Gailua eskuetan hartu, eta gehiegi pentsatu gabe klik egin. Klik, behin eta berriz. Boladan dago argazkilaritza. Argazki andana dago egun; ez, ordea, hainbeste argazkilari. Argazkilari izateak prozesu bat eskatzen baitu: begiratzea, tokia aztertzea, ezagutzea; munduari begiratzeko modu bat eratzea. Mundu iragankor batean, irudiak iraunkor bihurtzeko: iraunarazteko. Barrutik; norberarenetik. Hala ulertzen du ofizioa Carlos Canovas fotografoak (Hellin, Espainia, 1951), eta hori aldarrikatzen du. Duela berrogei urte baino gehiago lotu zitzaion kamerari, eta ezin askatu dabil oraindik. Pasioz bizi du argazkigintza, eta Nafarroako Gobernuarenaitortza ekarri dio horrek, Kulturaren Vianako Printzea saria jaso baitu berriki.
Canovas Nafarroatik kanpo sortu zen, baina artean haurra zela mugitu zen Iruñera. Han egin zituen lehen urratsak argazkigintzan: lehenik, etxean. Aitak handigailu bat zuen, eta erabiltzen irakatsi zion zazpi urte zituenean. Benetako grina, ordea, beranduago sortu zitzaion: zerbitzu militarrean. Canovas: «Derrigorrezko meditazio garai bat izan zen, eta pentsatzera gelditu nintzen. Argazkiak egitera nindoala erabaki nuen». 1972ko Iruñeko artisten topaketetan erosi zuen lehen kamera, eta buru-belarri murgildu zen fotografian.
Argi izan zuen hasieratik: ez zien urratutako bideei jarraituko; beste zerbait bilatuko zuen. «Maila pertsonalean komunikatzeko modu bat. Poesian aritzen direnen gisakoa». Hala, begirada eratuz joan zen; eskultore edo margolariaren begiradaren antz handiagoa duena, beste esparru askotako argazkilariena baino. Inguruko munduarekin duen erlazioa besteei kontatzeko baliatzen duena. «Azken urteetan egin ditudan argazki gehienak estudiotik bi kilometrora egin ditut», jarri du adibidetzat.
Zizur Nagusian du estudioa, etxean. Argazkiz betetako etxe batean. Bat nagusitzen da estudioan dituenen artean Extramuros seriekoa, Iruñean 1984an egindakoa argazki nagusikoa. «Beti hor izaten dut, ez dakit zergatik», azaldu du. «Nire mundu fotografikoa islatzen du: hormak, hor zergatik dauden ez dakizun eraikinak, Lanean jarraitu nahi dugu dioen errotulua...». Halako agertokiak baitira Canovasen begirada harrapatzen dituztenak: ezustean igarotzen direnak. Erdigunea bainoago, kanpoaldea; fatxada bainoago, atzeko pareta. Agertoki arruntetako hegiak, eta haien poesia. «Baina ez dut ezer asmatu, egun asmatuta baitago gehiena», erantsi du, umil.
Leku arrunt horietara begiratzerakoan, perspektiba pertsonal bat bilatzen du. Bitarteko gisa, argazkiak despertsonalizatzeko joera baitauka, haren irudiko; areago teknologien munduan: «Industriak kamerak eta mugikorrak saltzen dizkigu, etengabe egin dezagun klik, ahal dela, pentsatu gabe». Baina klik egitea eta argazkilaria izatea ez dira gauza bera; ez, behintzat, artearen bideak zeharkatu nahi dituenarentzat.
«Zabor bisual» gehiegi baitago egun, Canovasentzat: «Askotan, argazkilariok milaka irudi egiten ditugu erakusketa bat prestatzeko. Eta sobera gelditzen diren guztiek agian gure gaitasunik eza berretsi baino ez dute egiten». «Irudien kutsaduraren» aurrean, kontrakoa bilatzen du, beraz: argazkigintza geldoa, pausatua. Eta iraunarazteko gaitasuna: «Egun, irudi gehienak iragankorrak dira, desagertu egiten dira. Argazkilariak, artista orok bezala, iraunkortasuna bilatu behar du».
