Maizenik naturaren elementurik xumeenak baliatuz, gizatasunaren dardara bildu du Jon Gerdiaga idazleak (Bilbo, 1975) bere poemetan. Fitola balba, karpuki tui (Pamiela) liburuarekin hasi zuen ibilbidea 2004an, eta ia minimora eraman du bere adierazpen poetikoa 2015ean argitaratutako Argia, lurra, zuhaitza, zerua (Pamiela) poema bildumatik hona argitaratutako azken lau lanetan. Irun Hiria saria eskuratuta eman zuen argitara Zeru-lurren liburua (Elkar) iaz, eta hari esker jaso du bere ibilbideko lehen Euskadi Literatur saria ere. Poesiari buruzko bi saiakera ere baditu bidean, eta erraz igar daiteke hausnarketa bide horren oihartzuna haren hitzetan.
Friedric Holderlin aipatu duzu sariaren berri iragartzeko ekitaldian. Poesiaren zertarakoari buruz egin zuen galdera, zehazki.
Holderlin ez da bere buruari galdera hori egin dion bakarra, baina Holderlinen galdera hori klasiko bat da. Zertarako poetak beharraldian, edo garai miserableetan, edo garai nahasietan? Eta nik ez dakit ez ote zuen erantzuna ere eman bere poesiaren gardentasunarekin. Poetok geure buruari egiten diogun galdera bat da hori, eta kanpoko jendeak ere egiten diguna. «Zer zabiltza hor kantu txikietan?», Ruperrek kantatzen duen bezala. Badakigu erdi absurdoa dela hitzak juntatzea, baina, aldi berean, ezinbestekoa zaidanez, niri behintzat, poesia idaztea, horretan jarraitzen dut.
Isiltasunaren mugan dabil zure poesia, hain justu ere. Hitz bakoitzari balio handia emanez. Ahalik eta arrastorik txikiena uzten saiatzen egongo bazina bezala.
Ez dakit oraindik hori lortu dudan, baina hitz poetiko oso soil eta oso ezinbesteko baten bila nabil. Bila ari naiz. Igual 80 urterekin helduko naiz horrelako presentzia duen hitz poetikoa aurkitzera, baina momentuz ikasle sentitzen naiz. Gero bakoitzak estimatzen du hitz poetiko mota bat eta beste batzuek beste bat, baina niri esaten badidate batzuetan hitz poetikoak otoitzaren forma hartzen duela, adibidez, ez naiz horrekin deseroso sentitzen. Niretzako, [Rainer Maria] Rilkek aipatzen zuen munduaren barneko espazioan sartuta, norbere intimitatetik naturaren intimitatearekin hitz egiteko leku eta momentu horretan sortzen da hitz poetikorik politena. Ari naiz Rilkez, ari naiz Holderlinez... Ni horren bila nabil.
Ikusi gehiago
Bilaketaren ideia hori esanguratsua da. Prozesu zabalago baten barruan kokatzen du saritu dizuten lana.
Nik uste dut dela izaera bat. Gutxienez azkenengo lau liburuetan nik ez dut sentitzen gai bat jorratzen dudanik; natura jorratzen dudala, adibidez. Niretzat, ez da zer jorratzen dudan, da non idazten ditudan poemak. Zer espazio behar dudan nik eta zer denbora behar dudan nik poema horiek idazten hasteko. Nik idazteko behar dudalako Rilkek aipatzen zuen munduaren barneko espazio hori, eta oso noizean behin sartzen naiz hor. Baina sartzen naizenean hor topatzen ditudan gauzak eta aldarteak antzekoak izaten dira, nahiz eta ez berdinak izan. Ñabardura bakoitzak kontatzen du hor. Gauza txiki bakoitzak kontatzen du hor. Eta espazio horretan ateratzen denak badu Ludwig Wittgensteinek aipatzen zuen aire familiar bat, beste liburu batzuekin eta nirekin ere. Ez delako gai bat, ez delako genero bat, baizik eta leku eta espazio batean pertsona berak idatzitako zerbait, aldarte poetiko baten parte bat.
Irun Saria jaso zuen aurrez lan honek, eta, BERRIAri orduan esan zenionez, oso une egokian iritsi zitzaizun sari hura. Bizitza osoa eman duzulako idazten, baina azken urteotan idazteari emanago zaudelako. Hala da?
Urte asko eman ditut irakaskuntzan. Azken 21 urteotan aritu naiz Lauro ikastolan filosofia irakasten, eta pentsatu nuen igual garaia zela, pare bat urtez sikiera, autonomo izateko eta ikusteko ea zer gertatzen den. Bi urte horietan nahiko estu ibili naiz ekonomikoki, baina biziraun dut, tartean, sari hari eta sari honi esker ere bai. Baina, egia esan, autonomoaren bizitza poesia edo antzerkia edo saiakera idazten, ez da batere samurra. Oso prekarioa da. Gustura itzuli naiz ikastolara orain, baina lanaldi erdia eskatu dut idazten jarraitu ahal izateko.
Esan duzu zure bizitza poesiara lerratuta dagoela.
Horretara emana bizi naiz. Bestelakoak ere egiten ditut, baina niretzako poesia da nire izaeraren parte bat, eta saria eman edo ez eman hori ezin dut utzi. Bestela, ez dakit zer egin bizitzarekin, inguratzen nauen munduarekin. Nik behar dut komunikazio espazio eta tarte bat, eta hori da niretzako poesia.
«Aterpea» esan duzu prentsaurrekoan.
Aterpea. Etxe bat. Bizitzeko leku bat hitz poetikoaren tamainakoa sikiera. Batzuetan esaten didate ez dudala hitz egiten gerrari buruz, baina jode, nik egunero irakurtzen ditut bost periodiko, ikusten ditut albisteak, eta badakit hori, baina Shi Taok esaten zuena datorkit burura: pintzela hartzeko orduan lehenago kendu behar da mendeak dakarren errautsa begietatik. Ohartzen naiz gerrez eta bestelakoez, noski, baina poesia idazten dudanean, tentsio hori, tentsio hori guztia, egunero denok daukaguna eta gaur egun jasangaitza dena, tentsio hori laxatzen den momentu txiki horietan idazten dut nik poema, gehienetan, eta hor beste gauza batzuk gertatzen dira. Eta ez nuke esango gauza horiek ere inportanteak ez direnik.
Babeste ariketa bat da?
Badu zerbait hortik. Rilkek esaten zuen edertasuna dela oraindik jasan dezakegun izugarrikeriaren hasiera. Zuk ikusten duzulako gauza eder bat eta etortzen zaizun lehenengo gauza da ea noiz arte iraungo duen horrek. Hori ez al da aski mingarria? Gainera, hitz egin behar dugu gerrari buruz?