Konpositorea eta Musikagileak elkarteko kidea

Maria Zubimendi: «Beharrezkoa dugu lan osagarri bat edukitzea, eta hori aldatu beharreko zerbait da»

Musikagileak zirkuituaren hamabosgarren aldia abian da. Euskal konpositoreen lanak hedatzea da Musikagileak elkartearen helburua, arreta berezia gazteengan jarriz, eta zirkuitua da horren adibide nagusia.

Maria Zubimendi musika konpositorea, Aian (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU
Maria Zubimendi musika konpositorea, Aian (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko azaroaren 2a
06:00
Entzun

Abeslari edo musikari baten itzalpean geratzen dira sarritan, baina haiek gabe, ez dago abestirik. Hego Euskal Herriko konpositoreak saretzeko eta babesteko sortu zen Musikagileak elkartea, 2000. urtean, eta gaur egun jardun berean dihardu. Aurten, hamabosgarrenez, Musikagileak zirkuitua egiten ari dira, zeinak konpositore garaikideen lanak Euskal Herri osoan hedatzea duen helburu. Maria Zubimendi (Zumaia, Gipuzkoa, 1994) konpositorea elkarteko kidea da, eta nabarmendu du arreta berezia jartzen dutela musikagile gazteengan, baita martxan den zikloan ere: «Belaunaldi berriak oso prestatuta datoz, kalitate handiko lana egiten dute, eta horregatik uste dugu etorkizuna bermatuta dagoela».

Zer da Musikagileak zirkuitua?

Zirkuitua definitzeko, elkartea bera ulertu behar da. Musikagileak elkarteak Euskal Herriko konpositoreen obrak zabaltzeko helburua du, eta bere garaian erabaki zen hori egiteko modu onena kontzertu ziklo bat sortzea zela. Musika garaikidean jartzen da arreta zirkuituan, bizirik dauden konpositoreen obrak sustatzen direlako. Gipuzkoan izaten dira kontzertu gehienak, baina Araban, Bizkaian eta Nafarroan ere egiten dira emanaldiak.

Euskal konpositoreak ez ezik, nazioartekoak ere joaten dira, ezta?

Bai. Zirkuituak indar hartu du azken urteetan, eta musika garaikidearen inguruko topaketa garrantzitsu bilakatu da. Europan eta agian esan genezake nazioartean ere nabarmentzen da zikloa. Hemengo konpositoreentzat aurrerapauso bat da zirkuituak nazioarteko ikuspegi bat ere edukitzea, horrela haien musika kanpora hedatzeko aukerak sortzen dira eta.

Zirkuituan musika instrumentala gailentzen da. Halakoa izateak erraztasunak ematen ditu nazioartean hedatzerakoan?

Musika garaikidea jotzeko teknikak unibertsalak dira. Konposizioan eskola asko daude, baina partiturak interpretatzea gauza bera da munduko edozein txokotan. Musikak eduki ditzakeen mugak gutxitu egiten ditu horrek, eta hedapen horretan laguntzen du. Hitzak dituen kanta batek muga gehiago izan ditzake nazioartean.

Erraza da gaur egun euskal musika garaikidea topatzea?

Erraza edo zaila den ez dakit, baina nik musika garaikidea eskola ezberdinetan banatzen dut, eta euskal eskolan edo hemen inguruan ikasi dutenen artean badaude musikagileak. Ikasteko orduan jasotako influentziek ezartzen dute bakoitzaren eskola, eta guk badugu geurea. Horrez gain, uste dut herri bakoitzaren ohiturek eragin handia izaten dutela konpositoreengan. Badago euskal musika garaikidea, eta hori erakustea da gure helburua.

«Pedagogia lana dugu oraindik egiteko, jende askok ez baitu ezagutzen musika garaikidea. Askok uste dute urrun geratzen zaien genero bat dela»

Ateratzen dira musika garaikideko euskal konpositore berriak?

Bai, ez dut uste hor hankamotz gabiltzanik. Azken finean kontserbatorioko ikasketak eta ondoren goi mailakoak egin dituen ikasle orok, klasiko arloan egin baditu noski, musika garaikidea egingo du, hori baita klasikoaren bilakaera naturala gaur egun.