Edertasuna bilatzen ote duen galdetuta, zalantza egin du. «Zaila da, edertasuna eraikuntza soziala baita». Nahiago du atentzioa ematen diona erretratatzen duela esan. Horren harira, harekin alderatzen duten Gabriele Basilico argazkilari italiarraren kontzeptu bat aipatu du: «Hark lekuaren esperientziaz hitz egiten zuen, baina leku baten esperientzia izateko leku horretan bizi behar da. Nik lekuaren kontzientziaz hitz egiten dut: argazkiak egiten ditut lekua deika ari zaidala konturatzen naizenean».
Ixten ez diren serieak
Canovasek Euskal Herriko eta inguruko arte zentro esanguratsuetan jarri izan ditu argazkiak, eta sorkuntza lana irakaskuntza eta ikerketarekin uztartu du. 1980ko hamarkadan, haren aurretik ofizioan aritutakoen inguruko informazio faltak bultzatuta, erantzunak bilatzeari ekin zion, eta Apuntes para una historia de la fotografia en Navarra (Nafarroako argazkigintzaren historia baterako oharrak) liburuan jaso zuen emaitza. Bere interesari segika, argazkilari nafarrek egindakoa aztertu du batik bat, eta fotografiaren filosofiaz ere idatzi ditu zenbait artikulu eta saiakera.
Egun, Budapesteko hotel baterako proiektu batean lanean ari da, baina geldirik dago, krisiarengatik herrialdean sartzeko oztopoak dituela eta. Proiektu zehatzak gorabehera, etengabe aritzen da bere serieak elikatzen. «Inoiz ez ditut ixten; argazki batek serie batekin bat egiten duela uste badut, sartuko dut».
Esan du ez duela argazki kuttun jakin bat, asko izan daitezkeela, baina, pentsatu ondoren, aukeratu du bat: El arbol, la luna y las estrellas (Zuhaitza, ilargia eta izarrak), Iruñean egindakoa, 1994an —argazki txikian—. «Ezin konta ahala aldiz pasatua nintzen leku horretatik, eta ez zidan inoiz atentzioa eman. Baina egun hartan, ordu hartan, leihoek islak sortzen zituzten. Irudiak nik bilatzen nituen osagai poetikoak zituen. Bi plaka bota nituen, eta eguzkia ezkutatu zen. Pentsatu nuen pare bat egun barru itzuliko nintzela, zeru egonkorragoarekin». Eta itzuli egin zen. Baina urteetan zutik egondako horma hori ordu batzuk lehenago eraitsia zuten. «Argazkia jada ezinezkoa zen. Zorionez, hasierako irudiak balio izan zuen. Ustekabea argazkiaren prozesuaren parte da».
Begirada «deformatuta»
Canovasek irailaren 19an jaso zuen Nafarroako kulturaren sari nagusia, Erriberrin. Kontent dago aitortzarekin: «Etxean halako sari bat jasotzea poz handia da; ez da erraza profeta izatea norbere herrian». Vianako Printzea saria jaso duen lehen argazkilaria da, eta uste du urrats garrantzitsua dela. «Argazkigintza artetzat hartzen den arren, beti geratzen delako besteen azpian». Berrogei urteko ibilbidea aitortu dio sariak; pasioz bizi izandako berrogei urte. Aurrerantzean, argazkiak egiten jarraitzeko asmo sendoa du Canovasek, ez baita gai munduari beste toki batetik begiratzeko, «deformatua» baitu begirada honezkero. «Ezinbestean, kamera pisatzen dudan bitartean, jarraituko dut».
Begirada, iragankorra iraunarazteko
Carlos Canovasek soldadutzan erabaki zuen argazkigintzan murgiltzea, 1970eko hamarkadan, eta ordutik ez du kamera utzi. Adierazteko era naturala du. Eguneroko paisaiak erretratatzen ditu, patxadaz. Vianako Printzea saria jaso du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu