Zinema

«Begirada gazteari» lekua egingo diote aurtengo Euskal Zine Bileran

Gaur hasi eta datorren astelehenera arte egingo dute Euskal Zine Bilera, Lekeition (Bizkaia). 47. aldia da aurtengoa, eta hogei film laburrek hartuko dute parte Sail Ofizialean. Itziar Ituño aktoreari emango diote Euskal Begirada saria.

'Betiko gaua' Eneko Sagardoiren film laburraren fotograma bat. EUSKAL ZINE BILERA
'Betiko gaua' Eneko Sagardoiren film laburraren fotograma bat. EUSKAL ZINE BILERA
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko urriaren 16a
05:10
Entzun

Duela ia 50 urte, «gabezia batetik» tiraka sortu zuten gazte batzuek Lekeitioko (Bizkaia) Euskal Zine Bilera. Euskarazko ikus-entzunezkoei lekua egitea zen asmoa, eta gaur egun ere gabezia hori betetzen jarraitzen dutela aitortu du Xabier Arratek, Euskal Zine Bilerako koordinatzaileak. Aurtengo aldia gaur hasiko da —47.a da—, eta datorren astelehenean amaituko da, hilaren 21ean. Film laburren lehiaketaz gain, bestelako proiekzioak, hitzaldiak eta lantegiak antolatu dituzte, bai eta bertso saio bat ere.

Arrateren esanetan, jaialdiaren sortzaileek «begirada gazte bat izanez» sortu zuten Euskal Zine Bilera, eta gaztetasun eta «irrika» horri jarraituz antolatu dute aurtengo aldia ere. «Leku berezia egin nahi izan diogu sortzaile gazteak erakartzeari eta hezteari. Zinemagintzan lehenengo pausoak emateko aukerak eskaini nahi dizkiegu».

Hogei film laburrek hartuko dute parte jaialdiko Sail Ofizialean: Amets hegalariak (Arrate Fernandez), Ahozko tradizioa (Eneko Muruzabal), Agur, Maria (Jone Aranberria), Plazer bat (Sonia Estevez), Larramendi (Daniel Nespereira), Puzzleak, bortxaketaren jauregia (Kote Camacho), Komando marmitako (Ane Nafarrete eta Uxue Botas), Phantasia (Jorge Moneo), Oinez (Leire Egaña), Erro (Amaia Lejarreta), Urak eginen du bide (June Agirre, Alex Altuna eta Oier Markotegi), Dena asmatuta dago (Jone Arriola), Akatuko haut (Xabi Tolosa), Hor konpon (Jone Arriola), Prosopagnosia (Ekain Martinez), Alas/tierra (Maddi Barber), Ximinoa (Itziar Leemans), Utländsk (Alba Lozano), Hotz (Lander Castro) eta Betiko gaua (Eneko Sagardoi). Urriaren 17,18 eta 19an proiektatuko dituzte, Ikusgarri zineman.

(ID_17289792733505) Dena asmatuta dago
'Dena asmatuta dago', Jone Arriolaren film laburraren fotograma bat. EUSKAL ZINE BILERA

Film horiek film onenaren saria, zuzendaritza onenaren saria eta gidoi onenaren saria erdietsi ahal izango dituzte, besteak beste. Gainera, 2000. urtetik aurrera jaiotako parte hartzaileak hautagai dira Benito Ansola saria eskuratzeko ere. Ainara Elgoibarrek, Martxelo Rubiok eta Nerea Ibarzabalek egingo dituzte epaile lanak sari horietarako guztietarako. Ikusleek euren lan gustukoenari botoa emateko aukera izango dute, eta boto gehien lortzen duenak EITB Ikusleen Saria jasoko du.

Lehiaketako hogei lanen artean «denetik» dagoela azaldu du jaialdiaren koordinatzaileak. Euskal Herriko leku askotatik jaso dituzte filmak, eta «panorama eta maila txukuna» lortu dutela iruditu zaio: «Aurtengo lanak nolakoak diren ikusita, oso pozik gaude».

«Ekarpen berezia»

Euskal Zine Bilerako antolatzaileek urtero omentzen dituzte euskarazko ikus-entzunezkoen munduan «aipatzeko moduko» ekarpena egiten duten pertsona, eragile edo bestelakoak, Euskal Zinemaren Begirada saria emanez. Aurtengoan, Itziar Ituño saritzea erabaki dute. Arrate: «Euskaraz egindako zinema lehenetsi du beti, eta nahiz eta nazioarteko figura bat izan, beti izan du euskara lehenesteko jarrera militante eta naturala». Gehitu du oso argi izan dutela nor aukeratu.

