Erriberriko Antzerki Jaialdia «koordenatu zehatzez» definituta dago, Nafarroako Gobernuko Kultur Ekintzako Zerbitzuaren zuzendari Lorenzo Garciaren iritziz. «Kohesioa eta koherentzia handiko» egitasmoa izatea goretsi du, batez ere, eta, iradoki duenez, egun gidaritzaren arduradun direnen lanarekin ez ezik, festibalaren eskarmentuarekin ere badu ikustekoa horrek, nabarmen. Izan ere, ez da alferrik joan mende laurdena. Jaialdiak 25. aldia du aurten, eta, hain zuzen, bihar hasi eta abuztuaren 4ra bitartean eginen dute. Hori bai: koordenatu franko behar dira kokalekua seinalatzeko. Aurten, Erriberrin ez ezik, Beiren, Tafallan, San Martin Unxen eta Pitillasen (Nafarroa) ere izanen baitira jarduerak; azken horretan, lehenbiziko aldiz.
Erriberriko errege jauregiaren gotorgunean eman dituzte aurtengo aldiari buruzko xehetasunak, festibalaren agertoki nagusia dagoen toki berean, hain zuzen; Cava eszenatokian. Garciaz gain, bertan mintzatu dira, besteak beste, jaialdiaren zuzendari artistiko Ane Pikaza eta Maria Goirizelaia. «Oso zoriontsu» dira biak ala biak, eta, are, poztasun hori «bikoitza» delako sentipena plazaratu dute, nolabait; festibalaren urteurren biribilak sortua, batetik, eta aurtengo egitarauari lotua, bestetik. Antzezlanak, kontzertuak, erakusketak, solasaldiak eta tailerrak kabiarazi dituzte programazioan, eta, zehazki, Kulunka konpainiaren Forever obrarekin abiatuko da. Bihar oholtzaratuko dute, 22:00etan, Cavan.
Goirizelaiak eta Pikazak hirugarren aldiz zuzendu dute jaialdia. Lau urterako kontratua sinatu zuten 2021eko abenduan, eta, beraz, 2025ekoa izanen dute azken urtea. Goirizelaiak bereziki maite du herriak zer itxura hartzen duen festibalak irauten duen egunetan. «Erriberri gazte bat azaltzen da: berritzailea, ausarta, suharra», aitortu du. Aurreratu duenez, ikusleek «punta-puntako dramaturgia garaikideaz» gozatzeko aukera izanen dute aurten. «Publikoak oholtzaratuta ikusiko ditu gaur egun mundua astintzen eta hunkitzen ari diren gaiak».
«Publikoak oholtzaratuta ikusiko ditu gaur egun mundua astintzen eta hunkitzen ari diren gaiak»MARIA GOIRIZELAIAJaialdiaren zuzendari artistikoa
Hain zuzen, Pikazak nabarmendu du aurten taularatuko diren obrek askotariko gaiak jorratzen dituztela. Esaterako, egitarauan bildua denez, jaialdia abiatuko duen Forever lana maitasunaren kontraesanei buruzkoa da; Itziar Maneroren Memoria antzezlanak, berriz, oroimenari eta oroimenaren galerari buruz hausnartzen du; eta, oso bestela, Solitaria konpainiaren Mal de coraçon lanak Teresa Avilakoa moja espainiarrari buruzko kontakizuna du ardatz. 27 funtzio emango dituzte guztira.
Bi zuzendari artistikoek, ordea, azpimarratu dute jaialdiaren 25. aldian hau izan dutela lehentasunetako bat: ikusleak erdigunean izatea. «Festibalak gonbidatuko ditu begiradak berritzera, aurrez ezagun dituzten gauzei diferente begiratzera, eta, batez ere, ziurtasunez gabetzera», esplikatu du Pikazak. Ariketa horrek ekar dezakeen gozamena nabarmendu du Goirizelaiak: «Zoriontsuago eginen gaitu, eta, batez ere, kritikoago; horretarako balio baitu kulturak».
Erdiak baino gehiago, emakumeenak
Aurtengo aldirako programatu dituzten 27 funtzioetatik, hamalau dira emakumeek eginak. Hau da: hamalau obra horietan, emakumeak dira zuzendariak, sortzaileak edo idazleak. Hori horrela, Goirizelaiak eta Pikazak bete egin dute zuzendaritzari heldu ziotenean beren buruari eginiko erronka: obren %50 emakumeenak izatea, gutxienez. Iaz, 22 ikuskizunetatik hamahiru izan ziren emakumeek sortuak, idatziak edo zuzenduak.
Hain zuzen, emakumeek antzerkigintzan betetzen duten rola hizpide hartuta, mahai inguru bat ere eginen dute jaialdian. Zehazki, urteurrenaren aitzakian antolatutako hiru mahai inguruetako bat da hori: Erriberriko Antzerki Jaialdia femeninoan. Uztailaren 24an izanen da, 19:00etan, Erriberriko Reyna de Copas aretoan.
Bestalde, esanguratsua da jaialdian taularatuko diren antzezlanen hizkuntzari buruzko datua. Izan ere, bakarra da euskaraz: Yarleku konpainia nafarraren 104. haurra. Uztailaren 26an oholtzaratuko dute, Tafallako kulturgunean.
2024an ere euskarazko antzezlan bakarra izan zen egitarau ofizialean —Mikele Urrozen eta Lucia Ezkerren Mendia egonaldia euskaraz izanagatik ere—. Halere, Pikazak nabarmendu du bai iaz eta bai aurten euskarak baduela tokia oholtzatik kanpo ere, «zorionez»; hala nola egonaldietako zenbait lanketatan. Dena dela, adierazi du nahi luketela euskararen presentzia zabalagoa izatea eta, oro har, badagoela horretarako borondatea. Goirizelaiak bat egin du kidearen iritziarekin, baina esplikatu du euskarazko lanak ez ezik ingelesezko edo alemanezko obrak ere ekarri nahiko lituzkeela, adibidez. «Interesgarria litzateke nazioarteari begira».
Beste 25
Bada aurkezpenean hizlari aritu diren lagun gehien-gehienek ezpainetaratutako esaldi bat: «Jaialdiak bete ditzala beste 25 urte ere». Zuzendariek eta Lorenzo Garciak ahoskatu dituzte hitzok, eta bideaz hausnartu dute. «Jaialdiak urtez urte, pausoz paso lagundu digu gure bizitzan, eta, orobat, eboluzioa izan du sortu zenetik orain arte», adierazi du Garciak.
Festibala sortu zeneko aldia ere ekarri baitu gogora. Eta oroitarazi, adibidez, 2000. urtearen bueltan hasi zela hura sortzeko ideia borborka, eta lehenbiziko aldietan Erriberriko Udalak eta herriko biztanleek kudeatu zutela. Gaur egun, Nafarroako Gobernuak antolatzen du nagusiki, beste zenbait erakunderen laguntzarekin —Baluarte fundazioarenarekin, adibidez—. Gainera, programazioari dagokionez, Garciak nabarmendu du Erriberriko jaialdia dagoeneko erreferente dela «Nafarroatik kanpo ere», eta, batik bat, azpimarratu du jaialdian bistaratzen diren «kontatzeko moduengatik» ere badela eredu. «Geure munduari loturiko istorioak kontatzeko molde berrien alde egiten du».