Juan Carlos Perez: «Behar nuen opera bat idaztea nire konposizio bidean»

'Saturraran' euskarazko opera konposatu du Juan Carlos Perezek, eta lantaldeak berriki estreinatu du lana Bilboko Arriaga antzokian eskaini dituen bi emanaldietan.

(ID_17213810194845) Juan Carlos Perez, \'Saturraran\' operaren gidoiarekin, Arriaga an
Juan Carlos Perez, 'Saturraran' operaren gidoiarekin, Bilboko Arriaga antzokian. (E. MORENO ESQUIBEL / ARRIAGA ANTZOKIA)
Ane Olaizola (Guka)
2024ko uztailaren 19a
11:00
Entzun

Itsasoak bustitako koilara lurrean, bi haitz atzealdean. Kartelak iradokitzen du Saturraran operaren istorioa, elezaharrak baitio elkar maitatzen uzten ez zion bikote baten oroimenez sortutako haitzak direla Saturraran hondartzakoak. Sinbologia betez oroitzen du Mutriku (Gipuzkoa) eta Ondarroa (Bizkaia) arteko hondartza Juan Carlos Perez (Mutriku, 1958) konposatzaileak. Kirmen Uribek idatzi du liburuxka, eta 1980ko hamarkadan kokatu duten obrarekin, unibertso oso bat parez pare zabaldu zaio Azkoitiko bizilagunari, «erabat harrapatu» baitu lirikoak.

Aste batzuk igaro dira Saturraran opera estreinatu zenutenetik Bilboko Arriaga antzokian. Zer sentipen duzu?

Esperientzia oso indartsua izan da, proiektua bera ere hala delako, opera bat ez baita egunero idazten, ezta hilero eta urtero ere. Obra idazteko eta gauzatzeko erabili dudan denbora ikaragarria izan da, eta azken egunetan ezin nuen sinetsi ere egin azkenean posible izango zenik hura taularatzea. Operak daukan erakargarritasuna da alderdi asko dituela: musikatik abiatzen den ikuskizuna da. Musikariak esaten du opera idatzi nahi duela, eta prozesua martxan jartzen du. Gero etortzen da libretoa, eta haren gainean egiten da musika. Musikak gidatzen du guztia, baina, ondoren, eszenografia etortzen da, eta orduan, musikariak idatzitako musika eta hark buruan dituen irudiak berera eramaten ditu eszenografoak; kasu honetan, Lucia Astigarragak. Beraz, bakoitzak bere zatia jartzen du, eta hori guztia pilatzen joaten denean kolorea hartzen du obrak. Azkenean, gauza batean hasi zena beste batean amaitzen da. Horrez gain, abeslariak ere oso garrantzitsuak dira operan; bitxia da, horiek prozesuan azkenak batzen direlako, baina orkestrazioak haiek baino denbora gehiago hartzen duen arren, abeslariak oso garrantzitsuak dira, haiek defendatuko dutelako obra jendaurrean.

Egia esan, oso pozik nago emaitzarekin, batetik bi emanaldietan Arriaga goraino bete zelako, eta bestetik, musika nik nahi nuen lekuan geratu delako. Ez dut esango bigarren planoan geratu denik, baina duela gutxi lagun batek esan zidan emanaldian ez zela ohartu musikarekin. Protagonista eszena da; teatroa eta abeslariak. Haiek abestuko ez balute, obra antzerkia litzateke, baina operak beste dimentsio bat hartzen du. Hori da erakargarriena, kontatzen ari den istorioa beste dimentsio batera eramaten duela operak. 

Elkarrizketa osoa Guka-n irakurgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.