Begirada ugariak, gai librean

21 emakume argazkilarik bina irudi jarri dituzte Photomuseumeko 'Emakumeok aurkezle' erakusketan, Zarautzen. Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko kideak dira egile guztiak

Susana Gajacaren irudi bat, beste egile batzuen argazkiak islatuta, Zarauzko Photomuseumen dagoen Emakumeok aurkezle erakusketan. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Zarautz
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Nork bere begiradatik, nork bere irudimenak eraman duen lekutik. Hala ondu dituzte Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko 21 kidek, emakumezkoak guztiak, Emakumeok aurkezle erakusketan bildutako irudiak. Bakoitzak bina argazki aukeratu zituen haren bildumatik, eta denak batera ikusgai jarri zituzten iaz, Donostian, elkartearen egoitzan. Baina konfinamendua heldu, eta nahi baino lehenago kendu behar izan zituzten hormetatik. Ordutik, urtebetez izan dituzte gordeta, baina berriro ere ikusgai daude orain, hilaren 28ra arte, Photomuseumen, Zarautzen (Gipuzkoa).

Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen eskutik iritsi da, beraz, erakusketa Zarautzera. Trini Grases 1974tik da bertako bazkidea, eta BERRIAri azaldu dionez, elkarteak aldiro antolatu ohi dituen lehiaketetan parte hartuz, beste hainbat argazkilari ezagutuz joan zen. «Halako batean, haietako batek esan zuen erakusketa bat egin beharko genukeela, eta ni berehala animatu nintzen». Hala, Maritxu Urretak, Juana Mari Gallastegik eta hirurek beren lanen bilduma bat erakutsi zuten 1979an. «Bakoitzak lantzen zuen estiloan osatutako lanak jarri zituen ikusgai: Maritxuk, kolorez onduak; Juana Marik, sormen handikoak; eta nik, zuri-beltzekoak».

Gerora, izan dira, gai zehatz bat lantzeko asmoz, elkarteko bi edo hiru emakume argazkilarik elkarrekin eginiko erakusketak, baina ez halako talde zabal baten irudiekin osatutakorik. Orain arte. Asmo hori buruan zuela, elkartearen hileroko buletinaren bidez deialdi bat egitea erabaki zuen Grasesek, parte hartu nahi zuten bazkideak izena ematera gonbidatzeko. «Ni koordinatzailea izan naiz nolabait, baina dena elkartetik kudeatu da», ñabartu du. Izan ere, baiezkoa eman zutenak bilerak egiten hasi ziren, erakusketaren nondik norakoak elkarrekin zehaztu eta prestatzeko. Eta pozik dago Grases emaitzarekin, askotariko obrak bildu baitituzte.

Lanak egileen abizenaren arabera, ordena alfabetikoan kokatu dituzte aretoan, bikoteak osatuta, eta denak formatu berarekin aurkeztu dituzte: neurri bereko egurrezko markoetan, hondo zuriaren gainean, eta argazkilariaren sinadura azpian dutela. Horraino antzekotasunak; izan ere, gaia librea izanik, eta sortzaileak ugari, askotariko teknikak, estiloak eta hizpideak ageri baitira hormetan. Grases: «Esan daiteke bakoitzak bere onena eman duela».

Estilo eta gai sorta zabala

Natura hilak osatu dituzte hainbat argazkilarik, estilo ezberdinetan. Pili Aguayok, adibidez, sardexka batzuekin egindako ispilu-jolasen bitartez sortu ditu bereak; Txaro Barinaga Rementeriaren irudietan, berriz, margotuak dirudite buztinezko ontziekin nahiz irasagarrekin osatutako konposizioek. Beste hainbat egilek, berriz, erretratuak eraman dituzte, hala nola Arantxa Arranzek, Lourdes Arrutik, Amaia Bonetak, Elena Collek, Oihane Galarzak eta Alicia Tebarrek. Koloretan zein zuri-beltzean, andreak dira erretratatutako gehienak, munduko hainbat lekutakoak. Eta emakumeak dira nagusi, lehen planoan izan gabe, giza figuraren bat ageri duten beste argazki gehienetan ere; adibidez, dantzari bana erretratatu dituzte Galarzak zein Arantza Kortajarenak, eta emakumezko baten figura antzeman daiteke Susana Gajacak eraikin baten barruko argi-itzalekin jolas eginez osatutako irudietan ere.

Beste hainbat kideren argazkietan, berriz, natura da protagonista nagusia. Kortajarenak, adibidez, margolan itxura hartzeraino lausotutako baso baten irudia jarri du ikusgai. Marijose Cuelik eta Marilo Zubizarretak, berriz, landareak eraman dituzte irudietara: kolore apaletan eta lausotuta, lehenak; kolore biziz eta plano hurbiletan, bigarrenak. Elementu organikoak suma daitezke Mamen Mariren irudietan ere, baina hain lausoturik, ezen zaila egiten den zer diren ere identifikatzea. Xehetasunez betetako paisaiak zintzilikatu ditu Isabel Garciak. Natura hautatu duten beste hainbatek, halaber, itsasoari eta kostaldeari begiratu diete zehazki: hondartza bateko irudi bat, Zarauzko olatuak, Donostiako Haizearen Orrazia, Kontxa hondartzako baranda nahiz arkupeak, eta bestelako itsas paisaiak erretratatu dituzte, besteak beste, Lourdes Arrutik, Miren Milletek, Gemma Saucak eta Marga San Josek.

Beste hainbatek hiria izan dute beren objektiboaren jomuga, edo hiriari lotutako elementuak bestela. Errepideetako autoen argiekin eta euri tantekin sortutako jolasak eraman ditu bere argazkietara Marijose Salazarrek, eta hiri handi bateko etxe orratzak, berriz, Arantza Milletek. Elementu jakin batean jarri du arreta Elena Gonzalezek: organo batean; osorik ageri da irudietako batean, organista bat jotzen ari dela, eta xehetasun bati erreparatu dio bestean. Grasesek berak ere bi argazki aukeratu ditu erakusketarako: eskailera kiribil bat da erdigunea horietako batean, eta margolan baten itxura duen etxez osatutako pasaia, berriz, bigarrena. «Bakoitzak bere irudimena libre uzteko aukera izan du», iritzi dio.

Segida emateko gogoz

Photomuseumekin bereziki eskertuta agertu da Grases, erakusketa gorde behar izan zutenetik lekua egin dion lehena izan baita. Behin bertatik eramateko ordua heltzen denean, sustatzaileen asmoa da Zarautzetik leku gehiagotara bidaiatzea; «ia ziur», maiatzean berriro Donostian ikusi ahal izango dela iragarri du Grasesek, eta erakusketari jarraipena emateko hainbat elkarterekin hizketan ari direla. Ez bildumak bakarrik, proiektuak ere segida izatea nahiko lukete. «Egoerak laguntzen badigu, litekeena da Emakumeok aurkezle II ere izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.