Musika. A cappella

Beharrik ez

2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Jada gutxi gelditzen da udako oporretarako, eta sabeleko tximeletak dantzan hasiak dauzkat. Lanean zaudeten guztiek antzeko zerbait sentituko duzuela seguru nago. Izan ere, gaurko gizarte honetan, gure bizi-denboraren %80 edo gehiago lanean pasatzen dugula esatera ausartzen naiz —langabeei nire animorik handiena, beraien «etengabeko oporrek» ez baitute zentzu berbera—, eta gero eta estresatuago bizi gara. Lanak sortzen duen nekeari aurre egiteko, bakoitzak bere terapia propioa bilatzen du: batzuk korrika egitera joaten dira, beste batzuek siesta luze bat eginda nahikoa dute, asko yogara edota pilatesera apuntatzen dira… Nire kasuan, nik musika entzuten dut, etengabe.

Baina oporretan gertatzen zaidana oso bitxia da: ia urte osoan musikarekiko dependentzia handia dut, izugarri gozatzen dut berau entzuten. Aldiz, oporretan, musikarekiko desatxikimendua izaten dut.

Normalean, udako oporretan Nafarroako herrixka batera joaten naiz abuztu osoa pasatzera, eta hilabete horretan inoiz baino musika gutxiago entzuten dut: inguruko herri txikietako berbenek jotzen dutena besterik ez.

«Zergatik gertatzen ote zait udan musikarekiko etete hori?», galdetzen diot uda oro neure buruari. Bada, beharbada, oporrak igarotzen ditudan lekuarengatik da. Oso herri txikia izanik —neguan 80 pertsona inguru bizi dira bertan—, bertako jendea lasaiago bizi dela esatera ausartzen naiz —gipuzkoarrak estresatuago bizi garela esango nuke—.

Udako nire herrira joaten naizenean, abuztuaren hasieran, lehenengo bi-hiru egunetan herriko erritmora egokitzea kostatzen zait: bihotzaren taupadak azkarregi sentitzetik nola motelagoak bihurtzen diren konturatzen naiz, behar ez dudan agendaren bila hasten naiz…

Lizarra aldeko herri txiki hauetan, lasaitasunaz gain, nolabaiteko isiltasuna eta bakea nagusi dira. Egunak aurrera joan ahala, nire gorputza eta burmuina herriak dituen soinu propioei atentzioa eskaintzen hasten dira; isiltasun hori nolabait hausten duten soinu desberdinei erreparatzen diet: goizero, okina etortzen da bere furgonetako bozina joz; baita ere, asteko egun bakoitzean, dendari bat etortzen da megafonotik bere furgonetako produktuak anuntziatuz —egun batean, arrain saltzailea, hurrengoan, Sartagudako frutazalea…—. Badu bere grazia saldu eta erosteko modu zaharkitu horrek.

Baina badira beste soinu mota asko, soilik udan apreziatzen ditudanak: hala nola egun osoan entzuten diren txorien kantak, eta gauero gure etxe ondoko farolaren argiak erakartzen dituen saguzarren hegats-soinuak, errekaren mugimenduaren hots konstante eta lasaigarria, hala nola haizeak intxaurrondoetako hostoak arrotzen dituenean ateratzen duena eta abar.

Eta, bitarte horretan, uda oro musika entzuteko apropos eramaten dudan iPod-a ukitu ere egin gabe logelako ohe ondoko kajoitxoan. Ikusten duzue, oporretan, musikaren beharrik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.