Begiratzeko modu bihurri bat

Jose Mari Zabala artistak 'Écfrasis Bideolanak 1986-2016' erakusketa zabaldu du Bilboko Carreras Mugica galerian. Hogeita hamar urteko tarte horretan egindako hainbat artelan bildu ditu

Bilboko Carreras Mugica galerian ikus daitezkeen Jose Mari Zabala artistaren lanetariko batzuk. CARRERAS MUGICA.
Bilbo
2016ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
«Artista talde bat abangoardian geunden, nolabait. Behin eta berriz saiatu eta saiatu ibiltzen ginen, baina, aurrera egin ordez, atzeraka egiten genuen. Esaten ziguten leloak, zoroak eta arriskutsuak ginela, eta ez genekiela ezer. Horregatik, katakonbetan bizitzea aukeratu nuen. Orain, gure lanari beste posizio bat ematen dabil jendea». Hitzetan nabari da Jose Mari Zabala artistaren ibilbidea ez dela samurra izan. Ez du iragana ahaztu, baina, oztopoak oztopo, aurrera egin duenaren eta aurrera egiten jarraitu nahi duenaren kemenaz mintzo da. 1986. eta 2016. urteen artean egindako lanak biltzen ditu Écfrasis Bideolanak 1986-2016 erakusketak, eta ikusgai dago Bilboko Carreras Mugica galerian: Videographos (1986), Hondartza (2014-2016) eta Mendibilgo Magnolia (2015-2016). Eta, horiez gain, hiru programa ere ikus daitezke: 1986. urteko grabazioak biltzen dituzten Donuts eta Programa #2, eta 1999. urteko Maddi.

Zabalak 1975. urtean egin zuen bere lehen film luzea, 35mm-tan, eta Axut jarri zion izena. Garai haietan, zinemetan ez zegoen kasik ekoizpen esperimental independenterik, eta Zabala mentura bila abiatu zen. «Frankismo garaian egin zen; baimen eta baliabiderik gabe». Halere, izan zuen oihartzunik: Veneziako Biurtekoan aurkeztu zen, eta Donibane Lohizunen ere estreinatu zen (Lapurdi). Aitzitik, filma laster gelditu zen proiekzio zirkuituetatik kanpo. «Ez zen filma babestu. Hemen zinemaren kontuarekin hasi zirenean, ni ez ninduten kontuan hartzen. Batez ere dedikatu ziren zine hortera egitera. Dirua zegoen, eta zine hori egiten zutenei ematen zien gobernuak».

Errebeskada horren ondoren, Zabalak bere bide propioa egitea erabaki zuen, eta bideogintzan hasi zen buru-belarri. Esperimentatzen. «Nik nahi nuen nire gisara ibili. Garai hartan, diziplina desberdinetako artista batzuek, funtsean, subjektibotasun eta askatasuna eskatzen genituen. Niretzat, sormena behar bat zen. Orduan dena zen edo komertziala edo militantea; dena zegoen zerbaiten menpe, eta, egun, ikus-entzunezko aukera mordoa dago. Horregatik, beti defenditu dut alde pertsonal hau, beste espresio modu hori».

Urtaroz urtaroko hondartza

Aretoaren atarian, Hondartza izeneko bideolana dago ikusgai. 40 urte kanpoan bizi ondoren, bere sorterrira, Irunera (Gipuzkoa) bueltatu zen Zabala 2004an, eta umetatik ezagututako Txingudiko badia, Bidasoa ibaia eta euskal itsasertza beste ikusmira batetik behatu zituen. Zehazki, Hendaiako Hondarraitz hondartzan finkatu zuen begirada: 2014. eta 2016. urte tartean, urtaroz-urtaro, kokaleku beretik filmatu zuen hondartza. Entzun daitezke olatuak, eta ikus daitezke surflariak eta bainulariak, egunsentiak eta ilunabarrak. Ikusten da urtaroaren arabera giroa aldatzen. Batez beste, 11 minutuko zatiak elkarren segidan josita, guztira, ia lau orduko bideolan mardula osatzen da. Hori dela eta, egunean bitan baino ez dute ematen.

