Behar eta nahien bidegurutzea

«Bihotzez» egindako musikaren alde egin du Physis vs Nomos taldeak, beren azken lanean

Beñat Antxustegi eta Joshka Natke, Physis vs Nomos taldeko kideak, kontzertu batean. AMAIA OCA.
Julen Aperribai.
2017ko otsailaren 11
00:00
Entzun
«Physis: bihotzean dudana, egin nahi dudana, behar dudana, horrela sentitzen dudana, eta Nomos: jendarteak nigandik espero duena, behartzen nautena, arrotza, neure sentitzen ez dudana». Bi aukera kontrajarri horien artean kokatzen da Physis versus Nomos taldea, Saudade é fatal 2 diskoa zabaltzen duen sarrerako lehen abestitik bertatik. Zaila da bata eta bestea, biak, asebetetzea, batez ere, presio sozialak betiere bigarren alde horretara tira egin ohi duelako. Maila pertsonalean nahiz taldean ere bizi ditu presio horiek Beñat Antxustegi. Bera da gaur egun hirukote den Donostiako taldeko sortzailea, gitarrista eta abeslaria: «Abestiak egiteko beharra badut nik nire buruan, baina ez dakit gizarteari zer eskaintzen dion. Niri, behintzat, eskaintzen dit hausnartzeko eta gauzak beste era batera planteatzeko modu bat».

Zaila da, izan ere, musikari batentzat, arrotza zaion horri uko egin, eta hura benetan eroso sentitzen den modu batean lan egitea, lanaren beraren azken emaitza baldintzatzen duten kanpo faktoreak aintzat hartu gabe. Aldi berean, nekagarria izan daiteke artistarentzat bere burua aurkitzea, jendea egiten duen horretara erakartzeko amaiera gabeko ahaleginean. «Batzuetan, nekagarria ere bada joatea kontzertuetara, eta saiatzea iristen beste jendeen buruetara», dio Antxustegik. Diskoaren lehen intro horren sareko bertsioan, taldearen Bandcamp orrian, aurkitu dezake bisitariak gogoeta beraren bertsio osatuagoa, eta bada bertan esaldi bat, taldea zer aldetan lerrokatzen den erakusten duena: «Musika hau bihotzetik egin dezakedana da, denborak aukera ematen badit».

Ez da denbora, hala ere, oztopo bakarra. Ezarritako parametroetatik kanpo kokatzearen arriskuez ere ari da musikaria diskoan zehar, «lasai bizitzea» oztopatzen duten, eta norberak bere buruari jartzen dizkion, edo, besterik gabe, bere gain hartzen dituen traba horiez. Horrekin batera, aberastasun mota batzuk beste batzuen gainetik ezartzen dira, hark dioenez, lan mota jakin batzuen balioa besteenaren gainetik jarriz: «Ikus daiteke nola ari diren kentzen eskoletatik musikako irakasgaiak, filosofiako gaiak eta horrelakoak. Ez dute aberastasunik sortzen, gaur egun praktikotzat hartzen den horretan, beste mota bateko aberastasuna sortzen dute». Mundu ikuspegi horri hertsiki loturiko gizartearen erradiografia kritikoa egiten du Antxustegik; baita musika panoramari buruz ere: «Gaur egun, musikak oso funtzionala izan behar du. Pelikuletako musikak argumentuari laguntzeko balio du, dantza egiteko musikak ondo pasatu eta festarako...». Hala ere, Nomos-a indartsuen dagoen unean, Physis-aren alde egiten jarraitzen dute haiek, kideek eurek gustuko dutena lehenetsiz. «Plazer bat da gustura egiten diren gauzak egitea».

Hausnarketarako mezuak

«Balio positiboak transmititzen» saiatzen da hitzetan Antxustegi, baina apaindurarik gabe eta errealitate dosi indartsu batekin. Gizartean finkatutako dogmak nahiz horien atzeko kontraesanak agerian uzten saiatzen da askotariko hausnarketen bidez. Kontraesanez betetako gizartearen balioak irudikatzen ditu, esaterako, Etorkizunerako mezuak abestian, elkarren jarraian doazen «jaiotzea aukeratuko bagenu zenbat egongo ginateke bizirik?» eta «partekatzen dugun mundu honetan, elkar lagundu ala konpeti» esaldietan. Saharari eskainitako kantu bat eta mundu hobe baten aldeko borrokarekikoatxikimenduak pertsonari ekar diezaiokeen nekea eta frustrazioa gaitzat dituen beste bat ere badira, besteak beste, errepertorioan.

Udan kaleratu zuen taldeak diskoa, eta, emaitzarekin bezala, hori halakoa izatea ahalbidetu duten kolaborazio, grabaketa, nahasketa eta bestelakoekin ere «harro» dago Beñat Antxustegik, Joshka Natkek eta Xalba Ramirezek osatutako hirukotea. Diskoko azkena den Ohm abestiagatik Mikel Laboa katedra eman zioten Beñat Antxustegiri 2015ean, eta Zaldibiako (Gipuzkoa) Haize Bazterrak estudioa hornitzeko baliatu zuen saria. Estudio horretan bertan ekoitzi zuten lana. Autoekoizpenaren alde egin zuten grabazioan. Nahasketa eta masterizazioa, berriz, Alberto Lizarraldek eta Juan Hidalgok egin zuten, hurrenez hurren. «Medio xumeagoekin» etxean ekoitziak zituen aurreko lanak, baina azken horren ekoizpena «serioagoa» izan zela onartu du Antxustegik. Aurretik kaleratutako lanetan egin ez bezala, azken hoetan, ekoizpenaren prozesuaren hasieran jardun zuen arren, jarraian zetozen lanetan distantzia hartzen ahalegindu zen: «Aurreko lanetan nahasketak eta hasierako masterra nik egin nituen. Oraingoan, saiatu naiz pixka bat aldentzen, eta grabatzera eta jotzera bakarrik mugatzen».

Diskoa hainbat plazatan aurkezteko aukera ere izan dute. Gehienetan taldean, baina, noizbehinka, bakarka ere aritzen da Antxustegi. Horrez gain, Unai Pelayo Pelax musikariarekin ere kolaboratu du, Physis VS Pelax izenpean. Modalitate desberdinetara moldatzeko gaitasuna du taldeak, Antxustegiren arabera. Gainera, egiten dutenaren gaineko «inongo presiorik» ez izateak halako proposamenei bide ematen dielakoan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.