Begirada kolektibo bat ezinegonari

Xanti Arrietaren ‘Gernikak. Begiradak’ erakusketa zabaldu dute Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. Gerraren krudeltasuna islatu du euskal kulturako hainbat pertsonaren ekarpenek lagunduta.

Xanti Arrietaren 'Maletak, zapatak' obra ikus daiteke 'Gernikak. Begirada' erakusketan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Xanti Arrietaren 'Maletak, zapatak' obra ikus daiteke 'Gernikak. Begirada' erakusketan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko martxoaren 7a
04:35
Entzun 00:00:0000:00:00

«Nahiz eta irudiek/ listua garraztu/ Misilek beti bide/ berbera marraztu/ Mila bider ikusi/ albistegiak ezin/ omen du zehaztu/ zenbat hil diren eta/ zenbat aberastu». Horman zintzilik, burdinazko alanbrez egindako kutxetako batean irakur daiteke Nerea Ibarzabalen bertsoa. Gerraren bortizkeria sufritzen dutenen begirada izutuen argazkiak zintzilikaturik ageri dira gainerako kutxetan. Xanti Arrieta artistaren Gernikak. Begiradak erakusketari hasiera ematen dion piezak ongi islatzen du artelan bilduma osoaren esanahia: «Guk ezagutzen dugun Gernika horren atzean, beste hamarnaka, ehunka Gernika daude. Horietako asko, odoltsuagoak eta bortitzagoak». 

Francoren aliatuek 1937ko apirilaren 26tik aurrera egindako sarraskia mundu osoan da ezagun, eta Picassoren Gernika obrak betikotu egin zuen biztanleria zibilaren izua oroimen kolektiboan. Baina, Gernikaz gain, badira laztura, beldurra, heriotza eta basakeria islatzen dituzten toki gehiago ere. «Ukrainako gerra hasi zenean, telebistako irudiak ikustean neure buruari galdetu nion: Zenbat Gernika, zenbat Hiroshima, zenbat Gaza jasateko prest gaude?». Galdera horretatik tiraka, Pablo Picassoren obra berrinterpretatuz eta oraingo testuingurura ekarriz ondu du erakusketa Arrietak. Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean egongo da ikusgai, hilaren 27ra arte.

Gernikak-Begiradak
Xanti Arrieta eta Txema Ramirez de la Piscina Gernikak. Begiradak erakusketan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Gernikak. Eta begiradak. Pluralean biak. Izan ere, orain eta lehen, Euskal Herrian eta mundu zabalean, hamaika herrik sufritu du (eta sufritzen du) gerraren zentzugabekeria. «Ez dago Gernika bakarra». Eta Gernika bakarra ez dagoen bezala, gerrari buruzko begirada bakarra ere ez dago».

Eta, horregatik hain justu, euskal kulturan erreferente diren hamar pertsonaren «begiradak» bilduta osatu du erakusketa Arrietak. Hala nola Nerea Ibarzabal, Eñaut Elorrieta, Castillo Suarez, Patxi Ibarzabal, Maite Aristegi, Amets Arzallus, Onintza Enbeita eta Martxelo Otamendirenak. Haiek idatzitako testuak, bertsoak eta poemak irakur daitezke artelanak ikusteaz batera.

«Ukrainako gerra hasi zenean, telebistako irudiak ikustean neure buruari galdetu nion: Zenbat Gernika, zenbat Hiroshima, zenbat Gaza jasateko prest gaude?»

XANTI ARRIETAArtista

Hala, «ezinegonez sortutako begirada kolektiboa» osatu du artistak. «Proiektua forma hartzen hasi zenean konturatu nintzen hitzak behar nituela. Irudi batek hamaika hitz baino gehiago balio du, baina hitzak eta irudiak batuz gero, balio handiagoa dute», azaldu du Arrietak. Txema Ramirez de la Piscina kazetaria bidelagun izan du horretarako; besteak beste, hark bilatu ditu erakusketarako kolaboratzaileak eta gerrako lekukotzak, eta hark ondu du biztanleria zibilaren aurkako bonbardaketari buruzko informazio mardularen laburpen osatua ere; erakusketan kontsulta daiteke.

Arrietak kontatu duenez, gerren gordintasunaren eta krudelkeriaren aurrean «begiak ez ixteko» deiadarra da erakusketa, eta ikusleari barrenak mugitzea du helburu. Gatazken inguruan kontzientzia hartzeko xedea duela erantsi du Ramirez de la Piscinak: «Albisteek sortzen diguten amorrua ezin da desmobilizaziorako amarru izan. Gerren aurka jardun eta ekin beharra dago».

‘Gernika’-ren begiradak

Picassoren Gernika margolana «zatikatu» eta esanahi propioa duten bederatzi artelan ondu ditu Arrietak. Besteak beste, zezena, zaldia imintzioka, emakumea sutan, gudariaren hilotz zatikatua eta bonbilla argiztatua berrinterpretatu ditu artistak, pintura, eskultura, zeramika eta argazkiekin, eta kolaboratzaileen testuekin. 

Emakumea sutan artelanaren ondoan, adibidez, Maite Aristegi nekazariaren testu bat irakur daiteke: gerran bi seme galdu izanak Elorrioko amona Alejandrari eragin zion minaz idatzitako testua, hain zuzen. Emakume herrena artelanarekin batera, berriz, Castillo Suarez idazleak euskarara ekarritako Iraindutako lurrak poemaren zati bat dago. Pablo Nerudak idatzi zuen, La desbandada izeneko sarraskia salatzeko: 1937an frankistek milaka zibil hil zituzten —3.000-5.000 lagun inguru— Malaga eta Almeria arteko errepidean (Espainia). Arrietak ihesaldi hura eta Gazako gerratik ihesi doazen milaka herritarrena parekatu du argazkien bitartez. 

Gernikak-Begiradak
Xanti Arrietaren Maleta izeneko obra. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Gernika artelanean oinarritutako obrak ez ezik, gerren krudelkeria islatzen duten bestelako piezak egin ditu artistak. Besteren artean, gerratik ihes egitean atzean uzten den guztia bistaratu du Maletak, zapatak obran, Kirmen Uribek idatzitako testuak lagunduta.

Bisita gidatuak antolatu dituzte erakusketa ikusteko, baita hitzaldiak eta bertso saioak ere.

eGITARAUa

  • Martxoak 11.M11. Gerra eta herra desinformazioaren garaian mahai ingurua. Martxelo Otamendi eta Txema Ramirez de la Piscina.
  • Martxoak 19.Gernikak, begiradak eta bertsoak bertso saio literarioa. Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Castillo Suarez.
  • Martxoak 22. Arte bitartekaritzako saioa familiekin. Sara Berazaluze.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.