Mendibilgo Magnolia aretoko sabaitik zintzilikaturiko pantaila batean proiektatzen da, eta pantaila hori hormatik metro batzuetara dago; eta euskarria inguratzeko aukera dago. «Irungo Mendibil parkean dagoen magnolia txinatar hau bizirik dirauen zuhaitz fosil bat da. Loratzen da hostoak bota baino lehen». Urtaroen araberako edizioa egin du Zabalak kasu honetan ere. Bideolanaren soinua ere editatu du, Mendibil parke horren inguruan dauden soinuak bilduta. «Musika eskolako doinuak, umeen jolasak, trafikoaren hotsa, hegazkinen joan-etorria aireportuan... soinu horiek guztiek zuhaitzaren inguruneari buruzko informazioa ematen digute».

Iraganeko memoria

Haatik, Zabalaren lan zaharrenek hartzen dute indarra erakusketan. Beste garai batzuetara garamatzate, eta beste pentsatzeko modu batzuetara. Zoruan jarrita daude hiru telebista, eta, horietako bitan, 1986. urte inguruan filmatutako 21 lan labur ikus daitezke. Donuts eta Programa #2 dute izena lan labur horiek guztiak biltzen dituzten bi programek. Zabala bera ikusiko dugu horietako batzuetan, eta baita haren emaztea ere, Mujer embarazada-n. Deigarriak dira Pop Star film labur erotikoa eta 1980ko hamarkadako Donostiako Alde Zaharra eta kostaldea erakusten duten grabazioak. Zabalak berak grabazio bat nabarmendu du: Maritxu Kajoi. «Arrasateko jaiak ziren, eta, elizaren atarian, urteroko miraria gertatuko zen. Eliz aurrea jendez lepo zegoen, denak oihuka, musika banda jotzen, piroteknia... denak birjinaren mirariaren zain. Elizaren aurrez aurre zegoen etxe bateko balkoira eraman ninduten hura grabatzeko. Oso surrealista ematen du denak».

1986. urtekoa da Videographos ere. Erakusgelan, beste lanetatik bereizita dago, errezelekin. Bi metro luze eta zabal dituen pantaila batean pertsona bi ikus daitezke, eserita: Bernardo Atxaga idazlea eta Jose Antonio Sistiaga margolaria. Hizketan dabiltza, norabide jakinik gabe. Zabalak garai hartan Donostian zuen estudioan daude. «Nire asmoa izan zen kameraren aurrean jartzea hainbat pertsona, eta horien dinamika librea jasotzea: keinuak, poseak, adierazkortasuna. Erretratu fisiko bat egiten saiatu nintzen». Zabalak berak galderak egiten zizkien, «fundamentu handirik gabekoak», eta kameraren aurrekoak ere «hala moduzko erantzunak» ematen zituen. «Orain konturatzen naiz garai bateko erretratua egin nuela. Izan ere, gonbidatuek orduko kontuei buruz hitz egiten dute». Atxaga eta Sistiaga, Jose Luis Zumeta eta Rafael Ruiz Balerdi margolariak, Luis Otaegi argazkilaria, Zabalaren emaztea, eta «handik pasatu zen neska amerikar ilehori bat» ageri dira kamera aurrean, batzuk, luze —30 minututik gora—, eta beste batzuk, labur —2 minutu—.

Zabalak argi dauka bere obrak oraindik badaukala zer esanik, eta oraindik badituela gauzak erakusteko. «Jende mota bat dago horrelako gauzetan interesatua; gazteak, batik bat. Gauza hauekin dabiltza, eta erreferente hurbilak nahi dituzte. Gauzak ez dira ekarri behar New Yorketik edo ez dakit nondik». Irailean, Bilboko Azkuna zentroan bere bideografia emango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.