Begirada morala torturari

'Migas de pan' emango dute Giza Eskubideen Donostiako 15. Zinemaldiaren lehen egunean. 'Eshtebak' lanarekin hasiko da jaialdia

Manane Rodriguez eta Patxi Bisquert, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Donostia
2017ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Filmaren une batean Liliana Pereirak (Cecilia Roth) errainari hau esaten dio: «Zuk ez dakizu ezer honi buruz, eta ez daukazu ezer esateko eskubiderik». Atxilotu, hamar hilabetez torturatu eta bortxatu, eta espetxeratu egiten zuten Pereira 1975ean. Uruguain. Diktadura zibil eta militarraren garai gogorrenetan. Eta 37 urte geroago kontatu egin nahi du orduan gertatutakoa. Hari eta beste lagun emakume batzuei. Torturatzaileek segitzen dutelako ez bakarrik zigortu gabe, baizik eta armadaren goi postuetan. Eta errainak esan dio Lilianari hobe duela oroimena ez astintzea. Memoria ariketa da Migas de pan, Manane Rodriguezek (Uruguai, 1954) zuzendu eta gaur Giza Eskubideen Donostiako 15. Zinemaldiaren inaugurazio egunean emango duten filma.

Rodriguezek badaki zertaz hitz egiten duen, filmaren oinarrian dagoen istorioak segitu egin diolako bizitza osoan. Filmeko emakumeek bizi dituzten gertaerak bere ingurukoek jasan behar izan zituzten. «Nire lagunak ziren diktadura baino lehen, eta nire lagunak dira diktaduraren ostean ere». Eta istorioa «kontatu» egin beharra zeukala uste zuen, emakume horien salaketek ez dutelako bidea egin epaitegietan, edo oso astiro doazelako auzibideak. «Oso mingarria da. Auziak kutxetan gordeta daude. Baina inportantea da gauzei buruz hitz egitea, jendeak jakitea zer gertatu den».

Migas de pan 2012an abiatzen da. Liliana Pereira Uruguaira itzuliko da Galiziatik, eta bertan aurre egin beharko dio jazarpena, kartzela zigorra eta semearen zaintza galtzea ekarri zituen iraganari. Eta ikusleak denboran atzera egingo du, 1975era, Liliana Pereira gazte baten bitartez (Justina Bustos), diktaduraren kontrako ekintzaileek eta batik bat emakumeek jasan zituzten torturak eta bortxaketak ezagutzeko. Atxiloketa gune batera eramango dute Pereira, eta han, burua estalita eta ia biluzik, etengabeko tortura eta bortxaketei egin beharko die aurre.

Argentina, Txile eta Brasilgo diktadurek ez bezala, Uruguaikoak ez du isla handirik izan zineman. Costa Gavrasek État de siège filmatu zuen 1972an, «errepresioa hasia zenean», baina gerora ez da bestelako filmik egin, Rodriguezek dioenez. «Gaiari heltzen dion lehenengo filma da hau, eta Uruguain bertan harrera ikaragarria izan du. Katartikoa izan da».

Zuzendariak ezagutu ditu emakume torturatu eta bortxatuak, eta haien begiradek piztu dute bere arreta askotan: «Begirada duin eta irmoak dira. Ez zituzten garaitu, eta ez zieten kendu bizitzeko poza». Rodriguezek ez du torturak modu agerikoan erakusteko tentazioan erori nahi izan, eta oihuek, soinuek eta pertsonaien begirada beldurtuek ematen dute askotan ondoko gelan gertatzen ari denaren berri. Eta, halere, agerikoak dira atxilotuen zaurgarritasuna eta borreroen inpunitatea. «Lagun batek esan zidan begiak itxi zituela sekuentzia horietan, baina okerragoa zela, ikusi baino gehiago, entzun egiten delako». Jean Luc Godardek travelling bat moral kontua dela zioen, eta Rodriguez ados dago zinemagile frantziarraren aipuarekin. «Migas de pan-eko irudiek soilak izan behar zuten, artifiziorik, morborik, apaindurarik gabeak», dio filmaren prentsa oharrean, eta, atzo, pelikula prentsaren aurrean aurkeztean ere, adierazi zuen ihes egin diola «zerbait pornografikoa» egiteari.

Torturaren errealitatea

Cecilia Roth eta Justina Bustos dira filmeko protagonista nagusiak, hurrenez hurren Liliana Pereira heldua eta gaztea gorpuzten dituzten aktoreak; baina film korala da, hein handi batean, Migas de pan. Korala, emakume ugari direlako filmeko pertsonaia aktibo, eta korala, jazarpena jasan zuten emakumeen inguruan mugitzen direlako beste hainbat pertsonaia ere. Horietako bat da Roberto, Liliana helduaren bikotekidea, Patxi Bisquertek interpretatzen duena. Oso presentzia txikia du filmean euskal aktoreak, baina Donostian da egunotan Migas de pan-eko ordezkaritzarekin, eta Uruguain gertutakoa «urrutitik» ezagutu duela adierazi zuen atzo. «Prentsaren bitartez» eta askotan «manipulazioaren» galbahetik pasatuta iritsi ohi dira beste herrialde batzuetan gertatutakoak.

Nolanahi ere, filmean azaltzen dena «ondo» ezagutzen du Bisquertek: «Euskal Herrian oso gertutik bizi izan dugu gaia. Ni, adibidez, bi aldiz torturatu naute». Gogora ekarri zuen Bisquertek Euskal Memoria fundazioak orain dela gutxi eman duela Euskal Herrian 5.000tik gora torturatu izan direneko datua: «Horrek esan nahi du azkeneko 50 urteetan, pertsona bat torturatu dutela bizpahiru egunero. Eta halako jarduerak zigortu ordez, saritu egiten dira».

Filma 22:30ean emango dute gaur Viktoria Eugenia antzokian, Giza Eskubideen Zinemaldiaren lehenengo egunean. La niña de la buseta (Pedro Pio) film laburra emango dute aurretik. Jaialdiaren hasiera ekitaldia, berriz, 19:30ean izango da Viktoria Eugenian bertan. El mundo de Embarka (Raul San Roman Otegi) eta The Cut (Evangelia Soumelli) film laburrak eta Eshtebak / Clash (Mohamed Diab) film luzea emango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.