartean Wim Wenders, Cate Blanchett edota Jia Zhang-ke. Zer ikasi duzue eurengandik?
J.M.: Sarritan izen handiak baino garrantzitsuagoa da formatua; horren arabera bilakatu daiteke probetxugarria.
M.F.: Jia Zhang-keren hitzaldia, esaterako, zinema amateurraren ingurukoa zen. Horixe da nik ikasi nahi dudana, baina azkenean bere filmografiaren errepaso kronologikoa bilakatu zen. Interesgarriagoak izan ziren akaso Wim Wendersen hitzak. Pitching-ik ez egitea gomendatu zuen.
J.M.: Eta aipatu zuen storyboard-ik ere ez duela egiten; film guztietan eskatzen dioten arren, ez dela bere estiloa. Barren-barrenean sentitzen duguna egitera animatu gaituzte, beharturiko formularik ez onartzera.
Berlinale Talents amaituta, zeintzuk izango dira zuen hurrengo pausoak?
M.F.: Ikerkuntzan eta pertsonaien bilaketan jarriko ditut indarrak martxotik aurrera. Performance formatura egokitzeko estrategiarik onenak zeintzuk diren finkatzean ere bai. Espainiako Zinema Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak jaso ditut. Hori kontuan izanik, proiektua aurten amaitu beharko nuke, eta datorren urtean aurkeztu, baina ez dut horren argi zein izango ote den sormenaren tempoa.
J.M.: Idazketan eta ekoizpenean jarriko dut arreta; bi esparru horiek dira premiazkoenak. Urte hau oso garrantzitsua izango da proiektuarentzat, baina ez dut aparteko presarik; nire epe propioak ezarriko ditut, ez kanpoko indarrenak.
Jorge Moneo eta Maider Fernandez. Zinemagileak
«Beharturiko formularik ez onartzera animatu gaituzte»
Berlinale jaialdian izan dira bi sortzaileak, Berlinale Talents programan; zinemagile gazteen filmak sustatzea du xede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu