Sail bakoitzean hamar film lehiatuko dira aurtengo Latinoamerikar Zinemaren Miarritzeko Jaialdian. Larunbatean hasi eta hilaren 28ra arte iraunen du, eta 27an izanen da sarien banatzeko gaualdia. Brasil, Mexiko, Argentina, Txile, Peru, Venezuela, Kolonbia, Paraguai, Uruguai, Panama eta Ekuadorko film egileen azken lanak ikusten ahalko dira. Argentinari begiratuko dio bereziki jaialdiak aurten. Javier Mileiren lehendakaritzara iristeak dituen ondorioak aztertuko ditu: besteak beste, zinemarako laguntzak oro eteteak dituen ondorioak. Euskal diasporaren medioz, Argentina eta Euskal Herriaren arteko harremanak ere izanen dituzte aipagai. Kazetari izateko zailtasunak aipatuko ditu jaialdiak, horrez gain. Santiago Maza zinemagile mexikarraren Estado de silencio filmaren aurkeztera etorriko da Diego Luna aktore eta dokumental horren ekoizlea. Azkenik, aurtengo ohorezko Abrazo saria Mexikoko Alfonso Cuaron film egile, gidoigile eta ekoizleari emanen dio jaialdiak. Kari horretara, 2018an egin zuen Roma film famatua hedatuko dute.
«Oro har nahiko begirada humanistako filmak dira aurten; irakurketa sozialekoak». Hala laburbildu du aurtengo programa Jean-Christophe Berjonek, Latinoamerikar Zinemaren Miarritzeko Jaialdiko delegatu orokorrak. Nahiz eta egoera gogorrak erakusten dituzten film batzuek, forma aldetik «molde jostagarrian» eginak direla gehitu du.
Zinegileetan, parekidetasuna azpimarratu du Berjonek, gizon bezainbat emazte badaudela. Bekan ikusten diren herrialdeak ere, betiko ekoizle handienen artetik: «Betiko handiak hor daude: Brasil, Argentina, Kolonbia, Txile... baina baita Panama, Ekuador, Paraguai eta beste ere. Eta, aurten, inoiz baino gehiago, Peru». Perutik bidali dizkieten eta gustukoak izan dituzten film batzuk behar izan dituzte bazter utzi, aitortu duenez. Filmez gain, Peruko bi argazkilariren argazki erakusketak ere ikusten ahalko dira jaialdi denboran.
Walter Salles, Lola Arias
Jaialdia hasteko gaualdirako, Walter Salles film egile brasildarra etorriko da, berriki Veneziako Mostran gidoi onenaren saria eraman duen Ainda Estou Aqui (Oraindik hemen nago) lanaren aurkeztera, larunbatean, 19:30ean, Geltoki Zaharreko antzokian.
Igande gauean, beste gomit berezi bat izango du jaialdiak: Lola Arias idazle, taula zuzendari, filmegile argentinarra. Berlinen eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu Reas filma ikusten ahalko da. Berjonek oroitarazi du filma antzezlan tailer baten emaitza dela. Los diís afuera izeneko antzezlan hori Avignongo (Okzitania) antzerki jaialdian eman dute uda honetan. «Preso ohi batzuekin sortu zuen antzezlana, presondegi ohi batean. Tailer horretatik Reas filma sortu da».
Film emanaldiez gain, jaialdi guzian gau guziz latinoamerikar musika anitz entzuten ahalko da Kasinoko «herrixkan». Horrez gain, literatura topaketak, film egileen eta ekoizleen arteko edireite profesionalak, eta mahai inguru unibertsitarioak eginen dira, urtero bezala.
Egitarau eta xehetasun guztiak Festivaldebiarritz.com atarian topa daitezke.
800.000
Aurrekontua Iazko aurrekontuari eutsi dio Latinoamerikar Zinemaren Miarritzeko Jaialdiak. Herena Miarritzeko Herriko Etxeko diru laguntzetarik dauka. Proiekzioetarako sarreren prezioak hein berean mantendu dituzte.