Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Begoña Iturrizak jantziko dio txapela Bizkaiko bertsolari txapeldunari

Bizkaiko Bertsozale Elkartearen sortzaileetako bat izan zen Iturriza, 1980ko hamarkadan.

Begoña Iturriza
Begoña Iturriza. BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA
mikel lizarralde
2023ko abenduaren 7a
14:35
Entzun

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak 40 urte bete ditu aurten, eta, ospakizunez gain, egindako bideari ere aitortza egin nahi dio. «40 urteko ibilbideari hasiera eman ziotenei eskerrak eman, eta beren beharra ikusarazteko erabakia hartu dugu», azaldu du elkarteak, ohar bidez. Horren erakusle, Begoña Iturriza Zabalak jantziko dio txapela, abenduaren 16an, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazleari.

1983an sortu zuten gaur egungo Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Bizkaiko bertso eskolek beren artean batzeko hartutako erabakiaren ondorioz. «Beren lan eskergak bultzada handia eman zion Bizkaiko bertso eta euskaltzaletasunari, eta oso eskertuta gaude eurek egindako bideari».

Horien artean egon zen Iturriza bera ere. Euskara etxean jaso bazuen ere, gazte zela erdi galdu egin zuen, eta hizkuntza berreskuratzeko lagun izan zuen bertsolaritza. Santutxuko bertso eskolan eman zuen izena, eta, ordutik, bertsoak ikasten zein irakasten aritu izan da hogei urtez.

Baina bertso eskolan soilik ez, Bilbo eta inguruetako bertso saio eta ekitaldietan antolakuntza lanetan ere ibili izan da, betiere bertsoari lotuta. Urte luzez aritu izan da oholtzaren beste aldetik, gehienetan, inoiz gainean izan bada ere: gai jartzen zein bertsoak botatzen. Elkarteak adierazi duenez, 40 urteren ostean, Iturriza oso lotuta dago oraindik ere bertso munduari. Aurpegi ohikoa da txapelketetan zein haietatik kanpo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.