Musikagile moduan, zuen lanarengatik errekonozimendua lortzea erraza da?

Gizartearen errekonozimendua lortzea oso zaila da. Pedagogia lana dugu oraindik egiteko, jende askok ez baitu ezagutzen musika garaikidea. Askok uste dute urrun geratzen zaien genero bat dela, eta urruti gelditze horrek eragin nabarmena dauka gure lana ez baloratze horretan. Gure sektorean, aldiz, denok ezagutzen dugu elkar, bai musikagileek bai interpreteek, baina, esan bezala, zailena jendeak gure lana baloratzea izaten da.

Musikeneko ikasleek sortutako musika entzun zen zirkuituko bigarren emanaldian. Konpositore berriei bultzada bat ematea ere bada elkartearen helburuetako bat?

Bai, hori da. Musikagileak elkartearen apustua bizirik dauden konpositoreen lana hedatzea da, eta arreta berezia jartzen dugu musikagile gazteengan. Bigarren emanaldi hartan hiru interprete profesional eraman genituen Musikenera, eta hiru ikasleren musika estreinatu zuten. Abantaila asko ditu formula horrek. Alde batetik, musikagileek lan handia egin dute interpreteentzat musika sortzen, eta ikasi dute nola egiten den lan profesionalekin. Eta, bestetik, interprete profesionalak ezagutzean, agian etorkizuneko lanak lortu ditzakete, eta sektorean haien ibilbidea hasi.

Ikasketak burutu dituen musikagile gazte batek oztopo asko izaten ditu konposiziotik bizitzeko?

Gaur egun, oso zaila da konposiziotik bizitzea. Ez bakarrik musikagileek, interpreteek ere oso zail izaten dute. Normalena konpositoreak hezkuntza munduan sartzea da, beste batzuei irakasteko. Baina badaude kopista moduan dihardutenak adibidez, beste konpositore batzuen obrak kopiatzen. Azken finean, beharrezkoa dugu lan osagarri bat edukitzea, eta hori aldatu beharreko zerbait da.

«Belaunaldi berriak oso prestatuta datoz, kalitate handiarekin egiten dute lan, eta horregatik uste dugu etorkizuna bermatuta dagoela»

Zu ez zinen zirkuituaren hastapenetan egon, baina bilakaera handia izan du azken urteetan?

Badakit hasierak ez zirela errazak izan. Azken finean, kontuan hartzekoa da Musikagileak zirkuituak ez duela egoitza finko bat, hau da, kontzertuak leku askotan egiten direla. Horrek asko zailtzen ditu gauzak. Hala ere, denbora aurrera doan heinean, bidelagun egonkorrak egin ditugu, hala nola Musikene, San Telmo eta Guggenheim museoak, edota Iruñeko nahiz Gasteizko bandak, beste askoren artean.

Kontzertuez gain, beste hainbat jarduera eskaintzen ditu zikloak.

Hala da. Eskola magistralak, topaketak edo kurtsoak betidanik egin dira zirkuituan. Duela bi urte, adibidez, Musi Meet topaketak jarri genituen martxan. Horrek gure artean elkartzeko eta gure sektorearekiko ditugun beharrak eta kezkak gure artean elkarbanatzeko balio digu. Harremanak sustatzeko egiten den egitasmoa da, eta ez bakarrik musika garaikidearen barruan, beste hainbat kultur eragile gonbidatzen ditugu eta.

Zer protagonismo dute gazteek zirkuituaren barruan?

Eskola magistraletara eta ikastaroetara, adibidez, gazteak etortzen dira gehienbat. Musika garaikidearen nazioarteko erreferenteak etortzen dira klaseak ematera, eta ikasleei haien formaziorako oso baliogarriak egiten zaizkie ikastaro horiek. Horrez gain, azken urteetan konpositore gazte asko bazkidetu dira elkartera, eta hori oso garrantzitsua da guretzat, belaunaldi askotako jendea dugu bertan eta. Belaunaldi berriak oso prestatuta datoz, kalitate handiarekin egiten dute lan, eta horregatik uste dugu etorkizuna bermatuta dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.