Larunbatean emango diote garaikurra Ituñori, 19:30ean, Ikusgarri zinema aretoan. Orduan egingo dute Sail Ofizialeko sariak banatzeko ekitaldia ere; Ana Goitiak eta Jon Garatek aurkeztuko dute.

Lehiaketako proiekzioez gain, bi proiekzio berezi prestatu dituzte. Lehenengoan, Naia Lakaren Zortzitik infinitura dokumentala emango dute. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Lakak proiektua, Zinemira sailean. Igandean emango dute, 17:30ean. Eta, gero, solasaldia egingo dute egilearekin. Aldiz, bigarren proiekzioak jaialdia itxiko du, astelehenean: zehazki, Lillah Hallaren Levante filma proiektatuko dute, 19:00etan. Duela urte batzuetatik hona, Euskal Zine Bilera elkarlanean aritzen da Bilboko Zinegoak jaialdiarekin, eta bertako antolatzaileek eta Lekeitioko mugimendu feministak prestatutako saioa da Hallarena.

Euskaraz kontatzeko bideak

Euskal Zine Bileraren helburuetako bat da euskaraz sortzeko aukera badagoela erakustea, batez ere gazteei. «Euskaraz ikus-entzunezkoak egin daitezke, eta kontsumitu daitezke, beste edozein produktu bezala», esan du Arratek. Hori dela eta, erantsi du jaialdian biltzen diren elementu guztiak «elikatu» behar direla: bai sortzaileak eta bai ikusleak.

Horregatik, hainbat jarduera antolatu dituzte, ikusle gazteenak zinemaren mundura erakartzeko. Horietako bat da Harrobia, Euskaltzaleen Topagunearekin batera antolatutako proiektua; aurten lehen aldiz egin dute. Lekeitioko ikastetxeetako ikasleen ikus-entzunezko alfabetatzean eragitea du helburu, eta urte osoan lanketak egiten dituzte.

«Euskarazko zinema urtez urte geroz eta normalizatuago eta ahalik eta hedatuen egon dadin lan egitea da gure helburua»

XABIER ARRATEEuskal Zine Bilerako koordinatzailea

Bestalde, Klixka tailerrak egin dituzte herriko DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Peru Galbetek eta Beatriz Sanchezek ikus-entzunezkoekin esperimentatzeko eta lanean aritzeko aukera ematen diete tailerretako parte hartzaileei. Ostiral eta igandean ikusi ahal izango dira tailer horien emaitzak, kultur etxean.

Era berean, herritarrek, bai gazteek eta bai helduek, ikus-entzunezkoen sektorean lanean ari diren profesionalen esperientzia ezagutzeko aukera izango dute, Zinegilea ezagutu solasaldian. Larunbatean izango da, 17:00etan, kultur etxean. Ander Barinagak —Galapan ekoiztetxea— eta Sara Blancok —Al borde Films ekoiztetxea—, ekoizle gazte diren eran, euren bizipen eta erronkak kontatuko dituzte, errealitate hori ezagutzera emateko asmoz. Mikele Landak gidatuko du saioa.

Bertsoak lagun

Zinema izango da nagusi datorren egunetan Lekeition, baina antolatzaileak ahalegintzen dira urtero diziplina hori beste batzuekin uztartzen. Oraingoan, bertsolaritza aukeratu dute. Bertso-zine gaua prestatu dute: zinema ardatz izango duen bertso saioa. «Zinemak istorioak kontatzeko duen gaitasunari tiraka, ikusten genuen loturak zituela bertsolaritzarekin», argudiatu du koordinatzaileak. Xabat Galletebeitia, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza arituko dira bertsotan, eta Ainhoa Urienek jarriko ditu gaiak. Ostiralean izango da saioa, 21:00etan, Sociedad Recreativa elkartean.

47 urtez egin izana ez da marka makala. Arratek oroitu du Euskal Zine Bilera «asko» aldatu dela urteotan, baina nabarmendu du oraindik ere baduela egitekoa. «Konpetentziak urtez urte geroz eta konplikatuagoak dira, eta beharrezkoa da gurea bezalako arnasguneak mantentzea. Euskarazko zinema urtez urte geroz eta normalizatuago eta ahalik eta hedatuen egon dadin lan egitea da gure helburua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.